Parisko Senatuan talde sozialistaren hitzordua zuen agerraldiaren tenore berean. Hamarretan, bertan zen Frederique Espagnac senatari sozialista. Ariketa zaila da alderdi sozialistaren bozeramaile berri den senatariarentzat. Hala ere, presente egon da Aurore Martin libre uzteko antolatu diren ekitaldietan.
Bake Bideak eta Giza Eskubideen Ligak Parisen egin duten agerraldian presente zara. Zein da zure atxikimenduaren arrazoia?
Presente gara egun Parisen, gure sostengu osoa helarazteko Aurore Martini. Giza Eskubideen Ligaren egoitzan gaude, eta adierazgarria da hori bera. Elkarrekin egin dugu urratsa, baturik, erakusteko argi eta garbi ez dugula amore emanen, borrokan segituko dugula ahal bezain laster Aurore Martin libre egon dadin karrikan. Bederen ukan dezala presondegitik ateratzeko aukera.
Espainiara igortzea onartu ondoren, ba ote da hori gauzatzeko biderik,ba ote da aukerarik orain?
Uste dut biziki ahulak direla libre uzteko aukerak. Martinen abokatu Jone Goirizelaiarekin bildu behar dugu elkarrekin aztertzeko egin daitezkeen urratsak. Abokatua bera helegitea prestatzen ari da. Indarrak bildu, eta guztion artean erabaki beharko dugu zein diren ondoko urratsak. Ongi aztertu behar dugu zein egoeratan dagoen eta nolako aukerak dauden ahalik eta lasterren ateratzeko presondegitik.
Espainiak ez ditu errespetatu Paueko Auzitegiko epailearen ebazpenak, eta Frantziako erresuman egindako ekinaldiak ere leporatzen dizkio. Nola onar daiteke hori?
Atxiloketa eta kanporatzea arduragabeak badira, Espainiako epailearen jarrera onartezina da. Gogoratu behar da epaileak ez zuela onartu Martinen aurkako lehen euroagindu eskaera. Bigarrenean onartu zuen, baina soilik Espainian egindako ekitaldiak epaitzeko. Madrilgo epaileak ez du errespetatu, eta guztia sartu du txosten berean. Ez dago gure eskutan, baina bederen ahalegindu behar dugu epaileak atxiki dituen azken elementu horiek bederen ez ditzatela onar Martinen aurkako auzibidean.
Frederique Espagnac. PSko bozeramailea eta senataria
«Ez dugu amore emanen; borrokan segituko dugu Martin libre egon dadin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu