Nietzsche eta Europa

2013ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Bere azken liburuan, Europa alemanaz mintzo zaigu Ulrich Beck soziologo ezaguna. Europaren jabe izan nahi du Alemaniak. Friedrich Nietzschek inola ere ez zuen Europa «alemaniartzerik» nahi. Zer esango ote luke gaurko Alemaniaren aginte gosea ikusiko balu?

Nietzschek higuina zion chauvinismoari, eta Europaren ideia ipini zuen ideologia germaniarraren gainetik. Azken urteetan, bereziki, hitz gogorrak esan zituen Alemaniaren kontra, Europaren aurrerabidea galarazten zuelakoan. Harrigarria da, hortaz, nazionalsozialismoak haren pentsamendua bereganatu nahi izana.

Bere garaiko Alemania kritikatu zuen, teutomano eta arrazistatzat hartuz. Arbuiatu egin zituen bai alemaniarren «abertzalekeria» bai aleman nazionalismoaren ideiak. Zera utzi zuen idatzita: «Deutschland, Deutschland über alles da, agian, inoiz izan den kontsignarik ergelena». Aberrigabeei, espiritu libre eta kosmopolitei (hots, «guri, europar zintzooi») eskaini zien bere «zientzia alaia».

Nietzschek zioenez ez da Europa germaniartu beharra dagoena, baizik eta Alemania da europartu beharrean dagoena. Aleman ona izateko «desalemaniartu» egin behar da lehenik. «Desalemaniartzea da alemaniar ona izatea» (Tragediaren jaiotza). Are gehiago: «Alemanen arbuiatzailerik handiena izatea da nire ametsa» (Ecce Homo).

Europaren alde filosofikoki borrokatu zen lehen pentsalarietakoa izan zen Nietzsche. 1879an idatzitako Bidaztia eta bere itzala liburuan «nazio europarren Liga» proposatu zuen: han, herri bakoitzak bere lekua izango zuen («kultura atzeratuetako gizakiek ere euren balio propioa baitute»). Nietzsche europazale eta aberrigabearentzat Europa zen egiazko aberria, eta ez aleman nazioa. Nazionalismotik urrun zegoelako, «europar ona» zen Nietzsche. Uste osoko europazalea eta kosmopolita. Jakin bazekien egunen batean Europaren Batasuna egin egingo zela.

«Dirua izango da Europa potentzia bakar batean batzera behartuko duena», idatzi zuen 1885ean. Ezin da esan igarle txarra izan zenik: Europak batasun ekonomiko gisa egin du aurrera batik bat. Europa batua —Nietzscheren pentsabideetan, beti ere— nazio-Estatu demokratikoaren antidotoa izango da. Hala, nazio-Estatua, erresumina eta demokrazia oro har gainditu egingo dira. (Garai hartan, bateratze europarraren ideia ez zen artean ulertzen, baina gauzatu egingo zelakoan zegoen Sils-Mariako pentsalari bakartia).

Aberrigabea, antikristaua eta europar ona zen Nietzsche: «Hitz batean, honek izan behar du gure ohore hitza, europar onak gara, Europaren oinordekoak, aberatsak eta mukuru beteak, baina baita espiritu europarraren milurtetako oinordeko arras behartuak; alde horretatik kristautasunetik gatoz eta beraren kontra gaude» (Zientzia alaia).

Nietzscherentzat, «Europa» alferrikako tradizioa ez, baina etorkizuneko proiektu «intenpestibo» bat da, europar nazioak hondatzen dituen erdipurdikeriari ihes egiteko bide bakarra. «Axola zaidana—zioen— jada geldiro, eta zalantzaz, iradokitzen den zerbait, Europa Batua da. Zerbait izatera iritsi ziren nazioek inoiz ez zuten erakunde liberalen bidez beren izaera iritsi. Arrisku handiek eman zieten begirunea merezi duen zerbait». «Politika Handiaren» ordua da orain, Europaren ordua. «Abertzalekeriak» desagerraraziz, nazioz gaindiko kontzientzia sortu beharra aldarrikatu zuen erabakitasunez.

«Basamortua hazten ari da», idazten du Nietzschek Zaratustra-n, bere libururik garrantzitsuenean. Abaildurik, ahuldurik, gaixorik dago Europa, nihilismoak hartu baitu mendean. Horregatik, «azken borrokarako beharrezkoa da arma berri bat. Mailua. Erabaki izugarria eragin, Europa hautabidearen aurrean ipini: bere gainbehera nahi al du? Erdipurdikoikeriatik gorde. Lehenago hil». Gai izango al da Europa «politika handi» hori mundu mailara eramateko? «Beharbada», erantzungo du, Europak bizi dituen tirabira handiez ohartuta.

Europa salbatzea da, hortaz, Nietzschek bere buruari ezarri dion eginkizun neketsua. Kristautasuna jotzen du irauli beharreko baloreen iturburutzat. Idealismo platonikoaren eta kristau nihilismoaren aurka borrokatuko da, bizitzaren ardatza «haraindikoan» ezarri dutelako. Bai mentalitate sokratikoa nola kristaua ahuleziaren eta gainbeheraren sintomatzat zeuzkan. Harentzat, positibismoa, sozialismoa, aurrerazaletasuna eta gainerako utopiak nihilismoaren mozorro sekulartuak baino ez ziren.

Gurean, Jon Mirande, euskal idazle Nietzsche zalea, guztiz bat zetorren alemaniarraren europartasunarekin. «L´appel angoissé de Nietzsche s´adresse aussi à nous: soyons de bons Européens!» («Nietzscheren izu deia guri ere zuzendua dago: izan gaitezen Europar on!»). Beste batean: «Nik uste dut lur-zati honetako biztanle guztioi Europar on izatea dagokigula, orain dela eun bat urte Nietzschek jadanik aholkatzen zigun bezala». Nazionalismoa mespretxatzen zuen, «aberkabea» zen, baina0 europeista zinez amorratua: «Europa federal baten barruan bere nortasuna, bere etnia jatortasuna begiratuko dituen Euskal Herri batentzat borrokatu nahi dugu», idatzi zuen. Nietzscheren antzera, Europar espiritu eta kultura basaren, paganoaren, aristokratikoaren aldekoa zen paristar zuberotarra («paganu egon gara bethi gure izaiki-zolan, egiazko Europatarrak oro diren bezala»).

Nietzsche pentsalari liluragarria da, baina baita arriskutsua ere. Haren Europa ez da gurea. Ez zuen Europa federal eta demokratikorik nahi, «gizaki gorenek» zuzendutako Estatu baterakoia baizik. Halere, nahiz eta haren ideia asko osoki arbuiatu, Nietzsche aintzakotzat hartu beharra dago, «europar ona» den aldetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.