Khmer Gorrien lau bururen aurkako epaiketa hasi dute Kanputxean, genozidiogatik

1975etik 1979ra izandako genozidioaz leporatuta, lau agintari ohi epaituko dituzte hurrengo hilabeteetan

2011ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Hasi da Kanputxean 35 urtetan izandako epaiketarik garrantzitsuena. Horrekin batera, bi milioi lagun hil zituen genozidioaren erantzuleak epaitzeko azken aukera. Datozen egunetan, Phnom Penheko Nazioarteko Auzitegian, orain arte ezkutuan zeuden lau agurek lehenaldiko mamuei aurre egin beharko diete, Khmer Gorriek 1975etik 1979ra bitartean eginiko genozidioa ordaintzeko.

Hil ez diren taldeko buru bakarrak dira akusatuak, eta genozidioa, gerra krimenak, torturak eta errepresioa leporatu diete fiskalek. «Nazien aurkako Nuremberg prozesuaz geroztik izandako kasurik garrantzitsuena da», dio Andrew Cayley fiskalak, II. Mundu Gerraren ondoren eginiko epaiketa burura ekarriz.

Nazio Batuen Erakundeak eta Phnom Penheko gobernuak elkarlanean sortutako ez ohiko auzitegiak orain bost urte ekin zion lanari, Khmer Gorrien sarraskiko biktimei justizia ziurtatzeko helburuarekin. Orain arte, Kaing Guek Eav Duch irakaslea zigortu dute bakarrik, tortura gune bateko buru izateagatik. Urtebete geroago eseri dira akusatuen aulkian Khieu Samphan presidente ohia, Nuon Chea erregimenaren bigarren burua, Ieng Sary atzerri ministro ohia eta Ieng Thirit Gizarte Gaietako ministro ohia. Lau egun iraungo du lehen faseak, eta irailean iritsiko da lekukoen txanda.

Lehenaldiko zauria

1975etik 1979ra bitartean, Kanputxean erregimen maoista bat indarkeriaren bidez ezartzen saiatu ziren Khmer Gorriak, eta bidean bi milioi hildako eragin zituzten, herrialdeko populazioaren laurdena. Lau urtean, hiriak hustu eta biztanleria landan bizitzera behartu zuten, «hiriko kultura eta bizimodua» behin betiko desagertzeko. Kapitalismoaren aurkako gerran dirua, autoak eta jabetza pribatua egun batetik bestera lurperatu, eta Kanputxea estatu hermetiko bilakatu zuten. Hori gutxi balitz bezala, betaurrekoak zeramatzaten, atzerriko hizkuntza bat zekiten edo goi mailako ikasketaren bat zuten pertsonak berreziketa guneetara eraman zituzten; beste asko hil egin zituzten zuzenean.

Lau urtean aritu ziren khmer gorriak sarraskiak egiten, 1979an Vietnamek Kanputxea okupatu zuen arte. Orain, 35 urte igaro ondoren, genoziden aurkako zigor gogorrak espero dituzte herritarrek. Baina zaila dirudi, akusatuak 79 eta 85 urte bitartean dituztelako, eta epaiketak urteak iraun dezakeelako. Cayley fiskalak arazo hori aitortu du, ez baitaki epaituak kasua amaitzerako bizirik egongo ote diren.

Epaiketa funtsezko froga izango da auzitegia biktimek espero duten justizia emateko gai den ala ez ikusteko. Iaz Duch torturatzaileari 35 urteko zigorra ezarri zioten, baina hemeretzi urtera jaitsi diote. Erabaki horrek Kanputxeako egoera nahaspilatsua areagotu baino ez zuen egin, eta, ondorioz, tentsioak gora egin du auzitegian.

Politikari askok epaiketa ez egitea eskatu dute, eta Hun Sen lehen ministroak berak argi adierazi du: «Epaiketa bakarra izango da, aurrera egiteak gerra zibil bat ekarri dezakeelako». Prozesua amaitu bezain pronto auzitegia desegiteko asmoa duela jakinarazi du lehen ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.