Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketak hamar herrialdetako hamalau film labur hautatu eskainiko ditu aurtengo Donostiako Zinemaldiaren barruan, irailaren 26, 27 eta 28an. Deialdira hemeretzi herrialdetako 56 eskolatako 139 film labur aurkeztu dira; honako hauek dira hemeretzi herrialdeak: Alemania, Argentina, Brasil, Kanada, Kolonbia, Kuba, Txile, Ekuador, Espainia, AEB, Frantzia, Israel, Mexiko, Polonia, Erresuma Batua, Errumania, Suitza, Turkia eta Venezuela.
Topaketan parte hartuko duten eskoletako ordezkariek osatutako epaimahai batek erabakiko du, profesional ezagun bat buru duela, zein film labur den Panavision sariaren irabazlea. Kamera baten eta haren ekipamendu osoaren lau asteko doako erabilpena eta materialean gastatzeko 10.000 euro jasoko ditu garaileak, filma zabaltzeko hainbat abantailaz gain.
Nazioarteko lankidetza eta ekoizpen prozesuak sustatzeko bi proiekturi dagozkien film laburrak ikusteko aukera ere izango da: batetik, Atelier Ludwigsburg-Paris proiektuko bi; bestetik Hives, Zagreb, Londres, Jerusalem, Kolonia eta Pragako zinema eskolek osatutako koprodukzio proiektuaren ondorio izan den film luzea.
Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketarako 14 film labur hautatu dituzte
Donostiako Zinemaldiak egindako deialdira 19 herrialdetako 56 zinema eskolatako 139 lan aurkeztu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu