Donostiako 59. Zinemaldia

'Los pasos dobles' Isaki Lacuestaren filmak irabazi du Urrezko Maskorra

'Adikos kosmos'-engatik, Filippos Tsitosek jaso du zuzendari onenaren saria, eta Antonis Kafetzopulosek aktore onenarenaGidoi onenaren sariarekin konformatu da Kore-eda, faboritoen artean zegoen arren

Amon Pegnere Dolo aktorea, Luisa Matienzo ekoizlea (Urrezko Maskorrarekin), Isaki Lacuesta zuzendaria eta Isa Campo gidoilaria, pozarren, Kursaaleko agertokian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Kiniela guztiak hankaz gora bota zituen epaimahaiak, beste behin ere. Urrezko Maskorra irabazteko faborito garbirik ez zegoen arren, Hirokazu Kore-edaren Kiseki, Terence Daviesen The Deep Blue Sea edota Enrique Urbizuren No habrá paz para los malvados filmak hautagaien artean aipatzen zituzten gehienek. Baina askotariko kritikak jaso dituen film batek jaso du aurtengo sari nagusia: Isaki Lacuestaren Los dobles pasos-entzat izan da Donostiako 59. Zinemaldiko Urrezko Maskorra. Hunkituta eta urduri jaso zuen zinemagileak saria. «Zinemako kritikari ohi bezala diot hau: bihar kritikak irakurtzen badituzue eta filma ulertezina dela esaten badute, ez sinetsi; izan konfiantza zuen inteligentzian, zuen sentsibilitatean, epaimahai zoragarri honengan. Mila esker!».

Malin filmatu du lana Lacuestak, Miquel Barcelo margolariaren laguntzarekin. Harengan haragitu du Francois Augieras pintorearen mitoa; bunker batean freskoak margotu eta hondarrak estaltzen utzi omen zuen hark, eta nolabait, bunkerraren bilaketa da lanaren ardatza. Pelikulan ikus daitekeen moduan, Malin igarle batzuk badirela azaldu zuen Lacuestak, arkume bat sakrifikatu ostean etorkizuna igartzen duten aztiak. «Bidaia hau nola bukatuko zen galdetu genien aztiei, eta esan ziguten: 'Gorriak ikusiko dituzue, baina ongi aterako da'. Hori esaten nien nik produktoreei».

Donostiako 59. Zinemaldia ixteko, sari banaketa gala egin zuten atzo iluntzean. Orduan jakinarazi zituzten sarituen izenak, eta noski, Urrezko Maskorrarena izan zen azkenetan azkena. Kursaaleko publikoaren aurrean, bestelako hitzaldietan korapilatu gabe, sarituaren izena esan zuen Frances McDormand epaimahaiburuak. Txalo artean igo zen oholtza gainera zinemagile kataluniarra, pelikulako hainbat kidek lagunduta. Barceloren ohar bat irakurri zuen, «pintoreak, itsasoaz haraindiko katalanak, agian zinemagileak mikrogutxiengo harroak» direla aldarrikatzen zuena. Sail ofizialeko beste zinemagileak asko miresten dituela esan zuen Lacuestak, ez duela haiekin lehiatzeko ideia buruan izan. «Guretzat luxu izugarria da Kore-eda, Ripstein, Urbizu, Zambrano edo Daviesen ondoan aritzea».

Baina askorentzat ezustean, aipatutako zuzendariek ez zuten sari potolorik eraman. Greziara joan ziren horietako bi: Filippos Tsitosentzat izan zen zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra, Adikos kosmos lanagatik, eta Antonis Kafetzopulosek jaso zuen aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, film berean eginiko lanagatik. Grezian zinema egitea zaila dagoela, eta saria «garai zail hauetan egiten jarraitzeko bultzada» dela esan zuen Tsitosek. «Dirurik jaso gabe parte hartu duten lagun eta lankideei» eskaini zien saria. Aktoreak zuzendariari eman zizkion eskerrak eta hori grekoz egingo zuela ohartarazi zuen. «Donostian ulertuko duzue hainbat gauza norbere hizkuntzan esan behar direla».

Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Maria Leon espainiarrak jaso zuen, oso hunkituta, Benito Zambranoren La voz dormida-n eginiko lanagatik. Sariak bi izen izan beharko lituzkeela aldarrikatu zuen, filmean bere ahizparena egin duen Inma Cuestaren lana goraipatuz. Bestalde, Julie Delpy frantziarraren Le Skylab filmari eman zion epaimahaiak Sari Berezia.

Fipresci saria Joao Canijori

Urrezko Maskorra irabazteko faboritoen artean zegoen Hirokazu Kore-eda, Kiseki lanagatik, baina gidoi onenaren sariarekin konformatu behar izan zuen. Japoniara itzultzean saria filmeko bi haur protagonistekin ospatuko duela esan zuen. Argazki hoberenaren saria, berriz, Ulf Brantasek lortu zuen, Happy End pelikulagatik. Horizontes Latinos sailean Pablo Giorgelli zinemagile argentinarraren Las acacias opera prima gailendu zen, eta bi pelikulak jaso zuten epaimahaiaren aipamen berezia: Gerardo Naranjo mexikarraren Miss Bala-k eta Julia Murat brasildarraren Historias que sò existem quamdo lembradas-ek.

Kutxa-Zuzendari Berriak saria pozarren, saltoka jaso zuen Jan Zabeil alemaniarrak, The River Used to Be a Man / Der fluss war einst ein mensch lanari esker. Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioaren Fipresci saria, berriz Portugalera joan zen. Joao Canijo zinemagilearen Sangue do meu sangue saritu zuen kritikak. Gazteriaren epaimahaiak, berriz, Dexter Fletcher zinemagile ingelesaren Wild Bill filmari eman zion Euskaltel Gazteriaren saria.

Publikoak The Artist filma saritu zuen bere botoekin. Michel Hazanaviciusek zuri-beltzean eginiko film mutua izan da ikusleen gogokoena, 9,078 punturekin. Gutxigatik gailendu zaio Nadine Labakiren Et maintenant on va où?-ri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.