Zirkulu urdinaren erdian

Sarkozyren bisita zela-eta herritarrak bertaraturik ziren Itsasun zein Baionan, haien aldarrien entzunarazteko; 200 bat polizia ziren, eta tentsio une asko izan ziren bi aldeen artean.

Sarkozy, Itsasun, laborari batzuekin. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Jenofa Berhokoirigoin.
Itsasu-Baiona
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Atzo denek jakinen zuten non aurkitu Nicolas Sarkozy: zirkulu urdinaren erdian. Poliziaz josia zen atzo goiz eta eguerdi aldera Itsasu, eta arratsaldean, berriz, Baiona. Hogeita hamar bat jendarme eta CRS furgoneta ziren bertaraturik, 200 bat polizia, Frantziako presidentearen eta herritarren arteko hesia egiteko. Ezin zitekeen hurbildu bisita egin beharra zeukan Dantxuenia izeneko baserrira.

Hala ere, ordua 10:30ean emanik, Itsasuko plazan laster bildu ziren 200 bat lagun, ume, gazte, heldu zein adineko. Bakan egiten duenez Frantziako presidenteak Euskal Herrira bisita, bertako aldarrien pasarazteko eguna zen atzokoa. «Haren politika ez dudala onartzen erakustera etorri naiz, baita hemen dagoen bake prozesuaren nahikeria entzunaraztera», zioen Iban Iriart Urruti gazteak. Haren gisara, gatazka politikoaren konponketaren aldeko pausoak eskatzera etorriak ziren dozenaka lagun. Euskal preso politikoen Euskal Herriratzeko banderolak begi-bistan ziren ezker-eskuin.

AHT bide berriaren aurkako mezua ere entzun zen. «Parisko kontseilari batzuek erran dute bide berria ez dela beharrezko eta berriz ikusi beharko dela, mezu hori oroitaraziko diogu», horretara etorria zen Pantxoa Tellier CADE ingurumena babesteko elkarteko kidea. ELB sindikatuko laborariak ere bertaraturik ziren Sarkozyren laborantza politikak goizik esnatzen direnak hiltzen ditu mezua zekarren banderolaren gibelean. EH Baik ere entzunarazi zion ez zela Euskal Herrira ongi etorria. Frantziako presidente gisa «ez du Euskal Herriaren gisako nazio identitateen onarpenari buruz aitzin-urrats bakarra ere eman», eta hori gaitzetsi zuten atzo.

«Eskerrak haiek baino gehiago ezagutzen dugula gure herria», zioen hatsanturik Filipe Laskarai herritarrak. Hain zuzen, Poliziaren hesia ikusirik, laster hartu zuten bidexka bat, pentzez pentze korrika aitzinatu, oihan bat pasa eta lortu zuten Dantxuenia baserrira heltzen, Polizia urrun utziz. Baina ez zuen luzaz iraun, laster bertaratu zen Polizia furgonetaz zein korrika, eta esku makilakadaz eta negar gasak baliatuz urrundu zituzten. Hiru lagun atxilotu zituzten. Lauzpabost oren Baionako polizia etxean pasa eta utzi zituzten aske.

Baionan, txistu artean

Herritarren mezuak entzun zituen, haatik, Baionan. Autotik jaitsi orduko hasi ziren txistuak. Funtsean, hark errana zuen bere nahikeria ez zela «militanteekin elkartzea, baizik eta herritarrengana hurbiltzea». Ikusi zituen herritarrak eta entzun ere. Txistuak zein «independentzia!», «alde hemendik, utzi bakean!» eta «ustela!» oihuak. Batera plataformak inprimatu «euskal lurralde elkargo baten alde zirea? Bai» papertxoak ere ukan zituen aurpegira. Papertxoez gain, arrautzak ere ikusi zituen hurbiletik pasatzen, urrundik botatzen ari baitzitzaizkion gazte batzuk. Bizi mugimenduak ere 7 egun 7 egunen gain lan egiten: Sarkozyren esklabismo modernoa banderola handia luzatu zuen Sarkozy zegoen Bar du palais deitu tabernaren pareko etxe batetik. Bizkartzain zein poliziek ahal bezala hesia egiten zuten, baina oihuak ezin izan zituzten isilarazi.

Ez zuen nahi bezain lasai pasa Baionako bisita, eta «gutxiengo baten bortizkeria» gaitzetsi zuen, «gizatxar» batzuen joera aipatuz. Berehala, UMP alderdiko anitzek zuten pasatakoa salatu, eta Baionako hika-mikei buruzko adierazpenak Paristik ere egin ziren. Nahiz hamaika aldiz entzun Euskal Herrian zela, Sarkozyk argiki erantzun zuen: «Hemen Frantzian gara, eta presidentea Frantziako Errepublikaren lurralde guztian ibiliko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.