EAJk eta Alternatibak baikor hartu dute Egiaztatze Batzordearen agiria

Fernandez Diazek ETA antolatzen ari dela esandakoak okerrak direla agerian dago, Matutek esan duenez

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak (NEB) kaleratutako agiria baikor hartu dute EAJk eta Alternatibak. NEBek ETAk bere erabakiak atzera bueltarik ez duela jakinarazi diola zabaldu ostean ohar bana kaleratu zuten, batzorde horren lana goraipatuz. EAJk esan du batzordeak lan «zorrotza» eta «serioa» egin duela, eta horrek «baketze prozesuaren atzeraezintasunarekiko baikortasuna indartu» egiten dituela. EAJk berak dituen informazioei «koherentzia eta zentzua» ematen diela nabarmendu du Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruak.

Bakearen bidean lanean jarraitzeko EAJren konpromisoa «indartu» egin du agiri horrek, Urkulluren esanetan, «behin betiko bakeak ekar dezan Euskadirentzako elkartasun eta askatasun aukera berria». Izan ere, lanean jarraitzeko asmoa du EAJk. Lankidetzan jarraitzeko borondatea duela jakinarazi dio NEBeri, eta gauza bera egiteko konpromisoa azaldu die «inpartzialki eta asmo onarekin Euskadin bake iraunkorra eraikitzeko lanari ekingo dioten eragile eta talde guztiei».

Babesa adierazi dio Urkulluk Egiaztatze Batzordeari. Egunotan, beren deiari erantzun dien solaskide kopurua handitzea lortu dutela goretsi du, eta itxaropena agertu du, «ahal den denbora laburrenean» talde politiko guztiek haren lanarekin bat egiteko.

Alternatibako bozeramaile Oskar Matute ere «oso baikor» agertu da NEBeren iragarpenaren ostean. Hark esandakoek euskal gizartearen gehiengoaren iritzia berresten dutela uste du Matutek, eta alderantziz, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ETA antolatzen ari dela esanez egindako hitzak ezeztatu egiten dituela. «ETAren erabakia, borroka armatua lagatzekoa, behin betikoa da».

Matutek ere goraipatu egin du Egiaztatze Batzordearen lana, eta haiek esan bezala, oraindik egiteko asko dagoela berretsi du.

PPko Antonio Basagoitik, berriz, egiaztatzaileak «gerretan soilik» erabiltzen direla esan zuen; «hemen ez da inoiz gerrarik izan. Beraz, egiaztatzerik onena ETAk armak entregatzea da eta justiziaren esku geratzea».

Lopez-Raxoi bilera

Testuinguru horretan, bilera egingo dute gaur Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Madrilen. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, ekonomiaz eta ETAren amaieraz hitz egingo dute. Espetxe politika «malguagoa» eskatuko dio Lopezek Raxoiri.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ere presoei buruz hitz egin zuen atzo, eta esan zuen haien «etsairik handiena» ETA bera dela.Hori argudiatzeko, gaineratu zuen, erakunde armatuak ez diela euskal presoei espetxe onurak eskatzen eta onartzen uzten. Gai horretan Gobernuak hartu beharreko neurrien inguruan azken hitza Mariano Raxoik duela ohartarazi zuen Fernandez Diazek.

Atzo jakin zen, bestalde, Raxoik heldu den asteartean bilduko dela Iñigo Urkullurekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.