Xabier Montoia. Idazlea

«Errealitatea izan da arazorik handiena nobela idazterakoan»

Seme baten atxiloketak Deustuan ikasitako aspaldiko lau lagunen arteko harremana nola aldatzen duen azaldu du 'Azken afaria' nobelan. Kontaketa polifonikoa erabili du horretarako, «inoren alde edo kontra egin gabe».

Igor Susaeta.
Donostia
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
«Garai batean, aspaldi, guardia zibilak soilik etortzen ziren hona», bota du Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955), Donostiako Antigua auzoko taberna batera sartzerakoan. «Baina aldatu zituzten jabeak, eta giroa zeharo ezberdina da geroztik». Azken afaria (Susa) haren zazpigarren eleberrian aipatzen dituen kontuak, ordea, ez dira hain aspaldikoak, eta botereak eta haren poliziek jendea nola tratatzen duen kontatzen du, baina horrek guztiak pertsonengan eragiten dituen ondorioez mintzo da, batez ere. Denbora luzez eduki du hori guztia gogoan, eta lortu du barrenetik erauztea, arindu ederra hartuz. «Hurrengo neuran nago jada». Futbol partida bat dago ikusgai tabernako pantailetako batean, eta aitortu du Bartzelonaren zalea dela, Rivaldok txilenaz gol bat sartu zuenetik. «Eta Ronaldinho? A zer nolako pozez jolasten zuen». Ibilbide emankorrekoa nola musikan hala literaturan, dezentetan hautsi ditu ezarritako moldeak; baita futbola eta artea lotzea ezinezkoa dela dioena, esaterako. Dena erlatibizatuz, ordea. «Azken finean, hiltzera goaz».

Zure esanetan, ongi biziaren apostoluak lokatzetan sartu nahi izan dituzu, «besteek egunero irentsi behar dutena proba dezaten». Zer sorrarazten dute zugan ongi biziaren apostolu gisa definitzen dituzun horiek, nobela batera eramateko?

Hori nik esan al dut [umorez]? Harrigarria... Tira, horrelako jendearekin eragozpen estetikoak ditut, batez ere. Ez zait gustatzen nola hitz egiten duten, nola mugitzen diren... Ez zait gustatzen nola dauden munduan. Eta horregatik... Beno, ez dakit horregatik den, baina uste dut baietz.

Horregatik narrastu dituzu? Horregatik sartu dituzu lokatzetan?

Beno, egia esanda, ez nuen asmo hori nobela idazten hasi nintzenean. Funtsean historia erreal batzuk daude, benetan gertatutakoak, eta gertatu zirenean segur aski izutu nindutenak, edo harritu nindutenak behintzat. Buruan izan ditut urtetan. Hori kanporatzeko gogoa edo beharra nuen. Hau [Azken afaria] ez da lehen saiakera izan, egon ziren-eta beste batzuk lehenago. Batez ere bukaeran, historia hori nigandik, nire gogotik, erauztea zen helburua.

Zer dira, zuretzat, «ongi biziaren apostoluak»?

Orain daukagun hau saldu digutenak dira. Azkeneko 20-30 urteetan horretan ibili dira; beharbada, lehenagotik ere bai. Hemen agindu izan dutenak, beti nagusiak izan direnak, eta segur aski nagusi izaten jarraituko dutenak.

Ez diezu siglarik jarriko...

Gainera, ez da sigla bakar baten kontua; hala balitz, gaitz erdi. Kontua da horrelako jendea sigla guztietan dagoela. Hori osatu dut, batez ere, idazten dudalako, literatura maite dudalako, istorioak ditudalako buruan, eta modu horretan agertzen zaizkidalako.

Liburuan badira bizpahiru istorio benetako zure lagunei gertatutakoak ez hain aspaldi.

Ez, ez, ez dira nire lagunak, eta ezagutu ere ez ditut egiten. Historia horiek bildu ditut, urtetako dokumentazio lan baten ondorioz. Prentsatik hartutakoa da %90a, eta ez dut ia inorekin hitz egin.

Atzera gogoratu zenituen orain 10-15 urteko atxiloketak, torturak, trasladoak, sumarioak eta beste, dokumentazio lan hori egiten ari zinela. Nolabaiteko amorruak eraman zaitu istorio hau kontatzera?

Bai, bai... Iruditzen zitzaidan jende horren egoera hain zela latza, eta batez ere injustua... Horrek amorrarazten ninduen; ezintasun horrek, ezta? Ikusten duzu botereak, oro har, nola tratatzen duen jendea, eta zer-nolako ezintasuna bizi duten pertsona horiek; bai protagonistek, eta baita ni bezalako ikusleek ere.

Urte haien kronikari ekarpen bat egin diozula sentitzen duzu?

