Kukutza gaztetxea. Erreakzioak

Gaztetxea «sortze fabrika» izan dela nabarmendu dute ehundik gora kultur eragilek

Kukutzako kideekin eta Errekaldeko auzotarrekin hitz egiteko deia egin diote udalari

Lutxo Egia eta Arkaitz Estiballes, atzo. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Hamahiru urteko ibilbidean Kukutza gaztetxea «sortze fabrika» izan dela eta bere lana «Bilbo osoari» eman diola nabarmendu duteEuskal Herri osoko ehundik gora kultur sortzailek. «Guztioi eman digu, zehatzago esanda. Kukutzako programazioari, tailerrei eta taldeei begiratu txiki bat emango bagenie, aise ulertuko genuke zer oparitu digun. Gauza batzuk zenbatu genitzake; gehienak ezingo genituzke adierazi», agertu dute agiri baten bitartez.

Eraiste makinak Kukutzara joan baino lehen eginiko agerraldian, Lutxo Egia idazleak eta Arkaitz Estiballes bertsolariak gogoratu zuten Kukutza ez dela espazio pribatu bat. «Espazio publikoaren eremuan sartzen da. Espazio publikoan aritzera eta eragitera gonbidatzen zaitu. Kukutza sortzaileen arteko solasa da, akzioa. Etenik gabeko mugimendua». Horri lotuta, Kukutzan aritzen den jendea «sortzailea» dela azpimarratu dute kultur sortzaileek: «Kukutza, ezer bada, sortze fabrika da. Sorkuntzara bideratzen den amets biltegia». Egia eta Estiballesekin batera, beste hainbat kultur eragile batu ziren atzo Kukutzara: Mikel Martinez aktorea, Rafa Rueda eta Naroa Gaintza musikaria...

Udalaren ardura

Kultur eragileek Kukutzaren hustea Bilboko Udalaren ardura dela agertu dute. «Udal gobernuak ezin dezake erantzukizuna ezkutatu, eta are gutxiago ardurarik leporatu ez dagokionari». Sortzaileen iritziz, hiriko eta auzoko bizilagunak ordezkatzen ditu udal gobernuak. «Beraz, hamaikagarrenez Kukutzako lagunekin eta Errekaldeko auzokideekin berba egiteko eskatzen diogu».

Hain zuzen ere, Kukutzaren eredua babestu dute sortzaileek, eta horrek esan nahi du, haien iritziz, ez dutela alternatibarik nahi: «Kukutza da alternatiba eta balioa, balio erantsia nahi baduzue, gaur egun kultura munduan modan jarri zaigun termino hori».

Era berean, asteazkeneko operazioan Ertzaintzak azaldutako «jarrera oldarkor, bortitz eta neurriz kanpokoa» salatu dute. «Urteak ziren, urte asko, Bilbon ez genuela halakorik ikusten. Hori kanpoan. Barruan, bien bitartean, txikizioak egin zituzten han-hemen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.