Osasuna. Nutrizioa

Espezia eta usain belarrak

Jakiak eragargarriagoak egiteko bidea ematen dute espezia edo bizigarriek. Neurrian erabiliz gero, ez dute jakien zaporea estaltzen, eta osasunarentzat onuragarriak izan daitezke. Edonola ere, norberaren osasun ezaugarriak ezagutzea komeni da kaltegarria suerta ez dadin.

Patata, oilasko eta eltzekoen zaporea bizitzeaz gain, hesteen garbitzaile ere bada ezkaia. BERRIA.
Arantza Lorenzo.
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Janariaren zaporea indartzen dute espeziek eta usain belarrek. Batik bat, usainarengatik eta dituzten propietateengatik erabiltzen dira belarrok. Garrantzitsua da zaporeetan oreka bilatzea, eta gozagarriaren edo espeziaren zaporeak janariarena ez estaltzea. Horregatik, oso kopuru txikian erabiltzea komeni da. Edozeinek erabil ditzake, baina hipertentsioa pairatzen dutenentzat oso lagungarri izan daitezke, gatzaren ordez erabilita, janarien zaporea bizitu eta otorduak erakargarriago egiteko.

Abantailak

Jateko gogo gutxirekin dabiltzanei jateko gogoa eragiten die, jakien zapore eta usain gozoa areagotzen dutelako.

Digestiorako oso beharrezkoak diren urinen jariaketa handitu egiten dute, eta digestioa erraztu.

Hesteetako haizeak gutxitzen dituzte, batez ere: ezkaiak, oreganoak, kuminoak, eneldoak, erramuak, mihiluak eta anis berdeak.

Esan bezala, gatzaren ordezko izan daitezke, oso baliagarriak hipertentsioa (piperbeltza izan ezik) eta giltzurrun eta bihotz gutxiegitasuna dutenentzat.

Janarien kontserbazioa areagotzeko erabil daitezke: ezkaiak, kanelak eta iltzeek onddoen ugalketa eragozten dituzten propietateak dituzte.

Desabantailak

Urdaileko mukosa narritatzen dute batez ere minak diren espeziek, besteak beste, txileak eta piperbeltz beltzak.

Alergiak: Zenbait pertsonak alergia sintomak aurkezten dituzte espeziak kontsumitu ondoren: eztula, sudurreko hazkura, tripako minak, azalean pikortak edo hazkura… Erne horrelako zerbait sumatzean. Ohitzea: Janariak beti bizigarriekin prestatuta jateko ohitura hartzen badugu, espezia edo belar usaintsurik gabe prestatzean janaria motela dela irudituko zaigu. Askotan kantitate gehiago behar izaten da gozotasun hori antzemateko.

Espezie erabilienen propietate eta eragozpenak

Perrexila: Landare horren hostoak usain eta zapore berezia ematen die hainbat jakiri. Gainera, burdinan aberatsa da. Anemia kasuetan, beraz, jakiei perrexila gehitzeak lagundu egiten du. Bestetik, efektu diuretiko eta bizigarria du. Hainbat jakiren lagungarri den tomate saltsa egiteko erabil daiteke. Halaber, lehenengo eta bigarren plater askorentzat aproposa izan daiteke: pasta edo arroza muskuilu, ganba eta perrexil apur batekin; barazki purea perrexilarekin; arraina edo haragia saltsan perrexilarekin; baratxuri, tipulin eta perrexil tortilla, besteak beste.

Erramua: Edozein janariren kazolara (pasta, arroza, saltsak…) erramu hosto bat gehitzen badiogu (prestatu ondoren erramua kendu), digestioa errazago egin, eta haize gutxiago sortuko ditugu.

Erromeroa: Eltzekarietan erabiltzen da. Behazuna hustea eragiten du. Behazun arazoak dituztenentzat gomendagarria.

Ezkaia: Patata, oilasko eta eltzekarien zaporea bizitu egiten du. Hesteen garbitzaile eta antiseptikoa —mikroorganismo kaltegarrien garapena eta ugalketa oztopatzen du— ere bada.

Oreganoa: Landare horren orri eta loreak gozagarri gisa erabiltzen dira. Pastari, lekei eta pizzei gehitzen zaie. Hesteetan haizeak sortzea galarazten du.

Kuminoa: Zapore indartsuko fruitu txikia da. Entsalada, barazki, arroz, oilasko, saltsa eta eltzekoetan erabiltzen da. Babarrunak eta aza prestatzerakoan apur bat erantsi eta hesteetako haize gutxiago eragiten dute.

Kanela: Azala bera edo hautsa saltzen da. Zapore gozoa du, eta postreak gozatzeko erabiltzen da gehienbat. Digestioa errazten du, eta lehorgarria da. Ultzera dutenei ez zaie komeni hartzea.

Iltzea: Zapore mina eta gozoa du aldi berean. Oro har, bizigarria da eta gosea pizteaz gain, haize gutxiago sortzen laguntzen du ere. Gastritisa edo ultzera dutenenentzat ez da komenigarria hartzea, eta dosi handietan kaltegarria izan daiteke digestio aparatu guztirako.

Piperbeltza: Beltza, gorria eta zuria bereizten dira. Piperidina alkaloideak ematen dio zapore mina piperbeltzari. Horrek urin gastrikoen ekoizpena areagotzen du, janari pisuen digestioa erraztuz. Ez erabili gastritisa, ultzera, pankreatitisa, hemorroideak edo tentsio altua izanez gero.

Laburbilduz:

Espezie eta belar usaintsuekin jakia erakargarriago egin daiteke, zalantzarik gabe. Gainera, zenbaitetan abantailak eskaintzen dituzte. Edonola ere, gogoan izan janarien prestakuntzan oso kopuru txikiak behar direla. Ongi jakin behar da zein espezia erabili, norberaren osasun ezaugarrien arabera, ondorio kaltegarriak saihesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.