Jarraian, Bildu, Aralar, PSE-EE eta EAJko batzarkide taldeek adostu duten ebazpena, hitzez hitz:
•Gipuzkoako Batzar Nagusiek aintzat hartzen dute ETAk, Aieteko Adierazpenari erantzunez, ekintza armatuak behin betiko utzi izana.
•Gipuzkoako Batzar Nagusiek diogu beharrezkoa izango dela aurrerapausoak ematea adiskidetzean, aitorpenean, konpentsazioan eta biktima guztien laguntzan, sortutako mina aitortuz eta pertsonen eta gizartearen zauriak sendatzen lagunduz.
•Gipuzkoako Batzar Nagusiek aldarrikatzen dute denbora epe laburrenean bide politikoetatik soilik arituko diren sentsibilitate eta ideologia guztiak legalki onartuak izatea. Horretarako, ardura duten organo eta erakundeek arin eta arduraz jokatu behar dute, abian diren prozesuen luzapena saihesteko, helburu horri kalte egin baitezaiokete .
•Gipuzkoako Batzar Nagusien iritzian, funtsezkoa da, bakea, normalizazioa eta bizikidetza prozesua sendotzeko, eragile politiko guztiek konpromisoa agertzea aniztasunarekin eta guztion eskubide eta askatasunekin. Hori hala, guztien arteko eta bazterketarik gabeko elkarrizketak aldarrikatzen ditu, Mitchell printzipioetan oinarrituta.
•Gipuzkoako Batzar Nagusiek berresten dute Eusko Legebiltzarrak 2006ko urriaren 6an onartu zuen ebazpena. Honela dio:
Presoek euren familia ingurunetik gertu egon behar dute.
Espainiako espetxe erakundeek aintzat hartu behar dituzte preso guztien oinarrizko eskubideak.
Gaixotasun larriak dituzten presoei berehala ezarri behar zaie [Espainiako Konstituzioaren] 92. artikulua artikulua.
Egungo egoera berria kontuan hartuta ezarri behar da legea, eta praktikara eraman behar da zigorraren parte handiena bete duten presoen askatasuna.
Espainiako Gobernuari eskatzen zaio, Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta, ahalik eta azkarren eskualdatzeko espetxeei buruzko eskumenak EAEra eta Nafarroara.
[Batzar Nagusiek] aldarrikatzen dute giza eskubide guztiak inolako salbuespenik gabe defendatzeko konpromisoa. Baita herritar guztiei ere, preso daudenenei ere bai, euren eskubideak, politikan parte hartzeko eskubidea barne, baliatzeko eskubidea bermatzea.
Erredakzioan itzulia
Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutako ebazpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu