'Bateragune auzia'. Mobilizazioak

Herritarrek hartuko dute lekukoa

Alderdi eta eragile ugarik babestu dute Donostian gaur egingo den manifestazio nazionala

Euskal Herriko gehiengo sindikalak atzo Donostian eginiko elkarretaratzea. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren ezker abertzaleko zortzi kideei sostengua adierazteko, manifestazio nazionala egingo dute gaur Donostiako kaleetan. Antiguako tuneletik abiatuko da martxa, 17:30ean, eta Epaiketa politikorik ez, aterabideak aurrera izango du leloa. Eguerdian, Eleak eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimenduak harrera beroa egingo die aske dauden lau auzipetuei. Eleak-ek Zuloaga plazan ipini duen Aske Gunean izango dira Rafa Diez, Txelui Moreno, Mañel Serra eta Amaia Esnal. Guztien izenean Diezek hitz egingo du, 12:00etan. Ondoren, taula gainera igoko dira Sustrai Colina, Iratxe Ibarra, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak.

Arratsaldean egingo den manifestazioa, berriz, herritar talde batek antolatu du, eta, besteak beste, Gernikako Akordioa sinatu duten eragileek eta 60tik gora pertsona ezagunek babestu dute; horien artean daude EAJ, EA eta ezker abertzaleko zenbait buruzagi historiko, eta kulturgintzako pertsona ezagun ugari: Xabier Arzalluz, Iñaki Zarraoa eta Ramon Labaien jeltzaleak; EAko Carlos Garaikoetxea, Unai Ziarreta, Anjeles Iztueta etaRafa Larreina; ezker abertzaleko Tasio Erkizia eta Itziar Aizpurua; EBko Javier Madrazo; ELAko Jose Elorrieta; eta Bernardo Atxaga idazlea, Iñaki Perurena harrijasotzailea, Joxe Azurmendi irakaslea eta Maialen Lujanbio bertsolaria, besteak beste.

Alderdi politikoen ordezkaritza zabala izango da manifestazioan. EAk jakinarazi duenez, han izango dira Juanjo Agirrezabala legebiltzarkidea eta Rafa Larreina zuzendaritza nazionaleko kidea. Komunikabideei igorritako ohar batean, EAk dio «Euskal Herrian ireki den jokaleku politiko berriari trabak jartzea» dela ezker abertzaleko zortzi kideen epaiketaren helburua. Euskal gizartea horretaz jakitun dela uste du EAk; hori dela eta, «kalera irteteko» eskatu die herritarrei. «Herritarrek Espainiako Estatuari erakutsi behar diote atzera bueltarik ez duen jokaleku honen alde daudela», azaldu du EAk.

Aralarrek ere dei egin die herritarrei manifestazioan parte hartzeko. Han izango dira Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaile nagusia eta Jon Abril koordinatzaileordea, besteak beste. Ohar batean nabarmendu duenez, Bateragune auziagatik auzipetuak dauden zortzi pertsonak politika egiteagatik epaitzen ari dira. «Eta hori ez da onargarria demokrazia heldu batean, giza eskubideen urraketa larria delako», gaineratu du Aralarrek. Hori horrela, pertsona guztientzat eskubide zibil eta politikoak berrezartzeko eskatu du.

EBk ere manifestazioan parte hartzeko deia egin die alderdi horretako militanteei, eta zuzendaritzako kide batzuk han izango direla jakinarazi du. EBk uste du «bide demokratiko eta baketsuen alde lanean ari ziren» ezker abertzaleko zortzi kide horien epaiketa «harriak jartzea» dela bake eta normalizazio politiko lortzeko bidean.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak ere parte hartuko du gaurko ekimenetan. Atzo, elkarretaratzea egin zuten hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Epaiketa politikorik ez. Eskubide guztiak guztiontzat lelopean. Donostian, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren ondokoaizan ziren. «Epaiketa horrek ez dauka lekurik egungo egoeran. Espainiako Gobernuaren blokeo politikaren gainean dago eraikia, eta, ikusten ari garen moduan, estrategia horrek ez dauka heldulekurik», salatu du Etxaidek. Lokarri herritar sareak ere bat egin du manifestazioarekin, eta auzipetuen absoluzioa eskatu du.

Donostiako Udalak, berriz, auzipetuen absoluzioa exijitu eta «epaiketa politikoak» amaitzeko eskatu du. Halaber, udalak berretsi egin du gatazkari irtenbidea emateko urratsak egingo dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.