Kandelak oinutsentzat

'M31 (In memoriam)' arte instalazioa ipini dute Durangoko Santa Susana elizan; 1937ko bonbardatzean hildako 336 laguneko kandela bat piztu dute.

xabier martin
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ospatu ez baina hausnarketa sustatzeko gogoratuko den urteurren latza hurbiltzen ari da: Durangoko bonbardatzea. 1937ko martxoaren 31n izan zen erasoa, larunbatean 75 urte. Heriotza bota zuen zeruak egun hartan Durangon; sua eta ezereza iritsi ziren hirira, Elorriora bezala, Otxandioko frontera bezala. 336 hildako eragin zituzten Italiako armada faxistaren hegazkinek Durangon; biktimak, askoz gehiago: elbarriak, umezurtzak... Hilotz franko oinutsik geratu ziren suzko kaleetan. «Orain arte historiatik edo dokumentaziotik hurbildu gara bonbardatzera, eta, orain, berriz, artearen atetik sartu nahi izan dugu: biktima bakoitzaren oinazea berreskuratu nahi dugu», azaldu du Txelu Angoitia argazkilari durangarrak.

Elena Solatxi eskultorearekin batera, hura ere durangarra, Santa Susana elizan zabaldutako M31 (In memoriam)instalazio artistikoaren egile da Angoitia; Gerediaga elkartearen ekimenez sortu dute instalazioa. «Hilketak daudenean, kopurua bigarren mailan geratzen da, berdin dio 300 edo 10.000, zenbakiak baitira, finean. Oinazea banan-banan nabarmendu nahi izan dugu guk, ordea; pertsonaren mina azaldu nahi izan dugu». Eta, horretarako, 336 kandela piztu dituzte 336 argazkiren alboan. Paretan jarritako irudi bakoitzean, izara batetik ateratzen diren pare bat oinazpi, hilotz baten oinutsak. Gorrotoaren emaitzaren sinbolo.

Santa Susana elizako mojak

Bisitaria Santa Susana elizara sartu eta hark bere barrualdera begiratzea du xede Angoitia-Solatxi bikoteak arte instalazio deigarriarekin. Eskultura lan eta ikus-entzunezko batekin osatzen dira kandelak eta argazkiak. Proiekzioan hildakoen izenak irakur daitezke, etengabeko ur tanta baten soinuaren azpian beti. «Ilunpean dago iluna dena; isiltasuna, hutsunea eta barrualdera doan hausnarketa eragin nahi dugu». Bisitariak bonbardatzearen ostean geratzen den hutsunea eta isiltasuna «sentitzea» nahiko lukete artistek.

Badu zentzurik Santa Susana eliza aukeratu izana Durangoko bonbardatzearen biktimekin lotutako instalazioa jartzeko. 336 hildakoen artean, elizaren barruan gertatu ziren hamahiru; hamabi moja eta haientzat neskame zebilen emakume bat harrapatu zituen elizara jaurtitako lehergailuetako batek. Elizaren atzealdeko etxola batean babestu nahi izan zuten emakumeek, baina alferrik izan zuten saioa.

«Bakuna da instalazioa, intimista, baina barrutik egina», dio Angoitiak. «Biktimak gogoratzeko espazio historikoa bihurtu da Santa Susana eliza», esan du Gerediaga elkarteko Jon Irazabalek. Hilaren 31n, larunbatean, 36ko gerraren biktimak omenduko dituzte herriko hilerrian. Izan ere, bonbardatzearen 75. urteurrenaren eguna larunbatean da. M31 (In memoriam) instalazioa martxoaren 20tik dago ikusgai, ordea. Urteurrenarekin lotutako egitarau zabalaren zati da, izan ere; apirilaren lehenera arte egongo da zabalik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.