Esperanto hizkuntza maite dutenek euskal haur literaturaz ere gozatzeko aukera izanen dute aurrerantzean. Izan ere, Iñaki Zubeldiaren Knabo en Marso (Euskaldun bat Marten), Mariasun Landaren Capulo la fantomo (Txan fantasma) eta Aitor Aranaren Klauda kaj la rivera sekreto (Klaudia eta baloien sekretua) lanak argitaratu ditu Haranaga Liburuak etxeak, Erroteta argitaletxearen laguntzaz. Hiru liburuak Aitor Arana idazle eta itzultzaileak itzuli ditu,eta Lunlumo bildumaren lehenak dira.
Lunlumo hitzak ilargiaren argia esan nahi du esperantoz. Euskal letrek ere hizkuntza horretan argia ikus dezaten lanean jarri dira Haranaga Liburuak eta Erroteta argitaletxea. Asmo horren lehen uzta dira Koldo Mitxelena Kulturunean atzo aurkeztutako liburuak: Knabo en Marso, Chapulo la fantomo eta Klauda kaj la rivera sekreto. Haur literaturatik esperantora itzultzen diren lehen lanak dira. Aspaldiko proiektua bada ere, orain kaleratu dira hiru liburuak. Lan horiek izanen dute segida etorkizunean, Lunlumo bildumak beste hamazazpi lan argitaratzea aurreikusten duelako. Aukeraketa egiteko tenorean, adituei galdetuta egin dute. Xabier Etxaniz, Iñaki Zubeldia eta Manu Lopezek egindako zerrenda bateko irizpideak aintzat hartuz egin da hautua.
Lanak ez dira ohiko liburu dendatan salduko. Esperantistek badute Rotterdam hirian (Herbehereak) liburu salmenta zerbitzu bat, eta handik lagunduko diete euskal literaturatik itzulitako liburuak mundu osora zabaltzen. http://katalogo.uea.org/UEAren —Universala Esperanto-Asocio— liburu salmenta zerbitzuan eskura daitezke hiru lanak, edota ondoko helbidera idatziz: [email protected].
Esperantistak gogoan
Egitasmoak helburu argia du: esperantoa dakitenei euskal haur literatura ezagutzera eman. XIX. mendearen amaieran Ludwik Lejzer Zamenho poloniarrak sortua da esperanto hizkuntza. «140 urteko bizitza du, aurrera egin duen lehen hizkuntza artifiziala da, eta hiru hilabetean ikas daiteke. Esperantoaren aurretik, nazioarteko komunikaziorako beste 300 hizkuntza asmatu izan ditu gizakiak, baina esperantoa da balio duela erakutsi duen bakarra. Mundu osoan ditu hiztunak», azpimarratu du Aranak. Euskal Herrian, Bilbon dago talde esperantista bakarra. Jendeak bere kabuz ikasten duen hizkuntza da. «Internet bidez liburuak eta grabazioak eskuratzea oso erraza da. Irakurmena eta entzumena lantzeko sarearen bidez lagunak bilatzen ditu jendeak».
Esperantoaren egoera «ahula» dela ohartarazi du, eta zenbat hiztun dauden esatea zaila da. Baina, halere, beste hizkuntza batzuetako hiztunekin komunikatzeko hizkuntzarik egokiena deritzo. «Hizkuntza neutroa, bakezalea eta inposaketarik eragiten ez duena da. Hizkuntzak kultura moduan ikusten ditu». Jokabide horrek bultzatuta ikasi zuen esperantoa Aranak. Hizkuntzak herrialde baten botere ekonomikoaren arabera neurtzeko gizartearen egungo jokabidea ere kritikatu du. Guztiak baliagarriak eta beharrezkoak direla dio. «Ingelesaren uholdea ikaragarria da, boterea dutenen hizkuntza delako. Esperantoa sortu zenean frantsesa zen bezala. Denborak erakusten du nazioarteko hizkuntza aldatuz doala: orain ingelesa da, baina hemendik urte batzuetara txinera edo alemana izango da».
Euskaratik esperantora
Euskal literatura esperantistei ezagutzera emateko asmoz, Iñaki Zubeldiaren, Mariasun Landaren eta Aitor Aranaren euskal haur literaturako lan bana esperantora itzuli da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu