Espainia. Lan erreforma

Espainiak kaleratzea erraztuta sortu nahi du enplegua

PPren lan erreformak kendu egin du 45 eguneko kalte-ordaineko kontratu mugagabea, eta 33 egunekoa ezarri duEnpresek salmentak jaisteagatik kaleratu ahal izango dute, baita galerarik gabe ere

jakes goikoetxea
Donostia
2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiak langileak kaleratzea erraztu eta merkatu egin zuen langabeziari aurre egiteko. Mariano Raxoi egungo presidenteak ere bide bera hartu du, baina PSOEk abiatutako bidea autobide bihurtu du. Gaurtik aurrera Hego Euskal Herriko enpresentzat atzo baino merkeagoa eta errazagoa da langileak kaleratzea: kontratu mugagabeetan, lan egindako urte bakoitzagatik eman beharreko kalte-ordaina 45 egunetik 33 egunera murriztu dute.

Espainiako Gobernuak atzo aurkeztu zuen premiazko lan erreformaren lege dekretua. Dekretuaren arabera, «eraginkortasunaren» izenean enpresek nahikoa izango dute hiru hiruhilekotan salmentak jaistea langileak hogei eguneko kalte-ordainarekin kaleratzeko. Ez dituzte galerak eduki beharko. Enpresa gehienak daude multzo horretan. Eusko Jaurlaritzak jada iragarri du kaleratze guztiak horrelakoak izango direla.

«Lan merkatuaren bikoiztasunaren» izenean, kontratu mugagabeak kaskartuko dituzte, behin-behinekoen antzekoagoak izateko.«Malgutasunaren» izenean, enpresek ez dute administrazioaren baimenik beharko enplegua erregulatzeko behin-behineko dosierrak onartzeko. «Modernizazioaren» izenean, alde batetik, enpresentzat errazagoa izango da langileekin hitzartutakoa bertan behera uztea; bestetik, lan itunen indarraldia amaitu eta bi urte berritu gabe pasatuz gero, hutsetik hasi beharko dute negoziatzen. «Iruzurraren kontrako borrokaren» izenean, langabezia saria kobratzen dutenak gizartearen aldeko lanak egitera behartuko dituzte.

Erreforma gaur bertan jarriko da indarrean. Hala ere, lege proiektu moduan bideratuko dute, eta aldaketak izan ditzake Kongresuan eta Senatuan. PPk ez du beste inoren babesik behar onartzeko, gehiengo osoa baitu.

Kaleratze bidegabeak

Enpresentzat merkeagoa izango da kontratu mugagabea duen langile bat kaleratzea, kaleratze bidegabeen bitartez. Lan egindako urte bakoitzeko 45 egun izan beharrean, 33 egun ordainduko dituzte. Gehienez 42 hilabeteko soldata ordaindu beharrean, 24koa. Lehendik kontratu mugagabeak dituztenak kaleratuz gero, gaur arteko lan urteengatik 45 eguneko kalte-ordaina jasoko dute, eta gaurtik aurrerakoagatik 33koa. 42 hilabeteko soldata jasoko dute gehienez.

Kaleratze objektiboa

Enpresek nahikoa izango dute galerak dituztela, espero dituztela edo hiru hiruhilekotan jarraian salmentak jaitsi direla justifikatzea kaleratze merkeena, objektiboa, baliatzeko. Langileei hogei eguneko kalte-ordaina emango diete, gehienez hamabi hilabete.

Lan baldintzak aldatzea

Hego Euskal Herriko enpresaburuek ez dute beharko Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren baimenik enplegua erregulatzeko behin-behineko dosierrak indarrean jartzeko. Langileek, dosierra onartzen ez badute, auzitara jo beharko dute.

Dosierra indarrean dagoen bitartean langileek langabezia saria jasotzen dute. Enpresa ixten bada, gero langabezia saria jasotzeko ez da aintzat hartuko dosierrak erabilitako zatia. Gehienez 180 eguneko langabezia saria berreskuratuko dute.

Sektore publikoa

Administrazioen mendeko erakundeek arrazoi ekonomikoengatik, teknikoengatik, produktiboengatik edo antolaketari dagozkienengatik aurkeztu ahal izango dituzte enplegua erregulatzeko dosierrak.

Negoziazio kolektiboa

Enpresetako lan itunek dute lehentasuna. Berdin dio sektorekoek, probintzietakoak eta gainerakoek zer dioten. Alegia, sektoreko edo probintzietako itunetakoak baino lan baldintza kaskarragoak onartu ahal izango dituzte.

Gainera, «zailtasunak dituzten enpresentzat» errazagoa izango da langileekin hitzartutako baldintzak ez betetzea. Enpresak ituna ez aplikatzea erabakitzen badu eta langileek onartzen ez badute, auzitegietatik kanpo lortu beharko dute konponbidea, bitartekaritza edo ebazpen erakundeen bitartez. Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasuan, Lan Harremanen Kontseiluko PRECOra jo beharko dute. Akordiorik lortzen ez badute, PRECOk izendatutako ebazleak 25 egun baino lehen jakinaraziko du erabakia.

Ultraaktibitatea

Lan itunaren indarraldia amaitzen bada eta enpresak eta langileek akordiorik lortzen ez badute, amaitutako hitzarmenak gehienez bi urtean jarraituko du indarrean. Lehen ez zuen mugarik. Bi urteko epea amaituta, hitzarmena hutsetik negoziatzen hasi beharko dute, soldata izan ezik.



Lanbideen sailkapena

Kendu egingo dute lanbideen sailkapen «zurruna», eta talde profesionalena erabiliko dute. Hainbat lanpostu talde berean sartuta, enpresaburuentzat errazagoa izango da langileei eginbeharrak aldatzea.

Langabeak lanean

Gobernuak iradoki du langabezia saria jasotzen dutenak iruzurgileak direla. Iruzurraren kontrako neurrien artean sartu du langabezia saria jasotzen duten langabeak gizartearen alde lanean jartzeko asmoa. Lanbidek horixe egin nahi du diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenekin.

Huts egiteak

Langile bat hainbat egunetan lanera ez joateagatik kaleratzeko, langileak huts egindako egunak hartuko dira aintzat, ez langile guztien batez bestekoa.

Behin-behineko kontratuak kateatzea

Behin-behineko kontratuak ezingo dira 24 hilabetean baino gehiagotan kateatu 2013tik aurrera. PSOEko gobernuak iaz kendu zizkien mugak behin-behineko kontratuei. PPkoak PSOEk ezarritako urtea errespetatu baino ez du egin.

Ekintzaileen kontratua

Ekintzaileei laguntzeko kontratu mugagabea sortu dute. Enpresa txiki eta ertainek (ETE) eta autonomoek kenkariak izango dituzte langileak kontratatzeagatik. Langabezian dagoen langile bat kontratatzen badute, langilearen urtebeteko langabezia sariaren erdia aurreztuko dute zergetan. Langileak, soldatarekin batera, langabezia sariaren laurdena jaso ahal izango du. Espainiako Gobernuak ez du zehaztu horrek ze eragin izango duen langilearen langabezia sarian.

Lehenengo langilea kontratatzen duten enpresek (ETEak, autonomoak) hiru mila euro aurreztuko dituzte zergetan.

Prestakuntza

Enpresa batean urtebete baino gehiago daramaten langileek urtean hogei orduko prestakuntza jasotzeko eskubidea izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.