Historikoa izan da sindikatuek gehien errepikatu duten hitza. Poliziaren jardueraren gaineko zalantza ere agertu da balorazioetan. Haien lana kritikatu dute ELAk, LABek eta EAk. Nafarroako Gobernuak, berriz, guztiz defendatu du. Piketeek eragindako kalteak jarri ditu lehen planoan hark. Grebaren eragina desitxuratzen saiatzea leporatu diote langileen ordezkariek.
«Jendea masiboki atera zen kalera eskubide demokratiko bat gauzatzera: botere politikoari esan genion ez gaudela ados hartzen ari den neurriekin eta herritarren interesak lehenetsi behar dituela bankuen eta patronalaren aurrean», azaldu du Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko idazkari nagusiak. Haren esanetan, gobernua eta patronala oso kezkatuta daude herritarrek emandako erantzunarekin, eta, horregatik, protestaren eragina lausotzen saiatuko dira.
Hain zuzen, Nafarroako Merkatarien Federazioak emandako datuen arabera, 300 saltokik baino gehiagok izan zituzten kalteak grebaren eraginez, eta Enrike Maia Iruñeko alkateak kalkulatu du 108.000 euroko kostua izango duela horiek konpontzeak. Gertakari horiek gaitzetsi egin ditu ELAk, eta komertzioa krisiak gehien eragin dion sektorea dela nabarmendu du. «Hala ere, gaizki arituko ginake garrantzia horri eman eta nafar gehienek egindako ariketa demokratiko eta baketsua nabarmenduko ez bagenu».
Kexa, polizien lanarekin
Poliziaren «gehiegizko jazarpena» ere salatu du Lakuntzak, hainbat lagun zauritu zituztela gogoratuta. LABek El Corte Inglesen gertatutakoa aipatu du bereziki. «Langileek greba egin ez zezaten saiatu zen. Mehatxuen eraginez greba egitera ausartzen ez ziren langileen deiak jaso genituen». Nafarroako agintariek horren aurka ezer ez egin izana «lotsagarria» dela dio. «Kontrakoa, ordubete inguruan bueltaka ibili ziren mila pertsonen kontra kargatu zuen». Langile publikoak izan arren foruzainak El Corte Ingleseko zaintzaile lanetan aritu zirela gaineratu du. Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariaren dimisioa ere eskatu du, gertakarien erantzule piketeak egiteagatik.
Guztiz bestelako iritzia du Roberto Jimenez Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Barne sailburuak. «Foruzainen lana eredugarria izan zen; lanerako nahiz greba egiteko eskubidea bermatu zuten». Liskarrak ELAk eta LABek deitutako protestetan izan zirela nabarmendu du. «Gazte taldeak atera ziren, kasu batzuetan adingabekoak, eta haiek eragin zituzten kalteak. Argi dago CCOOren eta UGTren manifestazioetan ez zela aipatzeko moduko ezer gertatu».
Nafarroan ez ezik, Araban eta Bizkaian ere izan ziren Poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak. Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak Rodolfo Ares Barne sailburuaren agerraldia eskatu du. «Barne Sailak erantzukizun guztiak ukatu dituen arren, garrantzitsua da sailburuak azalpen guztiak ematea». Bi ertzaini ere egin zieten eraso herenegungo greban. Horietako bat larri dago: garezurra du hautsia.
Ezker abertzalearen, Aralarren, Alternatibaren eta EAren esanetan, Euskal Herriko langileriak lan harremanetarako euskal esparru propioa aldarrikatu du. Alternatiba sozioekonomiko bat garatzen ari direla iragarri dute.
Espainiari begira
UGT eta CCOO, berriz, Espainiara begira jarri dira. «Orain pilota Espainiako Gobernuaren teilatuan dago. Interpretazio egokia egin behar du, eta elkarrizketen bidea hartu behar du», esan du Jose Maria Molinero Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak. Iritzi berekoa da Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusia. Erreforma «era nabarmenean» aldatu ahal izateko, negoziazio esparru bat zabaltzeko eskatu dio Mariano Raxoi presidenteari.
Juan Goien Nafarroako UGTko idazkari nagusiak mugimenduak azkar egiteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. «Bestela segi egingo dugu, eta ez diogu bakean utziko. Egoera hau ezin dute jasan herritarrek». Grebak arrakasta izan duela dio, baina hauxe gehitu du: «Ikusi egin beharko dugu zenbateko etekina ateratzeko gai garen».
Fokuak puntu ezberdinetan
Greba «historikoa» izan da sindikatuentzat; istiluen bidez haren eragina lausotzen saiatzea gaitzetsi dute ELAk eta LABekForuzainen lana «eredugarria» izan zela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu