Erreakzioak

2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun

Iñigo Urkullu



EAJren EBBko presidentea

«Ezker abertzaleak ez ditzala txaloak espero, heroi bat balitz bezala». Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean, ezker abertzaleak herenegun eginiko adierazpenaren balorazioa egin du EAJren EBBko presidenteak. Haren ustez, «pauso bat» da ezker abertzaleak aitortzea ETAren biktimen mina. Hala ere, buruzagi jeltzaleak uste du «hori eta gehiago» zor diola euskal gizarteari. Urkulluren ustez, ETAri dagokio hurrengo urratsa egitea. «ETAri dagokio egindako minaren aitortza egitea».

Rodolfo Ares



Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua

Herenegun kaleratutako ohar batean, ezker abertzaleak egindako proposamenaren «hizkuntza eta edukia» kritikatu ditu Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Aresen ustez, «modu anbiguoan» mintzatu da ezker abertzalea, «esan behar duena ez esateko». «Atzo arte ez dute euren erantzukizun politikoa onartu jendaurrean». ETAri «desegin» dadin eskatu arte ezker abertzaleak ez duela «sinesgarritasunik» izango nabarmendu du Aresek.

Alberto Ruiz-Gallardon



Espainiako Gobernuko Justizia ministroa

Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Gobernuko Justizia ministroak azaldu du ez duela ezker abertzalearen adierazpenean aurrerapausorik ikusi. Tele5n eginiko elkarrizketa batean berretsi du ETA desegin arte gobernuak ez duela urratsik egingo. «Ez gara haien tranpan eroriko. ETA desegin arte, [ezker abertzaleak] ez du inolako zilegitasunik izango espetxe politikaren aldaketa eskatzeko». Espainiako Gobernuak ez duela «talde terrorista horretako kideekin» ezertaz hitz egingo gaineratu du Ruiz-Gallardonek.

Carlos Garcia Adanero



UPNko bozeramailea

Nafarroako Parlamentuko bozeramaileen batzarraren ondoren eginiko adierazpenetan, Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramailea gogor mintzatu da ezker abertzalearen proposamenaren aurka. Haren ustez, «modu zinikoan» mintzatu da ezker abertzalea, ETA amaitzeko eskatu gabe biktimen inguruan hitz egin duelako. «Hemen gerra bat egon dela eman nahi dute aditzera, eta hemen ez da halakorik egon inoiz. Hemen hildakoak egon dira, eta hiltzaileak».

Ikerne Badiola



EAko Komunikazio idazkaria

Konponbide prozesua sendotzeko «ekarpen zintzoa eta argia» egin du ezker abertzaleak, EAko Komunikazio idazkari Ikerne Badiolaren arabera. «Eragile politiko guztiok azaldu behar dugu gure bide orria», nabarmendu du. EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabala, berriz, «harrituta» azaldu da ezker abertzalearen proposamenaren aurka PSOEko eta PPko buruzagiek egin dituzten adierazpenekin. Poliziaren indarkeriaren biktimei buruz, ezker abertzaleak esandako «gauza bera» esateko eskatu die.

Borja Semper



Gipuzkoako PPko presidentea

Borja Semper Gipuzkoako PPko presidenteak «sinesgarritasun falta» leporatu dio ezker abertzaleari. ETBn egindako elkarrizketa batean, esan du ezker abertzalearen adierazpenak «albiste on baten itxura» izan dezakeela,«Euskadin zer gertatu den ez dakien batentzat». «Baina orain dela bi egun arte manifestazioetan ETA, hil itzazu oihukatzen zutenek orain keinu txiki batekin orria pasa eta gertatutako guztia ahaztea nahi dute».

Mikel Torres



PSE-EEko zuzendaritzako kidea

«Argiago» mintzatzeko eskatu dio ezker abertzaleari Mikel Torres PSE-EEko zuzendaritzako kideak. Nolanahi ere, aitortu du ezker abertzalea urratsak egiten ari dela. «Bidea luzea da, eta pauso txikietan ari dira bidea egiten; gizarteak, baina, pauso handiagoak eskatzen ditu». Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiarentzat ere, «urrats txiki bat» egin du ezker abertzaleak. «Duela 30 urte gainditutako egoera batera itzultzen saiatu dira, indarkeria eta biktimak maila berean jarrita», azaldu du.

Patxi Zabaleta



Aralarreko koordinatzaile nagusia

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiaren ustez, ezker abertzalearen proposamena «orekatua» da eta «oinarri sendoak ditu, aldebakartasunean eta pertsonen berdintasunean» oinarrituta dagoelako. Donostian eginiko ekitaldian izan zen Zabaleta, eta ezker abertzalearen adierazpena «gatazkaren konponbiderako ekarpen garrantzitsua» dela nabarmendu zuen. «Indar abertzale eta aurrerakoien arteko lankidetzarako ere lagungarria izango da», gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.