Analisia

Jokaleku arrotza

Pello Urzelai.
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Euskal esaera batek dio izena duena badela. Raxoik bere bertsioa dauka: aipatzen ez dena ez da existitzen. Hala jokatu du Raxoik euskal auziarekin. Ez aipatu, isildu, ea horrela berez desagertzen den. Kezkagarria izan da Espainiako gobernuburu izateko hautagaiaren isiltasuna. Urte askotako arazo bat, sufrimendu ugari eragin duena, beste parametro batzuetan kokatzen hasi da, eta Raxoik ez du aipatu ere egin inbestidurako hasierako hitzaldian. Kongresuan bertan hamaika eztabaidatan Raxoik berak lehen lerroan jarri ondoren, presidente bihurtzeko hitzaldian ezabatu egin du —biktimen aipamen labur eta orokorra kenduta—. Rubalcabak bai, aipatu du; ETA desagertu dela gogoratu du, baina «egiteko asko» gelditzen dela argi utzita. Raxoik entzungorrarena egin du, eta gaia aipatu gabe jarraitu du Rubalcabari erantzutean ere.

Isiltasun neurtu horrek arazo baten aurrean —baita euskal herritarren nahi eta kezken inguruan ere— iheskor jokatzeko estrategia bat erakusten du. Konponbideak bilatu beharrean, ukazioarekin jarraitzeko modu disimulatu bat.

Orain arteko irizpideak aldatuz eta baliogabetuz Amaiurri talde parlamentarioa ukatu izana jarrera itxi beraren seinale da.

Jokabide horrekin, baina, PPk eta Raxoik ez dute lortuko arazoa minimizatzea. Alderantziz baizik. Marrazten ari diren jokalekua gero eta arrotzago bihurtzen ari da euskaldunontzat. Espainia krisi sakonean dago, ekonomikoa eta identitarioa ere. Raxoiren eskaintza zentralizazioa indartzea eta euskal auzi politikoarentzako irtenbiderik eza bada, lubakia handitzea baino ez du lortuko. Era horretan, EAJri ez dio estatuko politikagintzan jokatzeko espaziorik utziko. Bistan da, legegintzaldi honetan euskal ordezkari abertzaleen jokamoldeak birmoldaketa sakona beharko duMadrilen. Aro berri honetan, ikuspegi independentista argi baten arabera diseinatu beharko da. Ezinbestez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.