Europar Kontseiluko presidente jaun agurgarria; Europako Batzordeko presidente jaun agurgarria; Europako Parlamentuko presidente jaun agurgarria:
Gutun hau idazten dizuegu Bakearen Nobel saria Europako Batasunari eman berri diotela eta. Herritar euskaldun eta europar garen aldetik, asko poztu gaitu berri horrek, eta zorionak eman nahi dizkizuegu, EBko buru zaretenez gero.
Jakina, herritar eta erakunde bakoitzak bere ikuspegia du Europako Batasunak bere mendeko arlo askotarikoetan ezartzen dituen politika jakinen inguruan; hori esanik, ukaezina da Europako Proiektu Komunak, joera sendo bati eutsita, bakea sustatu duela, baita eskubide zibil eta giza eskubideak ere.
Europako leku honetan—Euskal Herrian—, Batasuneko azken gatazka politikoa ez da bukatu oraindik. Dena dela, duela gutxi izan diren aurrerapen batzuek itxaropena berritu digute posible dela normalizazioa eta bakea lortzea, eta zuek honako hau jakitea nahi genuke:
Lehenik.- Euskal Herria izeneko Europako toki honetan dugun gatazkaren arrazoiak politikoak dira, eta Herri gisa ditugun eskubide nazionalen ukazioa dago horien oinarri-oinarrian. Gatazka politiko horren alderdi bat dozenaka urte iraun duen liskar indarkeriazko bat izan da. Azken 50 urteetan, indarkeriazko ekintza ugari izan dira bi estatuetan (Frantzia, Espainia), eta, horren ondorioz, 1.400 pertsona baino gehiago hil, milaka zauritu eta hainbat desagertu dira; horrez gain, 10.000 pertsona inguru torturatu dituzte, eta dozenaka mila atxilotu. Hain zuzen, atxilotu horietatik, gaur egun 800 inguru daude espetxean, eta gehienak beren jaioterritik ehunka edo milaka kilometrora ari dira betetzen zigorra. Hala ere, azken urteetan hainbat pauso eman dira gatazka hau liskarraren alditik konponbidearenera eramateko.
Bigarrenik.- Orain dela urtebete, Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zen, eta bost puntu adostu ziren bertan. Lehenengo Puntuan, Konferentziak ETAri eskatu zion jendaurrean adierazteko ekintza armatua behin betiko bukatuko zuela. Bigarrenean, Espainiako eta Frantziako gobernuei galdegin zien adierazpen hori onartzea, halakorik bazen, eta adostea gatazka armatuaren ondorioei buruzko elkarrizketetan parte hartzea. Nazioarteko Behatzaile horien eskaerari erantzun egin zien ETAk, eta iragarri zuen gatazka armatua behin betiko amaituko zuela. Espainiako eta Frantziako gobernuek, ordea, gatazkaren ondorioen inguruko elkarrizketarik hasi ez, eta, gainera, zentzu onaren eta nazioartean gatazkak konpontzeko erabiltzen diren arauen kontra jardun dute, eutsi egin baitiete atxiloketei, torturari eta polizia basakeriari, baita salbuespen neurriak eta legeak erabili ere, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako ebazpen sorta sendoari muzin eginda. Hortaz, alferrik galdu dute salbuespenezko justizia eta errepresioa baztertzeko aukera, eta, horrekin batera, baita bakerantz eta konponbiderantz aurrera egitekoa ere.
Hirugarrenik.- Euskal herritar gehien-gehienak ados daude badela garaia era baketsuan konpontzeko gatazka hau, zeinak horrenbeste sufrimendu eragin duen. Europako Batasuna baketze prozesuen buru denez gero —horren lekuko dira Bakearen Nobel saria jaso izana eta era aktiboan parte hartu izana bere lurraldearen barruko eta kanpoko gatazkak konpontzeko—, eta euskal gatazka Europako gatazka bat denez gero—batetik, Europako herritarrei eragin dielako, eta, bestetik, EBko bi estatu kidetan gertatu delako—, guk, Gernikako Akordioaren sinatzaileok, honako hau eskatu nahi genizueke:
1. Europako Batasunak eska diezaiela Frantzia eta Espainia Estatu Kideei euskal gatazkaren ondorioei heltzeko; hain zuzen, gatazkak konpontzeko nazioarteak jarritako arauak aplikatuta.
2. Hala egingo ez balute, Europako Batasunak gida dezala bake prozesuaren fase hori, hots, gatazka konpontzekoa, bertan inplikatutako alderdi gisa.
3. Batasunak Estatuei eska diezaiela konpromisoa hartzeko giza eskubideak errespetatu, salbuespen legedia erabiltzeari utzi eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren ebazpenak onartu eta ezartzeko.
Zuen erantzunaren zain, mila esker aldez aurretik.
Adeitasunez, Gernikako Akordioaren sinatzaile diren erakunde politiko, sindikal eta sozialak.
Gernikako Akordioaren sinatzaileek Europako Batasuneko agintariei idatzitako gutuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu