Sudanen eta Hego Sudanen mugan gogortu egin dira borrokak

«Gerraren bidea» aukeratu izana leporatu dio Khartumek Jubari, eta bertan behera laga dituzte negoziazioak

Erredakzioa
2012ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Sudango Gobernuak jakinarazi du bere armadak «berehala» berreskuratuko duela Heglig eskualdea. Joan den astearteaz geroztik, Hego Sudanen esku dago petrolio erreserba handiak dituen ingurua. Bi herrialdeen arteko mugan dago Heglig, eta bai Khartumek eta bai Jubak eurentzat aldarrikatzen dute.

Azken asteetan borrokak gogortu egin dira bi herrialdeen arteko mugan. Izan ere, eremu horietan daude petrolio erreserba handienak: Hegligen eta Abyein. Hegligen, esaterako, Sudango petrolioaren %70 dago. NBE Nazio Batuen Erakundeak, AB Afrika Batasunak eta Arabiar Ligak tropak Hegligetik ateratzeko eskatu arren, Salva Kir Hego Sudango presidenteak berretsi du bere armadak ez duela atzera egingo. «Gerraren bidea» aukeratu izanaleporatu dio Khartumgo gobernuak Jubari.

Negoziazioak, etenda

Sudango Ministro Kontseiluak, Omar al-Baxar buru duela, Hego Sudanekin negoziazio oro etetea erabaki du, eta bere armadak mugako lurrak berreskuratzeko operazioa hasiko duela iragarri du. Iazko uztailaren 9an aldarrikatu zuen independentzia Hego Sudanek, baina oraindik konpontzeko dituzte mugen eta petrolioaren auziak, besteak beste.

Baina ez da Khartum erasoez kexu den bakarra. Sudango armadak atzo Hego Sudango Banitu herria airez bonbardatu izana salatu du Jubak. Mugatik 60 kilometro hegoaldera dago herria, Al-Wahda probintzian. EB Europako Batasunak mugako borrokak eteteko eskatu die bi herrialdeei, elkarren lurraldeak errespetatzeko. Bi armadak egiten ari diren operazioak «onartezinak» direla salatu du Bruselak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.