Igel bat, bere buruaz trufaka

Duela 50 urte ekin zioten Txomin Peillen eta Jon Mirande idazleek 'Igela' aldizkari heterodoxoa argitaratzeari, ParisenKritika gogorrak jaso, eta urtebetean sei zenbaki kaleratu ostean isildu zen betiko

Juan Luis Zabala
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
«Alkar maita ezazue, esan duen, Kristoren gatik Kurutzada odoltsuenak egin dira eta heretikoak eun millaka il. Guk —Igela-n— elgar gorrota, elkar higuint ezazue, doktrina bezala erabilliko dugu eta zuek kontrarioa egingo duzutelakoan, hola erabagi eta deliberatu dugu egitea». Igela aldizkariaren lehen zenbakiko lehen artikulutik hartutako pasartea da, egileek argitalpen hari ezarri zioten umorezko tonu bihurriaren adibide. Duela 50 urte, 1962ko otsailean argitaratu zuten lehen zenbaki hura Txomin Peillen eta Jon Mirande idazleek, Parisen, aldizkariaren izen nagusiaren ondoan «Euskaldun heterodoxoen errebista» izendapena ezarrita.

«Ideia hori izan nuen pentsatuz gauza batzuk ezin zirela publikatu inon, zeren eta zentsura zegoen Hegoaldean, eta puritanismoa ere bai», ekarri du gogora Txomin Peillenek (Paris, 1932). «Gauza asko ezin argitaratuak ziren, Egan-en eman dezagun, eta Euzko Gogoa-n ere berdin, zeren eta Euzko Gogoa-k askatasuna galdu zuen Baionarat etorri zenean. [Jokin] Zaitegik hemen bazituen zentsoreak, [Pierre] Lafitte eta beste».

Umorezko aldizkariak izan zituen eredu nagusi Igela-k, sortzaileek umore modernoaren falta sumatzen baitzuten euskal letretan. Errusiako Krokodilia, AEBetako Mad, Espainiako La Codorníz eta Frantziako Le Canard enchaîné ezagutzen zituzten, eta haien gisako zerbait egin nahi izan zuten. «Baina euskal mundutik» sortua, «ikusirik garrantzitsuena nork bere buruaz barre egitea zela, ez bagenuen geure buruaz barre egiten galduak ginela». Horixe baita heldutasuna, Peillenen ustez, nork bere buruaz barre egitea. «Eta hori ez da erraza».

Aldizkariari Katastrophe izena ematea ere izan zuten buruan hastapenean —«grezierazko hitzaren jatorrizko zentzuan, hots, aldaketa adierazteko, ez kataklismoa»—, baina animalia baten izena hobetsi zuten, atzerriko eredu haiei jarraituz.

Federico Krutwig, Juan San Martin eta Jon Miranderen konplizitatea bilatu zuen Peillenek Igela abian jartzeko, eta Andima Ibiñagabeitiaren bultzada ere hasieratik jaso zuen, Caracasko erbestetik. Diruz eskas zebiltzan hala Mirande nola Peillen, eta nekez gauzatuko zuten aldizkaria Parisen bizi zen mauletar bukinista batek inprenta lanak erraztu ez balizkio Peilleni, bere makina erabiltzen utzita. «Nik papera erosten nuen, neure sakelatik, eta lana ere egiten nuen: inprimatze lana, azalak lotu, postaz bidali…», dio Peillenek. «Lan guztia nik egiten nuen, Mirandek ez baitzuen erraztasunik esku-lanetarako».

Oso aldizkari xumea izan arren, aurkako erreakzio gogorrak eragin zituen Euskal Herrian. «Askok gu antiklerikaltzat jo eta gure aurka azaldu ziren. Enbata, demokrata kristaua baitzen abiatu zenean, aurka izan genuen, eta Herria ere bai, bistan da, Lafitterekin».

Aldekoak eta kontrakoak

Aldeko erreakziorik ere izan zen, Jean Haritxelhar lehen harpidedunarena adibidez. «Eta beste batzuk ere bai Hegoaldetik. Idazleen artean Krutwig, San Martin, Ibiñagabeitia… Anjel Irigaraik bidali zigun kantu bat apez baten kontra idatzia, andre bat izorra utzi eta abandonatu zuela kontatuz. Laguntzaileen artean izan genuen Beñat Possompes ere, La Sorbonneko katedraduna. Komunista zen, baina miresten zuen gure ausartzia». Eta baziren anonimo batzuk ere. Hirigoi ezizenarekin bi poema bidali zizkidan norbaitek Donostiatik, pixka bat erotikoak baina umoristikoak era berean. Susmoa banuen Nemesio Etxaniz zela».

Igela-k jorratzen zituen gaiak ez ziren «literatura kultuan» agertzen, «baina herriko literaturan bai», Peillenen iritziz. «Hartu genituen herriko literaturatik gauza asko. Berriki aurkitu dugu Mirandek 1946an, euskara ikasten ari zela, herri kantuen bilduma bat egin zuela, entzundakoak ahala bezala kopiatuz. Zuberoan badago tradizio heterodoxo bat, maskaradekin, astolasterrekin eta abarrekin; hori guztia eredu bat izan zen Miranderentzat, eta hori agertzen da Igela-n».

«Ez zuen arrakastarik batere izan» aldizkariak, ez du horretaz dudarik Peillenek atzera begiratzean. «25 harpidedun izan genituen, eta beti gure sakelatik dirua jarri beharrean izan ginen. Gainera, izugarrizko propaganda egin zen gure kontra». Horregatik, urtebete baino ez zuen iraun aldizkariak, eta sei zenbaki baino ez zituen kaleratu. Ez horregatik bakarrik ordea: «Gainera, Mirandek ez zuen gehiago idazten; utzi egin zion pixkanaka idazteari. Ez zuen politikaz gehiago hitz egiterik nahi, eta literaturaz hitz egiteari ere pixkanaka-pixkanaka utzi zion».

Igela-n idatzi zirenak gaur egungo ikuspegitik berrirakurtzean, «orduko iskanbila haiek» nekez ulertzekoak iruditzen zaizkio Peilleni. «Ikusten denean zer egin duen ondotik Napartheid-ek edo Ostiela!-k edo beste hainbatek… argi dago gu baino askoz urrunago joan direla. Garaiak aldatu dira, baina orduan bi zentsura genituen: Elizarena eta Gobernuarena. Eta batzuetan geure burua kontrolatzen genuen. Gauza batzuk ez genituen argitaratu gogorregi zirelako».

«Goizegi etorri ginen», horra Peillenen ondorioa. «Hamar urte geroago, dena askoz errazagoa izango zen». Pozik da hala ere gero etorri diren batzuek —Ostiela! aldizkariak eta Igela argitaletxeak, besteak beste— «eredutzat hartu dutelako Igela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.