Parisek eman zion bultzada Javier Ziga (Iruñea 1877-1960) margolariaren ibilbide artistikoari. Haren garairik emankorrena izan zen, sortutako obra kopuruagatik eta baita haien kalitatearengatik ere. Bi urtez egon zen Frantziako hiriburuan, 1912tik 1914ra, eta orduko lanak bildu dituzte Iruñeko Kondestable jauregian. Orotara taula eta oihaletan margotutako 27 olio paratu dituzte, eta ekainaren 21era bitarte ikusgai izanen dira.
Artelan batzuk pribatuak badira ere, erakunde publikoen margolanak ere ikus litezke Iruñeko erakusketan. Adibidez, El mercado de Elizondo (Elizondoko merkatua), ikusgai direnen artean obra nagusia eta aurten ehun urte bete dituena. Lan hori Iruñeko Udalarena da. Zigak 1914ko Udaberriko Saloian aurkeztu zuen, Parisen, nahiz eta orduan Paysans basques (Euskal nekazariak) izena paratu zion. Garai hartan izendatu zuten ere Saloi Nagusiko kide. Horrek guztiak oihartzun zabala izan zuen Nafarroako hedabideetan, eta nafar ororen garaipentzat edo maisulantzat hartu zuten kazeta batzuek. Haren kalterako, urte hartan I. Mundu Gerra hasi zen, eta Frantzia utzi behar izan zuen.
Pello Fernandez erakusketako komisarioak Parisen erakutsitako obra horren zehaztasunak eman ditu aurkezpenean. «Merkatua oso narratiboa da, baina hori baino gehiago bada. Etnos eta ethos dago hor: herri baten jarrera, kultura eta hizkuntza, batetik, eta lekua, bestetik. Protagonistak begiratzen gaitu, emakume zaharra da, baina duintasun eta moral handikoa. Arima hori koadroaren atzean dago».
Hain zuzen ere, hori da Fernandezek artista iruindarraren obrengandik nabarmendu duena: haien atzean dagoena. «Bere artelanen lehenbiziko irakurketa erraza da, baina bigarrena eta hirugarrena sakonagoa dira». Hala, Ziga egiaren eta esentziaren artista dela esan du, eta koadroen atzean dagoen esentzia aldarrikatu nahi izan du. Horregatik, Zigak metapintura egiten zuela dio.
Elizondoko Jaime Urrutia kaleko arkupeetan ageri diren herritarren koadroaz gainera, Sena ibaia eta Parisko hainbat toki esanguratsu biltzen dituzten taula txikiak azpimarratu ditu komisarioak. 10x15 neurrikoak dira, eta han Parisen ohikoa zen plenairismoa antzeman liteke. «Nola egin zitekeen hainbeste hain gutxirekin?», dio komisarioak. Horrekin jarraitu zuen Euskal Herrira itzultzean ere. «Eskola klasikokoa izanda, paisaiek eta pertsonek osatzen duten natura gauzarik perfektuena zen berarentzat».
Parisen kontrara
Frantziako hiriburuan egonda Iruñean eginen ez zituen beste lan batzuk sortzera ausartu zen Ziga. Adibidez, Combinación de la ruleta (Erruletaren konbinazioa) deitutako biluzia. Emakume bat ageri da, jantzirik gabe, mahai-tapiz baten gainean, parean erruleta bat duela. Kolore kontraste handiko margolana da. «Erliebe eta itzalak maisuki landu ditu», dio Fernandezek.
Orduan kulturaren hiriburua zen Paris, komisarioaren arabera: librepentsamenduarena, argiaren hiria, kosmopolitismoaren muina, bizi-askatasunaren paradigma. «Parisen teknika berriak hartu zituen, pintzelkada askeagoak, hodeitsuagoa, orban mantxak erabili zituen... horrek gero jarraituko du». Zigarengan hainbeste eragina izan zuten inpresionismoa eta postinpresionismoa, baina, azkenetan zeuden. Arte figuratiboarekin hautsi zuten abangoardiak sortu ziren: kubismoa, abstrakzioa...
Margolari iruindarrak ez zuen bide hori hartu. «Inpresionismoa bere erara moldatu zuen: Paristik hainbertze gauza hartzen dituen pintura da, baina bere egiten du». Errealismo perfektuaren alde egin zuen Zigak, hala hasi zuen ibilbidea, eta hala bukatu zuen. Diego Velazquez miresten zuen, eta nabarmen eragin zion bere obran.
Edouard Maneten eragina ere nabarmena du bere obretako batzuetan. «Manet eta Ziga hizkuntza berak lotzen ditu: naturalismoak», esan du Fernandezek. Nanet eta Mademoiselle Yvonne koadroak jarri ditu artista frantsesaren eraginaren erakusle. Erretratuak dira bi horiek, eta Kondestablen erretratu anitz ikus litezke. Horietako bat Nicanor Urdanpilletari egindakoa. Zigaren ibilbidea babestu zuen mezenasa izan zena. Badira ere ijitoak eta majak agertzen dituzten hainbat obra, kastizismoa landu baitzuen. Haien artean, Gitana y guitarrista (Ijitoa eta gitarra jotzailea) artelana Paristik ekarri dute.
Erretratuetako askotan ikus liteke Zigak askotan erabiltzen zuen teknika: kontrastearena. Fernandezek esan duenez, beti horren bila ibiltzen zen. Konposizioa eta perspektiba ere kontu handiz lantzen zituen. «Elizondoko merkatuan oso ongi ikusten dakonposizioa, nola ordenatzen dituen pertsonaiak, eta perspektiba, nola lortzen duen espazio erreala eta argiak eta ilunak erabiliz kutxa eszeniko hori sortzea». Lehen planoa argiztaturik dago; erdikoa, ilundurik; eta bukaerakoa, argituta. Velazquezen Las Meninas obran bezala, alegia.
Autorretratua
Aipatzekoa da Zigak Parisen emandako garaian sortutako Autorretratua. Hiru egin zituen: 1908koa lehenbizi, ibilbide artistikoaren hastapenetan. 1912koa da bigarrena, «Ziga betea», haren ibilbideko garairik onena. Hirugarrena 1950ean, ibilbide artistikoaren bukaeran, «nekatutako Ziga». Ez da gutxiagorako. Frankismoak kartzelan sartu zuen Iruñean EAJko zinegotzi izandako margolaria, eta diktadurarekin batera, horrek eragin negatiboa izan zuen harengan.
Errealitatean perfekzio eske
Javier Zigak 1912tik 1914ra Parisen sortutako margolanak biltzen dituen erakusketa zabaldu dute IruñeanUdaberriko Saloian aurkeztutako Elizondoko merkatuaren obrak ehun urte bete ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu