Ia ahaztuak dauzka UHF taldeko kide modura 80ko hamarkadaren hasieran Donostiako new wave mugimenduan emandako urteak: «Anfetamina asko hartu genuen». Euskal Rock Erradikalaren garaietan igarotako desertua ez du oraindik ahazteko: «Mugimenduko kide ez ginenok zapaldu egin gintuen RRVk, ia desagerrarazi. Hamar urte galdu genituen». Edonola ere, gauzak asko aldatu direla uste du egun: «Burmuinak asko ireki dira». Eta musikaren munduan ere zubiak eraikitzeko une egokia dela uste du Rafael Berriok (Donostia, 1963). Lan berria prestatzen ari da dagoeneko, rock gordineko disko bat ere buruan dauka, eta Maite Arroitajauregi Mursego-rekin lan bat atontzen ari da. Bitartean Kafea eta Galletak ekimeneko protagonista izango da etzi, Gernikako gaztetxean (18:00etan, disko entzunaldia, eta 19:00etan, Berrioren beraren kontzertua).
Urtebete igaro da 1971 kaleratu zenuenetik. Laudorio asko jaso ditu lan hark. Nola jasotzen duzu lausengua? Nola eragiten dizu?
Eragin ez diezadan saiatzen naiz. Laudorioak ezin dira sinetsi erabat. Norberak jakin behar du zertan huts egin duen. Ateratzen den disko berri bakoitza aurrekoaren zuzenketa moduko bat da. Entsegua-hutsa-entsegua-hutsa zirkulua betetzen da. Ez dut ukatuko bai ni neu eta bai Joserra Senperena diskoaren ekoizle eta moldaketen egilea oso gustura gaudela azken emaitzarekin eta izan duen oihartzunarekin, baina kito, ez dut entzuten disko hori jada eta ez dut gehiago entzungo. Orain, berria interesatzen zait; hura gustatzen zait gehiago.
Simulacro kantuaren bideoak ia 30.000 bisita izan ditu YouTuben. Zure egungo musika inguruneak zenbat du simulakrotik?
Ez dakit ondo zein den nire musika ingurunea. Ez diot asko jarraitzen musikari. Etxean ere musika gutxi entzuten saiatzen naiz. Lagunen lanari erreparatzen diot; Joserra Senperenaren lanari, Diego Vasallorenari... Nacho Vegas asko gustatzen zait. Eta simulakroa badakigu non dagoen, musika komertzial deituriko horretan. Guk hortik aldenduta egon behar dugu. Musika minoritarioa izatearen aldekoa naiz.
Baten batek esango dizu ikuspegi elitista dela zurea.
Bai, edo aristokratikoa, baina horren aldekoa naiz. Arte elitista beharrezkoa da. Dena hasten da elite batetik. Arte elitistak egiten du tira gainerako arteetatik.
Azken diskoan rock mintzaira albo batera utzi duzu, eta bestelako doinuak egin dituzu zeure: chanson-a, kabareta, tangoa...
Bai, hala da. Gehiegizko ohorea egiten diogu musika eta kultura anglosaxoiari. Ez dut ulertzen. Guk jaso izan ditugu bestelako kulturak ere. Nire gurasoek entzuten zituzten Jacques Brel, Georges Moustaki, Charles Aznavour. Frantsesetan gehien gustatzen zaidana Barbara da, nahiz eta ezezagunena izan. Horien aldarri bat badago azken diskoan. Frantziar jatorriko existentzialismo solemne hori interesatzen zitzaidan. Niri horrela ateratzen zaizkit kantuak.
Zure azken diskoa ere oso solemnea da.
Bai, gehien-gehien kantu solemneak egitea gustatzen zait. Horregatik, orain ezinbestean akorde minorretan konposatzen dut. Rocka akorde altuekin egiten da, eta nik orain ezin dut. Arinegiak iruditzen zaizkit. Baina, harritzekoa, gogo handia dut rock disko bat egiteko. Egingo dut, ez dakit noiz, hurrengoa ez baita izango, baina egingo dut. Beti dut atzetik punk eta rock deabrutxoa gogorarazten The Velvet Undergrounden gitarra akople zoroak entzuten hezitakoa naizela.
Kafea eta Galletak-en entzunaldirako The Velvet Underground aukeratu duzu, hain zuzen ere. Zergatik?
Etxean beti entzun izan dut Velvet. Velveten musikarekin hezi izan naiz, nire anaia Iñakiren erruz [Iñaki Berrio idazlea]. Hori du on anaia zaharragoak izateak. Bera ni baino bost urte zaharragoa da. Velvet, Roxy Music, David Bowie... horiek guztiak entzuten nituen gaztetxo nintzela. Beste asko aukera nitzakeen, baina Velvet da kutunena niretzat, etxekoena.
Zer iruditzen zaizu Kafea eta Galletak ekimena?
Lehenagotik ezagutzen nuen, Giorgio Bassmatti eta Maite Arroitajauregi lagunek parte hartu zutelako aurretik. Oso ideia polita iruditzen zait. Diskoforum moduko bat da, 70eko hamarkada hartan egiten zirenen tankerakoa, eta ideia zoragarria da musikaz aritu eta musika zabaltzeko.
Maite Arroitajauregi aipatu duzu. Baduzue proiektu bat elkarrekin, ezta?
Bai, lanean ari gara. Astean behin elkartzen gara entseatzeko. Izugarri gustatzen zait Maitek egiten duena; artista handia da. Zuzenean ikusi nuenean pentsatu nuen nik ere halako zerbait egingo nukeela, ikuskizun bat osatzeko, baina ez kantuen inguruan, baizik eta poemen inguruan. Poemekin eta musikarekin performance moduko bat. Orain asko gustatzen zait errezitatzea, spoken word-en tankeran. Konturatu naiz poesia errezitatuz oso ekimen indartsua egin daitekeela, jendeari asko irits dakiokeela eta egin litekeela kantuaren eta poesiaren arteko hibrido moduko bat. Maite eta biok ariko gara, parez pare, eta gaztelaniak eta euskarak izango dute lekua.
@Elkarrizketa osorikhelbide honetan: www.berria.info/blogak/ kulturak
Rafael Berrio. Musikaria
«Gehiegizko ohorea egiten diogu musika eta kultura anglosaxoiari»
Iazko diskorik laudatuenetakoa kaleratu zuen: '1971'. Ibilbide gorabeheratsuaren ostean, kantu existentzialisten bidez bizitzari tripakiak ateraz ahots berezi eta propio baten jabe egin da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu