UVF Ulster Volunteer Force talde paramilitarreko ekintzaile izateak espetxera eraman zuen Martin Snoddon 1970eko hamarkadan. Egun, gizarteratzea eta bake kultura berria sustatzen duen Northern Spring erakundea gidatzen du.
Preso politikoak zeuzkaten bake prozesu anitzetan egin duzu lan. Ba al da irakaspen orokorrik?
Preso politikoen auzian kontuan izan beharreko aspektu nagusietako bat da lidergoa. Funtsezkoa da buruzagitza batek babes egiturak erabaki ahal izatea, baita beharrizanak identifikatzea ere, eta prozesuan sartutako pertsona kopurua argitzea.
Nola aplika daiteke hori Euskal Herriko bake prozesuan?
Uste dut Ipar Irlandako bake prozesuarekin antzekotasunak dituela, preso politiko batzuk jada askatu egin dituztelako, horri buruzko adostasunik lortu aurretik. Ipar Irlandan 29.000 presotik gora askatu zituzten Ostiral Santuko Hitzarmenaren aurretik; 500 baino ez zituzten askatu akordioko baldintzen arabera. Hortaz, espetxetik ateratakoen aldeko sostengu gero eta handiagoa egon zen.
Nolakoa da espetxetik ateratzeko eta bizitzara itzultzeko prozesua?
Ez da prozesu erraza, oztopoz beteta dago. Preso ohiek bazterketa handia jasan dute, iritzi berekoak ez direnen aldetik, baita gobernuen edo gatazkan zauritutakoen aldetik ere. Oso zaila da, baina prozesu hori egin egin behar da: iraganak utzitakoari aurre egiten ez badiogu, iragan hori berriz gertatzeko arriskua egongo da. Preso politiko ohiek ondo egin dezakete hurrengo belaunaldiei etorkizun hobe baterako itxaropena eta desioak helarazteko lana. Ipar Irlandan preso ohiek sinesgarritasuna dute, errespetua; estatus horren ondorioz, pauso zailak emateko gai dira, eta, hala, etsai ohiekiko zein estatuko indarrekiko konpromisoak lor ditzakete. Presoentzako enpleguak bilatu izan dituzte, eta gatazkaren ondorio psikologikoak —trauma osteko estresa, alkoholarekiko mendekotasuna, bazterketa— jorratu dituzte. Ipar Irlandan asko dago egiteko, baina laguntza egitura sendoak dauzkagu, diskriminazio guztien aurka egiteko, baita presoen senideak babesteko ere.
Nork gidatu behar du prozesu hori?
1991n Propp preso politikoen askapen progresiborako taldeak gidatu zuen presoen gizarteratze programaren negoziazioa. Ni neu han egon nintzen, eta konturatu nintzen beharrezkoa zela ikerketa aldi bat, zenbakiak, beharrizanak eta baliabideak identifikatzeko. Hori elkarlanetik baino ezin da egin, eta gizarte zibilean bilatu genuen elkarlan hura: gizarte justiziarekiko konpromisoa duten taldeek babestu gintuzten, eta Europako Batasunak ere laguntza ekonomikoa eman zigun. Eta orain esan dezaket Irlandan etekin handia atera diogula preso politiko ohien gizarteratzeari. Izatez, preso politiko izandako gobernukideak dauzkagu; baina paradoxikoki, preso ohi batentzat oso zaila da, oraindik ere, haur bat adoptatzea. Horregatik diot asko dagoela egiteko. 30.000 preso politiko ohi ditugu, eta horiei gehitu behar zaizkie indarkeria erabili arren inoiz epaitu gabekoak. Zer egingo dugu haiekin, ahaztu, isolatu? Oso arriskutsua da, haiek babesten ez baditugu, legez kanpoko jardueretan bila dezaketelako sostengua.
Bake kultura berria landu duzu. Zein oinarri ditu?
Indarkeria kulturatik bake kulturara gertatzen den trantsizioa egin daiteke, jendearen sinesteak eta nortasunak egokitzen direnean. Identitate berriak lehenagoko balioak barneratu beharko ditu, hau da, aspirazio politikoei eutsi ahal izango die, baina helburuak lortzeko indarkeriaren erabilera kenduko die. Eraldaketa une hori da trantsizioa: ez da amaituko indarkeriak aukera bat izateari uzten dion arte.
Bake kultura berria eraiki daiteke presoak kontuan hartu gabe?
Gatazka batzuetan hori gertatu da, gizarteratzeko sostengurik ez dutela izan presoek. Eta jarduera kriminaletara jo dute. Preso ohiak bakartzen badituzu, prezioa ordainduko duzu, etorkizunean beste gatazka baterako hazia ereingo duzulako. Ipar Irlandan, prozesu horren bilakaerak itxaropena eman digu: aspirazio politiko polarizatuak dauzkagun arren, jendea gai da elkartzeko, eztabaidatzeko, ados ez egoteko, hainbat adostasun lortzeko... eta aurrera egiteko, indarkeriarik gabe. Eta horren parte izan dira preso politiko ohiak, beren komunitateak haiekin eraman dituztelako, eta horrek komunitateen konpromisoa ekarri duelako. Bai negoziazioetan, bai bake prozesuan, preso politikoak liderrak izan dira: bakea hausten hasi, eta bakea egitea eta bakeari eustea lortu dute.
Euskal Herrian, presoen auzian eta bake prozesuan aurrera egin daiteke Espainiako eta Frantziako gobernuen parte hartzerik gabe?
Bai. Gizarte zibilak ardura handia du: agenda hori bultzatzea lagungarri izango da, gobernuek erabakiak har ditzaten. Frantziako eta Espainiako gobernuek ere aitortu behar dute bake prozesua denentzako ona dela. Prozesuak hainbat urtean iraun dezake, agian ez da inoiz amaituko, baina konpromisoak eskatzen ditu. Talde batekin ados ez bazaude, ezin duzu baztertu; nola egon daiteke gobernu bat goi mailako posizio moral batean, biztanleriaren ehuneko handibat baztertzen badu?
Martin Snoddon. Northern Spring erakundeko zuzendaria
«Presoen gizarteratzeari etekina atera diogu Irlandan»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu