«Nahiago nuke zerga erreforma alderdien artean negoziatzea»

Edurne Begiristain.
Gasteiz
2013ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Kezkatuta dago lehendakaria PSE-EEren gobernuak egoera ekonomikoaren bilakaeraz egindako iragarpenarekin: «Ez dator bat gure aurreikuspenekin».

Aurten diru gutxiago izango du Jaurlaritzak. Nondik murriztuko duzue?

Jaurlaritza bera eredugarri izaten hasi da, eta inoiz izan den gobernu talde txikiena egin dugu:murriztu egin ditugu goi kargudunak, administrazio orokorraren menpe dauden egiturak mehetuko ditugu, sozietate publikoak, fundazioak eta erakunde autonomoak berrikusiko ditugu, eta gure asmoa da kopuru hori %25 murriztea lau urtean. Aurrekontuetara joz, eta jakinda aurtengo urterako 1.400 milioi gutxiago izango dugula diru sarreretan, gastuak egokitu beharko ditugu. Zertan ez dugun murriztuko? Oinarrizko zerbitzuetan, gizarte politika publikoetan eta segurtasunean. Lehen normaltzat jotzen ziren gastu batzuk orainbide bazterrean utzi beharko ditugu. Halaber, pentsatu beharko dugu azpiegitura fisikoetan beharbada ezin izango dugula ezer egin.

Aurrekontuak prestatzeko aurreko likidazioa behar duzuela ziurtatu du Erkorekak, baina datu hori jakin gabe egiten da urtero aurrekontua. Zergatik da orain egoera ezberdina?

Ez da bakarrik likidazioarenkontua. Horrekin batera, aurreko gobernuak ez zituen egin aurrekontuen irizpide ekonomikoak, eta horrek guztiak badu eragina aurrekontuak prestatzeko orduan. Hala eta guztiz ere, muga gastuhoriekin, guk planteatuko dugu aurrekontu egitasmo bat ahalik eta epe laburrenean. Aurreko gobernuak zazpi hilabete eman zituen lehenengo aurrekontu egitasmoa proposatzeko, eta gehiengo osoa duten beste gobernu batzuk ere guk emango dugun denbora baino gehiago erabili dute. Martxoaren 12a jarri dut muga, eta, posible banu, lehenago aurkeztuko nuke. Nahiko nuke otsailaren 8rako irizpide tekniko eta ekonomikoak finkatzea, eta gero negoziatzen hastea .

Egoera PSE-EEk esaten zuen baino dezente txarragoa dela adierazi duzu. Zertan da okerragoa?

Jakiten ari gara orain arte ez genekiena. Aurreko gobernuak egin zituen aurreikuspenak ez datoz bat guk egindakoekin. Ekonomiaren jaitsiera, gure ustez, aurreko gobernuak egindako aurreikuspena baino gogorragoa izango da: BPGaren beherakada %0,8 izango zela aurreikusi zuten, baina guk uste dugu gutxienez %1,1 izango dela. Langabeziak gora egingo du: PSE-EEk zioen 15.000 lanpostutan izango zela langabeziaren hazkundea; gure aurreikuspenek diote 19.000ra irits daitekeela.

Aurreko gobernuari gehiegi zorpetzea egotzi zion EAJk, baina zure gobernuak hartu duen lehen erabakietako bat horixe bera izan da, 220 milioi eurotan zorpetzea. Zergatik?

Zorpetzeko erabakia aurreko gobernuakhartutakoa zen. Legez ezarrita dago 2013rako defizita %0,7 izatea; hori EAEn 480 milioi euro da. Eta guk planteatzen dugu zorpetzea 220 milioitan. Aurreko gobernua kritikatu dugu zorpetze kopuruagatik, hamar aldiz handitu zuelako jaso zuena,eta hori erabili zuelako gastu korronterako. Guk 220 milioiak inbertsiorako erabiliko ditugu, ez gastu korronterako. Hala ere, espero dut Jaurlaritzaren zorra, handitzekotan, gehienez halako bi izatea legealdi osoan.

Zorpetze hori, eta funtzionarioei aparteko soldatarik ez ordaintzea, aurrekontuetan iragarri duzuen 1.400 milioi euroko zulo hori arintzeko erabiliko duzue?

Ez. Printzipioz funtzionarioei ordaindu beharrekoa ez da zorpetze horretatik etorriko, aurrekontu arruntetik baizik. 220 milioi horiek inbertsioetarako erabiliko ditugu.

Administrazio publikoa %20 eta sektore publikoko enpresak %25 gutxitzeko helburua ezarri duzue. Zenbat diru aurreztuko den kalkulatu duzue?

Ez, oraindik ez. Urtez urte ikusiko da zenbat aurreztuko den.

Esan duzue murrizketa horrek ez duela enplegua gutxituko. Funtzionarioak ez dira murriztuko, baina behin-behineko langileekin dauden lanpostuak amortizatuko dira?

Daudenei ez die murrizketak eragingo. Beste kontu bat izango da kontratu berriak egiterakoan. Baina gure helburua da dagoen enplegu publikoari eustea.

Funtzionarioek ez zuten kobratu Gabonetako ordainsaria. Espainiako Gobernuak 2015. urtetik aurrera itzultzeko aukera aipatu du, baina pentsio planetara zuzenduta. Bide hori ontzat jotzen du gobernuak?

Ez, gu kontra gaude. Langile publikoek bi urte daramatzate soldata izoztuta, eta sufritzen ari dira Espainiako Gobernua pentsio funtsetarako jartzen ari zaizkien oztopoak. Horren aurka egon naiz EAJko kide gisa, eta baita lehendakari gisa ere. Baina Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak bete egin behar dira. Arazoa da 2015 arte langile publikoaren bizi-kalitatean nola eragiten duten halako erabakiek.

Zerga politikari buruzko eztabaida Eusko Legebiltzarrera eramateko prest egongo zinateke?

Ez naiz sekula egon zerga erreforma baten aurka, baina ezinbestekoa da zorrotz eta sakon egitea, eta eztabaida dagokien erakundeetan egin behar da. Aurretik, alderdi politikoen artean negoziatu beharko da. Legebiltzarrak bere eskumenak ditu, bainazerga sisteman Batzar Nagusiek dituzte eskumenak. Horregatik, nahiago nuke alderdi politikoen arteko negoziaketa bat izatea. Baina lehendakari gisa baldin badagokit legebiltzarrean halako eztabaida bat bideratzea, ez dut eragozpenik jarriko.

Enplegu plan bat agindu duzue, lanpostuak sortzeko. Hori lortzeko, beharrezkoa ikusten duzu Lanbideren ereduan erreforma sakon bat egitea?

Bai, eta horrela planteatu dugu. Orain arte Lanbide nola kudeatu den salatu dugu jendaurrean. Hori horrela, Enplegu eta Gizarte politiketako sailburua gizarte eragileekin batzartzen hasi da, Lanbideren eredua nola alda daitekeen hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.