Zorrotza da. Aizkorakada garbiz mozten ditu galdeketak gaiarekin zerikusirik ez dutela iruditzen zaionean. Berdin dio nori moztu behar dion, abokatuari, akusazio partikularrari, edo fiskalari. Gustuko du esaldi hau: «Epaile bat definizioz presioaren profesional bat da», eta presioen zurrunbiloak ez harrapatzeko ahaleginak egiten ditu, aurrean dagoena dagoela.
Javier Gomez Bermudez epaileak (1962 Alora, Malaga, Espainia)ez da ohiko epailea Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzitegiak erakutsi duen joera orokorrean aldaketa batzuk egin eta eragin ditu, baina ez du erabat aldatu hango jarduteko modua. Dena ETA da tesiari kolpe gogora eman zion Egunkaria eta Udalbiltza auzietako absoluzio epai sendoekin, eta bera hasi zen atxilotuek inkomunikazio aldian egindako testigantzei balioa kentzen, esandako hori baieztatzeko beste zantzurik ez zegoen kasuetan.
Ez da auzitegiko ardi beltza ere, baina gainerako epaileetatik bereizten dituen ezaugarriak ditu. Han batere ohikoa ez den puntualitatea maite du, eta Zigor Salako presidente eta bigarren salako epaimahaiko buru zenean liskarrak ere eragin zizkion horren bere epaimahaikideekin. Hala esan zuen behin Egunkaria auziko epaiketan: «Hemen, etxe honetan ez dago ordutegirik: hamar minutu ematen dituzu, hogei pasatu dira eta [beste bi epaimahaikideak] ez dira jaitsi».
Zigor Salako buru izan aurretik Espetxe Zaintzako epaitegian aritu zen. Zigor Salako buru zela Martxoaren 11ko atentatuen epaiketa gidatu zuen, besteak beste. Eta orain, instrukzio epailea da, Zigor Salako buru hautatu zutenean Fernando Grande Marlaskak hutsik lagatako auzitegian.
Auzitegietakoa ez da Gomez Bermudezek Euskal Herriarekin duen lotura bakarra. Egunkaria auziko epaiketan Joan Mari Torrealdairi esan zion: «Nik estimu handia diot euskarari. Emaztearen ama bizkaitarra da, eta euskaraz badaki. Eta Gabonetan euskal gabon kantak kantatzen aritzen gara».
Soslaia. Javier Gomez Bermudez
Epaile atipikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu