«Ez dut gogoko lehia; poesia ez da kirola. Nik ez dakit zer den poeta izatea», dio Gabriel Kortak Elurra galtza motzetan liburu berriko azken poeman, eta gisa honetan jarraitzen du aurrerago: «Nik ez dakit zer den poesia, baina gertatu egiten da, eta esaten dut: hau poesia da». Duela 32 urte argitaratu zuen aurreneko poema liburua, Isiletik (Ustela, 1980), eta, harrezkero, tartekako isilaldiak gorabehera, poesiari lotuta jarraitu du. Horrek, ordea, hark arestian aipatutako poeman dioenaren arabera, ez dio balio izan poesiaren definizioa erabat zehazteko. Bosgarren poema liburua du Elurra galtza motzetan, egileak berak argitaratua, Iñaki Bastarrika adiskidearen laguntzarekin, liburuaren atarian aitortzen duenez.
Isiletik-en ondotik, Okaranak (Susa) atera zuen Gabriel Kortak (Donostia, 1951), 1986an. Gaitz batek eragindako isilaldi luze baten ostean, Harri hautsiak liburu autoeditatuarekin itzuli zen poesiaren plazara, 2002an. «Heldutasunaren pausoa da liburu hau nire ibilbidean», adierazi zuen orduan, Harri hautsiak-ez ari zela. «Poesia idaztearen erantzukizunaz askoz kontzienteagoa naiz orain». 2010ekoa du laugarren poema liburua, Laugarrenak lau, Mikelazulo elkarteak kaleratua.
«Artxiboetan katoliko, bizitzan bilatzaile», idatzi du Gabriel Kortak Elurra galtza motzetan poema liburuaren hitzaurrean. «Aspaldi erabaki nuen; nire bizitza, nire jarrera bizitzan, poetarena izango zela; eta utopia zen, osorik, erabaki nuena».
«Poeta izatea» zer den jakin gabe, poeta izateko utopiari eusten dio Gabriel Kortak
Bere kasa argitaratu du 'Elurra galtza motzetan' poema liburua, bosgarrena 1980an hasitako ibilbidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu