'Konponbide haizea dabil' agiria

Trantsiziozko justizia, egia eta akordioa

Maribi Ugarteburu, agiria aurkezten. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak Konponbide haizea dabil agiria aurkeztu zuen igandean Donostian. Hona hemen testuaren pasarte batzuk:

Trantsiziozko justizia. Beste gatazketan gertatu ohi den bezala, bakea ekarriko duen prozesu demokratikoa garatzen lagunduko duten neurri politiko eta juridikoak ezartzen dituen trantsiziozko justizia beharko dugu. (...)Azken batean, trantsiziozko justizia beharrezkoa da honakoarentzat:

2.1.- Indarkeria mota guztiak desagertzea

ETAk amaitutzat jo du bere jarduera armatua. Erabaki horrek, ordea, ez du berarekin ekarri indarkeria guztien amaiera.

(...)Salbuespen politika guztiek amaitu egin behar dute eta euskal jendartearen eskubide zibil eta politikoak bermatu behar dira. Eskubide horien artean premiazkoa ikusten dugu Sorturen legalizazioa.

2.2.- Gatazkaren ondorioei erantzutea

Gure herria desmilitarizatzea behar beharrezkoa da. Halaber, Euskal Herriaren desmilitarizazioari ekin beharko zaio. Errepresio eta gerra estrategiari amaiera eman ondoren, armen errepresioak eta salbuespen legeek egungo markotik desagertu egin behar dute. ETAk bere egitura militarrak desegin beharko ditu eta armak erabileratik kanpo utzi. Estatuek, berriz, gatazkan erabiltzen zituzten baliabide armatu eta errepresiboak utzi eta desegin beharko dituzte. Gatazkan zehar eta gatazkarako baliatutako salbuespen legediak desagertu egin beharko du. Euskal preso eta errefuxiatu guztiak etxera itzultzea ere ezinbestekoa da, eta hainbeste denboran kanpoan izan ondoren, eguneroko bizimodura egokitu ahal izateko beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira.

2.3.- Adiskidetzea sustatzea

Bakean eta justizian bizi izango den Euskal Herria nahi badugu, samin guztiari erantzun eta aterabiderik eman beharko diogu.

(...) Ezker Abertzaleak indarkeria adierazpen anitzek Euskal Herrian eragindako mina eta sufrimendua onartzen du, bai ETAren jarduera armatuak eragindakoa, antziarren errepresio politikak eta gerra zikinak eragindakoa ere.

Bere adierazpen edo jarreren bitartez, zenbaitetan ETAren jarduerek eragindako minarekiko sentikortasunik eza irudika zezakeela onartzen du Ezker Abertzaleak. Hori dela eta, bere jarrera politikoarekin nahi gabe gehitu duen mina sentitzen du. Eta onartzen dugu, gatazkaren gordintasunean, Ezker Abertzaleari alde bateko biktimekiko erakutsitako sentsibilizazio maila falta izan zaiola beste aldeko biktimekiko.

Itzulingururik gabe onartzen dugu eta espero dugu adierazpen hau erakutsi dugun zintzotasun izpiritu berarekin onartua izan dadin.

Beraz, Ezker Abertzaleak bere atsekabe zintzoa adierazi nahi du ETAren jarduera armatuaren ondorio mingarrien eta izan dugun jarrera politikoaren aurrean, gure asmoa hori ez bazen ere, jarrera horrek mina areagotzea suposatu badu edo norbait irainduta sentitu bada.

2.4.- Egiaren Batzordea, gertatutakoa ezagutzeko tresna

Ezker Abertzaleak uste du gure Herrian benetan gertatutakoa ezagutzeko Egiaren Batzordea osatu beharko litzatekeela, izaera independentea eta nazioartekoa izango duen batzordea. Batzorde honek gatazkaren arrazoiak eta ondorioak —baita gatazkan gertatutako gehiegikeria guztiak ere aztertu beharko lituzke.

Politikoki inpartziala izan beharko luke, parte-hartze irekiarekin eta baztertzerik gabekoa. Helburua gertatutakoa onartzea izan beharko luke eta, ikasbide historikotik ikasiz, etorkizunean berriro gatazkarik ez errepikatzeko behar diren oinarriak finkatzea. Hala, benetako justizia eta biktima guztien mina konpontzea lortuko litzateke.

2.5.- Elkarrizketa eta akordio demokratikoa

Gertatutakoa ezagutzea bezain garrantzitsua da bermeak finkatzea berriro errepika ez dadin. Horretarako, gertatutakoa albo batera utzi eta ezinbestekoa da etorkizuneko bizikidetzaz hitz egitea. Bidezko eta benetako bake iraunkorra lortzeko beharrezkoa da euskal eragileek akordioak egitea eta agertoki demokratiko bat eraikitzeari ekitea. Estatu espainiar eta frantziarrak errespetatuko duten agertoki demokratikoa, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.