Ekarpena ez. Nik ez dut horrela planteatzen. Literatura, nire ustez, ez da boterearen kontra borroka egiteko. Horretarako balioko balu, primeran, baina ez, literatura apalagoa da, beste esparru batean mugitzen da. Ez dut inoren alde, edo inoren kontra egin. Ez nobela hau ez beste edozein ez dut arma bat gisa planteatzen.

Dokumentazio lan handia egin behar izan duzula adierazi duzu. Ohi baino gehiago?

Dudarik gabe. Pentsa, liburu hau idazteko beste bat idatzi behar izan nuen historia bera kontatuz! [umorez].

Zer sentitu zenuen gertaerak gogoratzerakoan? Beldurra, adibidez?

Fantasma zahar batzuk azaltzen ziren historia horiek eta bizikizun horiek ekarrita. Egia esan, ez dut inoiz zalantzarik izan horrelako lazgarrikeriak gertatzen zirenik. Denok jakin izan dugu. Baina, tira, hasten zarenean pare bat historiatan sakontzen, ikusten duzu biktimak asko direla. Biktima ez da bakarrik hori zuzenean sufritu behar izan duena. Hori da nagusiki, noski, baina bere ingurukoen sufrimendua ere handia izan da eta izaten ari da.

Hori nabarmendu nahi izan duzu.

Bai. Izan ere, beste aldea agertu izan da beste batzuetan, eta ez ninduen gehiegi erakartzen, nahiz eta kasu askotan izugarria, heroikoa, eta beste izan. Batez ere, gurasoen nozitzea interesatzen zitzaidan. Kontaketa polifonikoa egiten saiatu naiz nobelan; alegia, batasun batean ahots eta historia ezberdinak jartzen.

EAJren orbitakoa da Felix Goñi, lokatzetan sartu dituzunetako bat, protagonista nagusia. Atutxa eta Balzaren izenak ere ageri dira liburuan, eta ez dituzu toki onegian uzten.

[Ez du utzi galdera osorik egiten]. Nobelan bi izen horiek azaltzen diren zatian, ez dago nire iritzirik inon. Nik kontatzen dut gertatutakoa.

Hautu kontzientea izan al da inor pozik ez uztea?

Ez, hori ez da izan nire asmoa, baina nik testuarekiko zintzo jokatu behar dut, batez ere. Gainerakoa ez zait ajola.

Zintzo, gainera, gertatu zenarekin...

Bai, baina ez horrenbeste, nobela bat baita; alegia, fikzioa. Eleberri hau idazterakoan arazorik handiena errealitatea izan da.

Zer esan nahi duzu?

Gauza batzuk gertatu dira, baina gero paperean ez dira sinesgarriak. Hain dira latzak, non sinestezinak bihurtzen dira. Gertatutako gauza asko, eta orrialde asko, kendu behar izan ditut horregatik.

Errealitateak erraz gainditzen du fikzioa, hortaz.

Noski, eta zailtzen du errealitatea bera sinesgarri izatea! Liburuan lau prozesu agertzen dira, baina errealitatean askoz ere gehiago izan ziren! Hori izan da zailena nobela osatzerakoan. Inolako zalantzarik gabe, beste ezer baino askoz ere zailagoa!

Eta ez zinen geratu gauza gehiago sartzeko gogoarekin?

Bai, baina gero irakurleak daude, argitaletxekoak... Eta esaten dizute: «Hau, beharbada, egia da... Baina paperean ez dirudi». Segur aski ni ez naizelako gauza izan hori sinesgarri bihurtzeko.

Adiskidetasuna, traizioa, barne munduaren azterketa eta gainbehera pertsonala dira, besteak beste, liburuaren gai nagusietakoak. Zure literaturan erabili izan dituzu beste batzuetan. Zergatik heltzen diezu horiei?Ia-ia nahigabe azaleratzen zaizkizu?

Sinets iezadazu: ez dut inoiz nobela bat hasten, zera pentsatuz: «egin dezadan traizioari buruz». «Edo egin dezadan nobela bat neurosiari buruz». Behin ere ez. Tira, nonbait, agertzen dira...

Baina zure nobelek, narrazioek, edukiko dute abiapunturen bat...

Edukiko dute, baina nik ez dakit zein den... Edukiko dute, baina hori psikoanalistentzako lana da.

Eleberriaren lau kapituluak egituratzeko, hiru teknika narratibo erabili dituzu: elkarrizketa, kronika objektiboa-edo, eta barnerako bidaia bat, bakarrizketa moduan egin duzuna. Zergatik horrela?Aipatu duzun polifonia horri bide egiteko?

Batez ere horregatik, bai. Gaiari buruzko beste nobela bat idatzi nuen, eta hartan dena bakarrizketa bat zen. Ia 500 orrialdeko paragrafo bakarreko kontaketa, erabat biribila. Ez nintzen oso konforme geratu. Erreposatzen utzi nuen, eta hasi nintzen pentsatzen beste estrategia batzuk erabili behar nituela, baten ahotsa entzuten zelako bakarrik, eta ez zelako hori zehazki nik nahi nuena.

