Inprobisazioaren bat-batekotasuna, isiltasunaren hotsa, pentsamenduaren korapiloak, sorkuntzaren gazi-gozoak… horiek dira Asier Altunak bere azken pelikulan harrapatzen saiatu den gaietako batzuk. Berez, Bertsolari ez da jarduera horren inguruan egiten ahal zen ohiko dokumental bat, horrekin lotutako hainbat ertz pantaila handira ekarri nahi dituen pelikula iradokitzailea baizik.
2009ko Txapelketa Nagusia izan zen proiektuaren abiapuntua. Testuinguru horretan eta Andoni Egaña protagonista hartuta, bertsolaritzaren alderdi nagusiak jasoko zituen film bat egiteari ekin zion Altunak. Txapeldun bat txapelketaren zurrunbiloaren erdian. Baina filmaketa prozesuan gauzak dezente aldatu ziren, Egañak ez zuen txapelketa irabazi eta Maialen Lujanbiok hartu zuen haren lekukoa.
Hala ere, bertsolaritzaren inguruan zer konta bazela argi zuen Altunak. Hasierako ideia beste norabide batean jarri eta ikuspegi poliedrikoa ematen saiatu zen. Bertsolaritzaren dimentsio sozialarekin batera, sortze prozesuaren inguruko sentipenak, irudiak eta gogoetak bildu ditu pelikulak. Txikienetik, Urbiako bordan egiten den saio batetik, handienera, BECeko final jendetsura.
Bertsolariak, «aktore»
Pantailan aurpegi ezagunak agertuko zaizkigu «aktore» lanetan: Andoni Egañarekin batera, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza eta Amets Arzallus. Amildegi baten ertzean jarri ditu bertsolariak, edo hondartzatik itsaso zabalari begira, sorkuntza prozesuaren korapiloak irudikatzeko asmoz.
Elkarrekin, hainbat film labur egin ostean, 2005ean Telmo Esnalekin batera Aupa Etxebeste! arrakastatsua egin zuen Asier Altunak. Sei urte geroago, bakoitzak film bana zuzendu du, Altunak Bertsolari hau eta Esnalek Urte berri on, amona. Azken horren gidoian ere parte hartu du Altunak.
Bertsolari Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuten, lehiaketaz kanpo, eta oso harrera beroa izan zuen. Filma areto komertzialetan estreinatzearekin batera, hainbat aurkezpen berezi izanen ditu hurrengo egunotan, besteak beste Bilbo, Tolosa, Gasteiz eta Arrasaten.
'BERTSOLARI'
Zuzendaria: Asier Altuna
Herrialdea: Euskal Herria.
Urtea: 2011.
Iraupena: 90 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Amildegiaren ertzean
Zinemaldian oso harrera ona izan ostean, aretoetara ailegatu da Asier Altunaren 'Bertsolari' filma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu