Euskal iheslari politiko talde bati pasaportea eman dio Espainiako kontsulatuak

Justiziak ez badu deus haien kontra pasaportea emanen dietela jakinarazi du Espainiako Barne ministroak

Euskal Iheslari Politikoen kolektiboak Azkainen egindako agerraldia, joan den azaroan. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2013ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Europa Press prentsa agentziak jakinarazi du euskal iheslari talde politiko «multzo batek» pasaportea eskatu duela Espainiak Baionan daukan kontsulatuan. Hogeita hamar aipatzen ditu agentziak, baina izan gehiago dira dagoeneko pasaportea eskuetan duten euskal iheslari politikoak. Joan den azaroan Azkainen (Lapurdi) egindako agerraldi publikoan, prozesu demokratikoaren ildoan «blokeoa ez egonkortzeko urrats are ausartagoak» egiteko prest agertu zen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboa.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak negoziazio politikoak daudela ukatu du eta gaineratu du Espainiako justiziak ez badu deus haien kontra Espainiara itzultzeko trabarik ez dutela ukanen. «Ez dago planik haiek itzultzeko, baina lanean ari gara etorri nahi dutenek egin ahal izateko, era ordenatuan». Espainiar orok bezala, justiziarekin zorrik ez daukatenek joan edo ez joateko eskubidea daukatela erran zuen.

Prozesu politikoa alde bakarreko erabakiaren ondorioz jarri zen abian, eta izaera hori nabarmendu zuen EIPK-k. «Gatazkaren ondorioak gainditze aldera, Aieteko Adierazpenean agertzen den gisara, estatuekin adostuta edo aldebakartasunetik, pauso berriak eman nahi ditu kolektiboak» eta hala jakinarazi zuten Azkainen. Konponbidean eragile izateko beharra eta gogoa plazaratu zuten Azkainen egin prentsaurrekoan. Iheslari politiko gehienak neholako nortasun agiririk gabe bizi izan dira orain artean Ipar Euskal Herrian. Ameriketatik jin dira gutxi batzuk, baina pasaportea bazuten orduan.

«Iheslari politikoen kolektiboak konpromiso irmoa erakutsi nahi du Euskal Herrian hasitako aro berriarekin eta horretan bideratu beharreko gatazkaren konponbidearekin», nabarmendu zuten Azkainen. Nazio onarpena eta erabakitzeko eskubidea ekarriko dituen prozesu politikoan barrena urratsak egiteko beharra nabarmendu zuten. Gatazkaren ondorio gordinenak behin betiko gainditzeko, ordea, iheslarien egoera ere konpondu beharko da. «Etxeko bidea hartua dugu» erran zuten Azkainen. Helburua lortzeko beharrezko den indar metaketa «gauzatzen» ari dela gaineratu zuten eperik jarri gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.