Ariketa estetiko gisa idatzi zenuen dena paragrafo bakarrean?

Ez. Garai hartan uste nuen ahots horrek horrela hitz egin behar zuela. Pentsatzen nuen egin nezakeela kontaketa horrela, baina emaitza ez zen izan nik espero nuena, noski [barrez].

Zure lan egiteko moduan ohikoa al da erabaki erradikal horiek hartzea?

Beno, beste nobela batzuk ditut kajoian [barrez]. Eta beste ipuin asko... Kajoiak beteta dauzkat.

Lehen kapituluan bazkaritarako elkartzen diren lau lagunetatik hiruk badute garrantzia Azken afaria-n: Kosme Astorekak, Juanjo Roderak eta Goñik. Baina zein rol eman nahi izan diozu Samuel Salaberria taldeko idazleari?

Oso ondo. Pozten naiz. Galdera hori entzun nahi nuen. Begira, elkarrizketarik ez emateko arrazoietako bat zen hauxe bera. Orain nik kontatu behar dizut zein rol duen Salaberriak, baina ez dizut kontatu nahi, eta ez dizut kontatuko. Niretzat Salaberriak rol oso inportantea dauka nobelan. Baina ez diot eleberriaren nire irakurketa inongo irakurleri inposatu nahi.

Baina zuretzat pozgarria izango da jendeak jakin nahi izatea zein den, adibidez, Salaberriaren rola...

Bai, bai, jendeak eduki dezala jakin-min hori! Horretarako jarri dut. Hori ere izan da nire asmoa. Nik badakit zein den haren rola, baina badakit nire nobelan, nire buruan dagoen horretan.

Lehen kapituluko bazkariko elkarrizketak halako enkontruetan erabili ohi diren topikoekin bete dituzu: futbola, gizonkeriak, axaleko elkarrizketak... Zer adierazi nahi izan duzu horrekin?

Ni egon izan naiz horrelako txokoetan, eta horrelako jendearekin; gainera, dezentetan. Ezagutzen dut giro hori, eta badakit zertaz ari naizen. Gauza horiek ez ditut aipatu kasualitatez. Bakoitzak bere funtzioa dauka nobelaren barruan. Hor daude elementu horiek, gero, nolabait, etorriko denarekin edo pertsonaiekin harreman bat daukatelako.

Elkartzen dira bazkaritarako, afaritarako, eta beharbada hain ohikoa ez den mimoz deskribatzen duzu zer jaten den, zer edaten den, zer erre, eta zergatik gainera.

Haiei galdetu diet. Gauza horiek asko esaten dute pertsonaz; zein ginebra edaten duten, esate baterako. Nik gehienak ez nituen ezagutzen, baina detaile txiki horiek asko esaten dute pertsonaiaz.

Lan handia eman dizu liburuak. Zeren arabera geratzen zara pozik?

Uste dut idazle bat bera ere ez dela poz-pozik geratzen sekula. Liburuak bukatzen dira, noizbait bukatu behar direlako, eta zugandik atera behar dituzulako erotu baino lehen. Hor daude, baina... Egia esan, nobela hau idazteko bi idatzi ditut... Gelditu naiz, ezin nuelako gehiago. Badakit hobea izan zitekeela, nola ez!

Inoiz ez duzu komunikabideetan literaturaz hitz egin. Mintzo zaitez, mesedez, euskal literaturaz, esaterako. Zer atsegin duzu?Zer gabezia dauzka?

Ba ez dakit... Bai, ni idazlea banaiz, baina batez ere irakurlea naiz. Orduan, irakurlea naizen aldetik pozik nago; inoiz baino kontentuago, egia esan. Itzulpen politak kaleratzen ari dira, eta hemengo sortzaileek ere gauza politak egiten dituzte. Urtero egoten dira dozena erdi bat liburu txukunak, onak, egokiak. Alde horretatik, pozik. Gero, oro har, euskal literaturak eta beste literaturek ez naute kezkatzen. Baina iruditzen zait literatura, musika bezala, edo beste hainbat arte bezala, aurreko mendeetan eduki duen ikusgarritasuna galtzen ari dela mundu osoan, kontatzeko beste era batzuk sortzen eta nagusitzen ari direlako. Horrek denak kezkatzen nau, baina tira, erlatiboki... Beste hamaika gauza bururatzen zaizkit askoz ere gehiago kezkatzen nautenak.

Pena emango dizu, behintzat...

Esaten dute ezkorra naizela, baina gizon-emakumeak, jaiotzen garenetik, galtzeko jaiotzen gara, eta gure ahaleginak alferrikakoak izango dira, hori edozein dela ere. Hori da nire abiapuntua... Pena pixka bat ematen dit, bai, baina gehiago nire gainbehera pertsonalak, esate baterako. Bartzelonaren gainbeherak literaturarenak baino askoz ere gehiago kezkatzen nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.