Etxerat-ek salatu du preso dituztela kalean behar luketen 168 lagun

Apirileko gertaeren berri eman, eta presoen egoerak ez duela hobera egin ohartarazi dute haien senideek

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
639 herritarrek osatzen dute egun Euskal Preso Politikoen Kolektiboa. Horietatik 7 Euskal Herriko 4 presondegitan daude, 479 Espainiako 47 espetxeetan, 137 Frantziako 30etan eta bana Portugal, Ipar Irlanda, Ingalaterra eta Mexikon. 11 etxean dituzte, espetxealdi arindua ezarrita, eta bat, Frantziako Autun konfinatuta. Horrez gain, kalean behar luketen 168 presok kartzelan jarraitzen dute: zigor osoa, 3/4 edo 2/3 bete dituzten 168k eta horietatik oso gaixo dauden 14k.

Etxerat elkarteak eman du datuen berri, azken hilabetean haien hurkoek bizitako hainbat gertaerekin batera. Ondorio argia atera dute datuetatik: «Egoerak berdin jarraitzen du. Euskal Herrian bakea eta konponbidearen alde lan mardula egiten ari bada ere, Espainiako Gobernuak presoen egoera berdin mantentzen du oinarrizko eskubideak urratuz eta konponbidea galarazi asmoz».

Luxuak, beharrak, baldintzak

Presoen eskubideak errespetatze bidean ez dela aurrerapausorik eman salatu du; «oinarri-oinarrizko bizi baldintzak ez dira errespetatzen». Adibide sinpleekin azaldu dute presoen egunerokoa: «Ziegatik ordubete baino gehiago atera ahal izatea luxu bat da gure senideentzat».

Dueñasen, Lander Maruri presoa 15 egunez bertigoekin, sukarrarekin eta migrainarekin egon den arren, ez dutela espetxetik aterata medikuarengana eraman kontatu dute; Pello Olano 15 egunez izan zutela Jaengo espetxetik Murtziakorako bidaian; Topasen,erratzbat edukitzea debekatu dietela; Ibon Fernandezek zimitza intsektuak dituela Valdemoroko ziegan; Sevillan preso batzuk bi hilabetez egon direla ur berorik gabe. Horiek, besteak beste.

Elikadura lehen kaxkarra bazen, orain are gehiago okertu dela azaldu dute. Krisiaren eraginez murrizketak egin dituztela, janaria gutxitu egin dietela, eta kanpotik erosteko aukera txikitu. Fruta eta antzekoak erosteko aukera murriztu diete gehiena. Eta, zenbait lekutan, gosea pasatzen dutela ere jakinarazi dute.

Guzti horrez gain, presoek funtzionarioen jipoiak jasan dituztela salatu dute. Senideek dakitenez, Liher Rodriguezek jaso du azkena, Soto del Realen. Hori salatzeko, hiru eguneko baraua egin dute hango presoek. Bestetik, isolamenduak ohiko izaten jarraitzen du senideen hitzetan; berez salbuespenekoa dena arrazoirik gabe ezartzen ari zaie presoei.

Leku aldatzeei dagokienez, Aitziber Plazaola eta Ainaiz Ariznabarreta Alcalatik Estremerara eraman dituzte, Ekaitz Samaniego Zaballatik Topasera eta Peio Olano Jaenetik Murtziara. Aitor Lorente Fleurytik Soto del Realera eraman dute, estraditatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.