Tribuen arteko liskarretatik ihes egin dutenak itzultzen ari dira Hego Sudanen

NBE 60.000 inguru desplazatuengana iristeko ahaleginean ari da, «hondamendia eragozteko»

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Hego Sudango Lou Nuer eta Murle tribuen arteko borrokengatik euren herrietatik ihes egin duten milaka lagun etxeetara bueltatzen hasi dira. Halaxe jakinarazi du Joshua Konyi Pibor eskualdeko mandatariak Hego Sudango The Citizen egunkarian. Sudanen mugatik gertuko Jonglei estatuan izan dira borrokak iragan abendu amaieraz geroztik, eta orotara, 60.000 lagunek egin dute ihes baso aldera indarkeriaren beldur. Konyiren arabera, 9.107 lagun dagoeneko etxera bueltatu dira, baina oraindik milaka dira ezkutuan jarraitzen dutenak, janaririk, medikuen laguntzarik eta babeslekurik barik.

Jubako Gobernuak hondamendi egoera ezarri du Jonglein, eta armada eta 4.000 polizia bidali ditu bertara, tribuen arteko indarkeria gerarazteko. 1940ko hamarkadan dagoeneko muturtuta zeuden bi komunitateak, eta elkarren lurretan sartu izan dira urteetan, abereak lapurtzeko. Ez dago abenduan berriz liskarrak piztu zirenetik hil direnen zifra ofizialik, baina «milaka» izan daitezkeela esan du Konyik. Atzo, esaterako, hamarnaka mila lagun zeuden Piborreko ikastetxearen aurrean zain, Gurutze Gorria banatzen ari den janaria jasotzeko.

Operazio humanitarioa

Bitartean, NBE Nazio Batuen Erakundeak Hego Sudanen operazio humanitarioa abiatu duela adierazi du, 60.000 lekualdatuengana iristeko eta «hondamendia saihesteko». «Bost herritan zentratu gara. Lautara soilik airez irits daiteke. Eta hiru guztiz kiskalita geratu dira», azaldu du Lise Grande NBEk Sudanen duen koordinatzaile humanitarioak.

Bestalde, Barack Obama AEB Amerikako Estatu Batuetako presidenteak Hego Sudanen kontra zituen zigorrak bertan behera laga ditu —Jubari defentsa arloko materiala eta zerbitzuak saltzeko debekua zuen ezarria—. Azaldu duenez, bi herrialdeen arteko harremanak egonkortzeko hartu du neurria Obamak. «Zigorrak kenduta, AEBen segurtasuna sendotuko da, eta, era berean, mundu mailako bakea sustatzeko ere balioko du».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.