Siriarekin gogo txartuta dabil Obama: ez ei du gerrarik nahi, ez ei dago inor gerrekin bera adina nahigabetuta. Hala esan die kazetariei. Hori bai, John Kerry Estatu idazkariaren bidez Al-Assadi eraso egiteko argudio munizio osoa xahutu eta gero. Eta erasoa hasteko adi geundela, zalantzak jandako Obama ispilatu digute berriro kazetariek: burumakur, bai baina ez ebatzi ezinik. Munduko sheriff-arengan ohiz kanpokoa ez ezik naturaren kontrakoa den erabakia etorri da ondoren: Kongresuari eskatu dio tiro egiteko baimena. Baina segituan Kerry agertu da berriz, Al-Assadek sarin gasa erabili duela esatera, eta, beraz, Hitler eta Saddamen pareko munstroa dela adieraztera; hots, erasoa nahitaezkoa dela azpimarratzera. Horra jokoa: Obamak ez du eraso egin nahi, ez du gerrarik gura, baina ez dauka beste aukerarik.
Eta, horrenbestez, iruditeria kolektiboan erabakia halabeharrez hartu duen buruzagi arduratsua txertatuko da. Eta erasorako agindua eman eta gero gela ilun batean irudikatuko dugu, bakarrik, kontzientzia urratuta, oinazetik babesteko besoak antxumatuta.
Eta berriro sinetsiko dugu gerra eta zapalkuntzak agintariez eta politikaz gaindiko indar saihetsezinek erabakitzen dituztela, geopolitikaren ordez geodinamikak, lurrikarak bezala. Eta ez dugula besoak antxumatzea beste aukerarik.
Bira
Antxumatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu