Eibarko Armeria Eskola sortu zenean, 1912an, lanbide heziketako zentrorik garrantzitsuenetako bat izan zen. Urteek, nolanahi ere, ez diote kalterik egin, orain ere eredu baita. Eibarko Armeria Eskolak 100 urte beteko ditu hurrengo urtean, eta mendeurrenaren harira hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
XX. mendearen lehen urteetan hasi zen eskolaren ideia gorpuzten. Orduan, Eibar zen Euskal Herrian armagintzaren industrian erreferente, baina ez zegoen armak egiten ikasteko eskolarik. Ofizioaren teknikak lanean menperatzen ziren, eguneroko jardunean. Hasiberriek hiru urte pasatzen zituzten lantegietan kobratu gabe lanean. Lanbide heziketako eskola baten premia gero eta nabarmenagoa zen.
1910ean, arma ekoizle batzuk Madrilera joan ziren, Fermin Calbeton ministroarengana, Armeria Eskola fundaziorako diru laguntza eske. Europako hainbat ikastetxetara egindako bisitek erabaki zuten, baina, etorkizuneko Armeria Eskolaren nortasuna. Bartzelonan, Berlinen eta Birminghamen egon ondoren, Belgikan Liejako Ecole d'Armerie ezagutu zuten, eta huraxe hartu zuten eredutzat. Behin dirua lortuta, 1912an Eskolako Batzorde Administratiboa eratu zuten, eta martxan jarri zen proiektua. Gipuzkoako Diputazioak 3.500 euroko diru laguntza eman zien, eta Espainiako Senatuak, 12.000 eurokoa.
Hasieran, armagintzaren inguruko ikasketekin abiatu zen, baina sektore horrek 1920ko hamarkadan izandako krisiak irakaskuntza eskaintza beste arlo batzuetara bideratzea eragin zuen. Joxe Mari Ulazia ikasle ohien elkarteko lehendakariak azaldu du ikasketen bilakaera: «Armagintzaren ondoren mekanika eta elektrizitatea jarri ziren, eta denborarekin elektronika, kalitatea, mikromekanika eta automatika eskaini dituzte». Ez dago zehazki jakiterik eskolatik zenbat lagun pasatu diren, 12.000 ikasle baino gehiago direla kalkulatzen dute gutxi gorabehera.
«Armeria Eskola ezberdina izan da, eta orain ere ezberdina da, ikasketa plan bereziak izan baititu, eta hemen bakarrik zeuden espezialitateak eskaini ditu», dio Jose Luis Novoa gaur egungo zuzendariak. Lan munduarekin duen harreman zuzena ere nabarmendu du Novoak: «Eskualdeko enpresekin lotura estua du. Enpresetako berrikuntza proiektuetan parte hartzen dute gure ikasleek, eta, horrela, eskolatik irten aurretik ikasleak enpresan integratuta daude jada».
Esaterako, garai batean espazioan zebilen satelite batek eskolan egindako titaniozko piezak zituela gogorarazi du Novoak. «Inguruko enpresetan ez zegoen material horrekin lan egiteko nahiko gaitasunik, eta eskolak erantzun zion behar horri».
Hezkuntza programaz gain, ordea, eskolak zabaldu dituen balioei ematen diete garrantzia, bai zuzendariak eta baita ikasle ohien elkarteko lehendakariak ere. «Ondo egindako lanaren garrantzia barneratu nuen, eta hitza ematean bete egin behar dela ikasi nuen eskolan», nabarmendu du Ulaziak. Horretaz gain, ehun urte hauetan eskolatik irtendako ikasle ugari denborarekin enpresariak bilakatu direla azaldu dute biek, ekintzaileak izan baitira asko. «Ikasle ohiek guztira 300 enpresa baino gehiago sortu dituzte. Gamesa eta Panda Software enpresa ospetsuak, esaterako, hemen ikasitakoek sortu dituzte. Eskualdean ere enpresa ugari daude, Rodisa, adibidez».
Armeria Eskolak eraikinetik at ere egin du lan. Tekniker ikerketa zentroa 1980an sortu zen, ikasle ohien elkartearen eta eskolaren ekimenarekin. Eskualdeko enpresarien laguntza ere izan zuten. «Tekniker eskolan bertan jaio zen, eskolako instalazioekin, eta hemen lanean zebiltzan pertsonek hartu zuten parte sorreran», azaldu du Jose Luis Novoa zuzendariak. Gaur egun fundazioa da Tekniker. Eibarko armagintzaren museoaren sorreran ere izan zuen eraginik eskolak. 2007an sortu zen museoa, eskolan zituzten 500 arma gordetzeko helburuarekin. Gaur egun, jada, 1.000 armako bilduma dute.
Aitor Arakistainek ere ez du ezer txarrik esateko eskolaren inguruan. Mikromekanika ikasketak egin zituen Arakistainek bertan. Gaur egun enpresaria da, Burniker enpresan, eta denbora librean pilotu izatea gustatzen zaio. Paris Dakar lasterketa egindakoa da. «Oso oroitzapen ederrak dauzkat. Konpromiso handia zegoen eskolan bai irakasleen eta bai zuzendaritzaren aldetik. Bazeuden ordutegitik kanpo lan egiten zuten irakasleak ere. Ostiral batean, esaterako, 17:30ean amaitu behar izaten zituzten eskolak, eta 19:00 arte hantxe egoten ginen eskola ematen».
Eskolatik prestakuntza onarekin ateratzen zirela dio. «Metalaren mundua, niri asko gustatzen zitzaidan mundu bat deskubritu nuen, eta etorkizunerako bide argi bat erakutsi zidan. Esan dezaket eskolan ikusi eta ikasitakoak eragin handia izan duela ondorengo nire bizitzan». Arakistain, beste pertsona batzuekin batera, eskolaren enbaxadore izendatu dute aurten, mendeurrenean eskolako ordezkari izateko.
Hurrengo urtea behar bezala ospatzeko ekitaldi andana antolatu dituzte. Mendeurreneko irudiarekin osatutako zigilua argitaratuko dute, eta lanbide heziketaren inguruko nazioarteko bilkura antolatzeko asmoa dute, baita ere, Kursaalean. Horretaz gain, historia jasotzen duen liburua eta DVDa ere kaleratuko dituzte. Gainera, 8.000 dokumentu inguru artxibatu dituzte dagoeneko. Eibar, Birmingham eta Lieja futbol taldeen arteko norgehiagokaz gozatzeko parada ere izango dute futbolzaleek.
Etorkizunari baikor begiratzen diote guztiek. «Energia berriztagarrietan jarri nahi ditugu indarrak».
Ezarian. Armeria Eskola
Herriko beharrei erantzuteko eskola
Eibarko Armeria Eskolak ehun urte beteko ditu hurrengo urtean, eta ekitaldi andana antolatu dituzte hori dela eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu