AEB Ameriketako Estatu Batuek ETA «talde terroristatzat» hartuko dute hemendik aurrera ere, herrialde horrek Espainian duen enbaxadore Alan Solomontek azaldu duenez. Madrilen eskaini duen prentsaurreko batean, Solomontek esan du ETAk indarkeria utzi izanak ez duela aldatu AEBek talde armatuaren inguruan duten ikuspuntua. «Ez dut uste ETAri buruz dugun iritzia aldatuko dugunik, 900 pertsona hil dituen talde terrorista bat delako».
Nolanahi ere, Solomontek azaldu du AEBetako Gobernuak begi onez hartu duela ETAren indarkeriaren amaiera, baina deitoratu egin du erakunde armatuak desegiteko erabakia hartu ez izana.
Ignacio Cosido Espainiako Poliziaren zuzendari nagusiak, berriz, ohartarazi du Poliziak «erne» jarratuko duela, ETAk indarkeria behin betiko laga duen arren. «Poliziaren erronka nagusia ETA izango da uarrerantzean ere», azpimarratu du Cosidok, Poliziaren buru berriek kargua hartzeko ekitaldian. Hortaz, ETAren aurkako borrokaren «abangoardian» jarraituko du Poliziak, haren esanetan.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroa ere izan da poliziaburu berriek kargua hartu duten ekitaldian, eta bide beretik hitz egin du hark ere. Ohartarazi duenez, «zuzenbide estatua ez dago geldirik» eta ETA desagertzen ez den bitartean, Espainiako segurtasun indarrek «erne» jarraituko dute.
Amaiur ere hizpide izan du Barne ministroak. Fernandez Diazi ez zaio gustatu koalizioak presoen afera Kongresura eraman nahi izatea, eta honako hau eskatu dio taldeari: presoentzat «onurak» galdegin beharrean, ETAri behin betiko desegiteko eska diezaiola.
AEBek ez dute aldatuko «ETAri buruzko iritzia»
Cosidok esan du Espainiako Poliziaren lehentasuna ETAren aurkako borroka izango dela aurrerantzean ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu