Presoen eskaintza onartzeko eskatu diete gobernuei

Olabarriak esan du kolektibo bat baino gehiago daudela eta bakoitzak bere mintzaidetza duela

Erredakzioa
Donostia
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Euskal presoen afera konpontzeko garaia dela uste dute hainbat eragilek, eta gaiari heltzeko deia egin diete Espainiako eta Frantziako gobernuei.

Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko bozeramaileak, esate baterako, nabarmendu du askatu egin behar dela presoen aferaren «korapilo konplexua», Info 7 irratian egin dioten elkarrizketan. Ezker abertzaleko bozeramaileek, hala ere, gobernuen esku baino gehiago, euskal gizartearen esku jarri dute espetxe politika aldatzeko gakoa. «Espetxe politika euskal gizarteak aldatuko du, bere indar eta mobilizazioekin», esan du Txelui Morenok. Nabarmendu du EPPK urratsak egiten ari dela, eta gaineratu du «legea milimetro bakar bat ere» mugitu beharrik ez dagoela beraiek eskatzen dituzten gauza batzuk betetzeko.

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak ere esan du presoen auzia konpondu egin behar dela. «Berehala» aztertu behar dira, haren esanetan, euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespen neurriak». Hala, Espainiako Gobernuari eskatu dio onar dezala «hitz egin beharra», eta jar ditzala horretarako bitartekoak. «Ukatzeagatik ukatzen jarraitzeak gatazkaren konponbidea atzeratu baino ez du egiten». Urizarren ustez, EPPK jabetuta dago aro berri bat dagoela Euskal Herrian, eta horren erakusgarritzat jo ditu kolektibo horrek Gernikako Akordioa sinatu izana eta mintzaidetza berria izendatu izana, adibidez.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailea ere Espainiako Gobernua EPPK-ko presoekin hitz egitearen alde agertu da: «Espetxe politika humanizatzea, elkarrizketa abiatzea eta salbuespenezko legeak indargabetzea dagokio Espainiako Gobernuari».

Herrira mugimenduak ere Espainiako eta Frantziako gobernuei hitz egin die: «Euskal jendartearen gehiengoak eskatzen duen bidean» pausoak emateko eskatu die; halaber, bertan behera uzteko euskal presoei jartzen dizkieten «muturreko neurriak eta salbuespenezko legedia», eta EPPK-k parte hartzeko neurriak hartzeko «konponbide oso baterako bidean».

Emilio Olabarria EAJko diputatuaren iritzian, berriz, EPPK-ren mintzaidetza berria «ez da argia». Esan du kolektibo bat baino gehiago daudela, eta mintzaidetza desberdinak dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.