Bizkaitar Argiak saria emango diete «biktima guztiei»

Liskar iturri izan da gaur emango duten titulua; PSE-EEren, EH Bilduren eta PPren kritikak izan ditu

Erredakzioa
Bilbo
2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Bizkaiko Diputazioak gaur eguerdian emango ditu Bizkaitar Argiak tituluak. «Biktima guztiei» emango dizkie sariak, Unai Rementeria bozeramaileak atzo jakitera eman zuenez. «Inongo bazterketarik gabe», ETAren biktimei, «GALen gisako indarkeria talde mota guztietako biktimei», Poliziaren indarkeriaren biktimei etafrankismoan «fusilatutako funtzionario foralei» emango dizkie sariak.

Horrexek, hain justu, sortu du liskarra. PPk aurkeztutako testu batetik dator ekinbidea. Saria «terrorismoaren biktimei» ematea proposatu zuen PPk, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zen testua. EH Bildu kontra azaldu zen, biktima guztiak ez zirelako kontuan hartzen. Orain, ordea, asmoak aldatu egin ditu diputazioak, eta horrek PSE-EEren eta PPren haserrea ekarri du. Hasierako testua aintzat hartzen ez bada ekitaldira ez dela joango jakinarazi du PPk, eta zalantzak eduki ostean, desadostasunak desadostasun, ekitaldian egon egingo dela erabaki du PSE-EEk. «Terrorismoaren biktimak bakarrik» omentzen ez «ausartzea» eta «okerreko jarrera» edukitzea aurpegiratu dio Iñaki Egaña PSE-EEko diputatuak EAJri.

EH Bilduk, bestalde, oraindik ere pentsatzen du biktima guztiak ez direla kontuan hartzen, eta ekitaldian parte hartuko duen arren, adierazpenak egingo ditu hori salatzeko. Gainera, Frankismoaren zigorgabetasunari tolerantziarik ez lelopean egingo den elkarretaratzean parte hartuko du.

Nafarroan, alde batekoak

«Terrorismoaren biktimak» omendu zituen atzo Nafarroako Gobernuak. Yolanda Barcina presidenteak eta Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak hartu zuten parte atzoko ekitaldian. Hamahiru biktimari eman zieten Ezagutza Zibilaren Errege Ordenaren oroigarria. Barcinak esan zuen biktimak direla «gizartearen erreferentzia onena», «jarraitu beharreko adibidea, eta akuilua, sistema demokratikoa hobetzeko orduan».

Fernandez Diazek ohartarazi du lanean jarraituko dutela «hainbeste kalte eragin dutenentzat inpunitaterik ez dadin egon». Espainia, «terrorismoaren biktimekin» beti zorretan egongo dela gaineratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.