Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohiaren ustez, Arartekoa urrunegi joan da Iñigo Cabacasen auzian: «Zuhurrago aritu behar luke», esan du ETBn egindako elkarrizketa batean. Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota hil zuen Atlhetic zalearen heriotzari buruzko ikerketak egitea ez dagokiola berari esan dio Aresek, beste behin, Iñigo Lamarca arartekoari: «Ez da bere eskumena». Auzia Justiziaren esku dagoela adierazi du, eta epaitegiek bere lana amaitu arte ez dela beste ikerketarik egin behar.
Ares zen Herrizaingo sailburu Cabacas Ertzaintzaren pilotakadak hil zuenean, eta, bere esanetan, bere bizitza politikoko «unerik zail eta gogorrenetarikoa» izan zen ordukoa. Hala ere, gertaera haien aurrean «erabat lasai» dagoela esan du. Gertaerak argitzea dela «guztien nahia», epaitegiek egingo dutela ikerketa, eta ondoren, «beharrezko balitz, egoki liratekeen ardurak» kitatuko liratekeela.
Iñigo Lamarca arartekoak beste behin erantzun die Aresen hitzei: «Arartekoak erabateko eskumena du Cabacasen heriotza ikertzeko». EAEko herriaren defendatzaileak aurreko astean kaleratu zuen txostenean jasotakoa berretsi, eta ikerketa hori auzitegien ikerketarekin «bateragarria» dela esan du. Lamarcaren hitzetan, gomazko pilotak bota zituzten ertzainek zein zigor erantzukizun duten aztertzea da auzitegien lana; berak zuzentzen duen erakundearena, berriz, administrazioak «zuzen» jokatu duen aztertzea.
Eta, arartekoaren ustez, pertsona bat hil izanak, zein egun batzuk lehenago Gasteizen Xuban Nafarrate gaztea larri zauritu izanak, agerian uzten du okerren bat egin zela. «Hori zergatik gertatu zen aztertu behar dugu, zein irizpide eta protokolo erabili zituen administrazioak, eta polizia administrazioari dagokionean, indarra zein irizpideren arabera erabili zuen».
Aresen «inpunitate mezua»
EH Bilduk ere salatu ditu Aresen hitzak. Arartekoarekiko errespetu falta egotzi dio, «Aresek kritika eta gomendioak onartzen ez dituenaren seinale». «Bortizkeria erabiltzen duten poliziei inpunitate mezua» igortzea egotzi dio sailburu ohiari, eta Ertzaintza «humanizatzeko» deia egin du.
'Cabacas auzian' Arartekoa urrun joan dela dio Aresek
Gaztearen heriotza ikertzeko «erabateko eskumena» duela erantzun dio Lamarcak sailburu ohiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu