Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Aitakeriaz

2013ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Egunotako film, iragarki eta erakusleihoek marraztu digutenaz bestera Eguberri festetan ez da dena izan algara, distira eta azukre. Aitzitik, izuen gordelekuetan paseatu dituzte gutxienez hiru emakumezko, sexu erasoen jomuga izan baitira: 17 urteko neska bat Urtezahar gauez Donostian eta Errege egun goizaldean bi andrazko Elgoibarren. Bost gizonezko atxilotu dituzte erasoetan parte hartu dutelakoan, 18 eta 20 urte artekoak. Tonu larriz eman digute horren guztiaren berri hedabideek.

Eta, nola ez, ezkutuan daramagun xenofobia bazkatzeko aitzakia izan zaizkigu eraso hauek: magrebtarrak —beraz, basak— dira erasotzaileak. Halaxe dabil bolo-bolo sare sozialetan, ez datu, ez iturri. Zeinen erraz ahazten ditugun Abasolo Amantegi deitura sortzez garbiko eta futbolari ogibide nobleko erasotzaile indultatuak, edo Amaia Azkueren hiltzailearen DNA aratzarekin hartutako ezustekoa. Eta, bidenabar, gauaren eta leku ilunen arrisku eta komenientziarik ezaren mezu ezkutu eta sarkorrarekin blaituko gaituzte berriro emakumeok, gutako askoren urdailetan beldurraren bizipen paralizante eta indar ebaslea areagotzearekin batera. Alegia, nahi dugunean nahi dugun lekuan ibiltzeko eskubiderik ez dugula adieraziko zaigu berriz; hori bai, gure hobe beharrez, aitakeria onberaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.