Euskal Herriko Ahotsak proiektuak hamar urte bete ditu, eta orain arte egindako lana gogoratzeko, atzo jaialdi bat egin zuen Elgetan, Espaloia kafe antzokian. Proiektua herri guztietako euskalkiak eta hizkera guztietako lekukotasunak biltzeko asmoarekin hasi zen, eta horretan jarraitzeko asmoa du. Urteotan laguntzaile izan dituzten ehunka herritarren lana eskertu nahi izan zuten bereziki.
Badihardugu Deba ibarreko elkarteak (Gipuzkoa) hasi zuen proiektua. «Orain dela hamar urte oso baliabide gutxirekin hasitako proiektua nola hazi den ikustea oso pozgarria da. Behetik hasitako proiektua da, lagun askoren parte hartzearekin», gogoratu du Asier Sarasuak, elkarteko presidenteak.
Hamar urteotan lan handia egin dute Euskal Herriko ahozko ondarea biltzen. 265 herritako lekukotasunak jaso dituzte Euskal Herriko zazpi lurraldeetan. Herri txiki eta handietan ibili dira lekukoen bila. Aurtengo urterako Euskal Herriko toki guztietako lekukotasunak izatea zen haien helburua. «Herri bakoitzetik, gutxienez, lekuko bat izatea zen asmoa. Hizkera guztiak jaso ahal izatea». Baina ez dute lortu oraindik. Ipar Euskal Herriko lekukotasunak falta zaizkiebatez ere.Baina gainontzeko herrialdeetan, eta, batez ere, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban euskaldun zaharrak dituzten herri gehienak eginak dituzte. Gipuzkoa dute osatuena, herri txikienetik handienera ibili dira lekukotasunak jasotzen. Donostian berean ehundik gora elkarrizketa egin dituzte.
Webgune berritua
Elkarrizketatuaren ezaugarriak aukeratzerakoan, gizon eta emakumezkoen oreka mantentzeaz gain, nagusienei eman diete lehentasuna, 90 urtetik gorakoak direnei. «Herrian bizi eta bertako bizimodua ezagutu dutenak dira egokienak. Hiztun hoberenak oso ezkutuan egoten dira. Guretzat, soslai hoberena anonimoa da. Asko dute esateko, bizi luzea izan dute, eta bizimodua asko aldatu da hirurogei eta laurogei urteotan», dio Sarasuak. Euskara batuaren oihartzun gutxi jaso duen azkeneko belaunaldia da elkarrizketatzen ari direna. Baina euskalkiak jaso ez eze, ikuspegi soziologikotik eta etnografikotik garrantzi handia duen lana ere egiten ari dira. «Pertsona nagusiak elkarrizketatzen ditugu, eta antzinako kontuak eskatzen dizkiegu. XX. mendeko bizimoduaz, ohiturez eta sineskerez corpus nahiko handia daukagu».
Elgetako ekitaldian, hamar urteotan laguntzaile izan dituzten ehunka lagunei eskerrak emateaz gain, ahotsak.com webgune berritua aurkeztu zuten. Webguneak bost urte bete ditu, eta orain horren itxura hobetu egin dute. «Webgunearen atzean datu base bat dago, eta horren egitura ez da askorik aldatu», azaldu du Sarasuak.
Sare sozialek eta bideoek garrantzi handia hartu dutela jakinik, bultzada bat eman diote horri. Webgunea sortu zutenean, ehun bideo zituzten sarean, eta orain 14.000 dituzte. Baliabide txiki batzuk gehitu dizkiote, eta komunitatearen atala sortu dute, proiektuan lagundu dieten lagunen zerrenda gehituta. «Elkarrizketak eta kontaktuak egiten, hiztunak bilatzen, grabazio eta transkripzio zaharrak moldatzen... jende askok lagundu digu. Horien lana azaleratu nahi izan dugu, eta laguntzaile bakoitzak bere fitxa izanen du, zertan aritu den zehazten duena».
Etorkizunera begira, taldearen erronka nagusia orain arteko lanari jarraipena ematea izanen da. Orain arte lehentasuna grabazioak egitea izan da. Aurrerantzean, lekukoak biltzeko lana ahaztu gabe, hedapenak hartuko du garrantzia. «Hedapenean urrats handiagoak egiteko garaia iritsi da. Bildutako materiala ikastetxeetan erabiltzeko lehen pausoak eman ditugu». Hitzarmenak egin dituzte Gasteizko Filologiako Fakultatearekin, Paueko Unibertsitateak Baionan duen Iker taldearekin eta Ixa taldearekin, besteak beste.
Hamar urte ahotsak biltzen
Ahotsak egitasmoak hamar urte darama Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzen, Bizkaitik Zuberoaraino. Laguntzaileen lana eskertu zuten atzo Elgetan egindako ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu