«Ahal bezain laster» elkarrizketari lotzeko eskatu dio Batasunak Parisi

Errepresio molde guztiak «behin betikoz» gelditzeko exijitu dio Frantziako Estatuari alderdi abertzaleak

Aurore Martin eta Jean François Lefort, atzo, Batasunak Baionan egindako prentsaurrekoan. BOB EDME.
J. B. - M.A.
Baiona-Bilbo
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
ETAk egindako elkarrizketa eskaerari baikorki erantzutea galdatu dio Frantziako Estatuari Batasunak. «Goiz ala berant hitz egin beharko du Parisek, ahal bezain laster eman behar du pausoa», Jean-François Lefort Batasuneko bozeramailearen hitzetan.

Mezu hori zabaldu zuten Lefort eta Aurore Martin Batasuneko bozeramaileek atzo Baionan egin prentsaurrekoan. Iazko urriaren 17an Aieten egin zen Nazioarteko Konferentzian aurkeztu bost puntuetarik bakarra bete dela oroitarazi zuen Martinek; hots lehena, ETAkjarduera armatuaren behin betiko bukaera iragarriz. Frantzia gatazkako «eragile zuzena» izanez, «konponketaren alde urratsak egiteko» eskaera berretsi zuten Baionatik. Prozesu demokratikoaren alde engaiatzeko eskaera luzatu zieten herritarrei ere. «Abenduaren 10ean Baionan egin manifestazioan islatu zen bezala, biziki garrantzitsua da bide horretan jarraitzea», Martinen hitzetan. Dinamika horri segi, herritarrek eta eragile ezberdinek «batzen»segitu behar dutela dio Batasunak.

Errepresioa «behin betikoz bukatzea» eskatu ziotenere Parisi. ETAk jarduera armatua bertan behera uzteko erabakia jakinarazi zuenetik, Frantziako poliziak 13 lagun atxilotu ditu, Espainiak berriz 5. Euskal preso politikoek jasan «bizi baldintza gogorrak» gaitzetsirik,gaixorik edota aske izateko baldintzak beterik dituztenen berehalako kaleratzea eta euskal presoen Euskal Herriratzea exijitu zituzten. Horrez gain, Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala eta «herritarren hitzaren errespetua» exijitu zituzten, «hori gabe, ezin daitekeelako gatazkaren konponketa justu eta politikorik lortu».

Aieteren bidetik

Bestalde, Ezker abertzaleak, Alternatibak eta Aralarrek ontzat jo dute ETAren gutuna. Bake eta normalizazio prozesuan aurrerapausoa dela esan dute hiru alderdiotako ordezkariek. Alternatibako bozeramale Oskar Matuteren hitzetan, «gutunak ez du Aieteko Konferentziako bide-orriarekin talka egiten, egiaztatuegiten du baizik».

Nicolas Sarkozyren adierazpenak Espainiako gobernuburu Mariano Raxoirenak baino «positiboagoak» direla onartu du Matutek, eta ildo beretik mintzatu da ezker abertzaleko Maribi Ugarteburuere: «Diskurtso mailan urratsak egin ditu, baina hitzetatik ekintzetara pasatzera animatu nahi dugu, elkarrizketa prozesuan inplika dadin». ETAren solaskide Espainiako zein Frantziako gobernuek izan behar dutela berretsi du: «Prozesu elkarrizketatu eta ordenatua izan behar da. ETAk eta bi gobernuek gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketan eseri behar dute, eta hor, gu, eragile politikook, ezin dugu parte hartu».

ETAren adierazpena «zentzu onekoa» dela eta «bide egokian» doala uste duRebeka Ubera Aralarreko antolaketa idazkariak ere. «Bide horretan, inplikatuak dauden eragile guztiek» beren ekarpena egin behar dutela uste du Uberak, «baita Espainiako eta Frantziako estatuek ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.