Vicente Larrea eskultoreak zazpi obra eman dizkio Arte Eder museoari

Artista bilbotarrak 1967. eta 2002. urteen artean brontzez eta altzairu herdoilgaitzez ondutako piezak daude ikusgai

Vicente Larreak zazpi eskultura utzi ditu Arte Eder museoaren esku. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Vicente Larrea eskultore bilbotarrak zazpi eskultura eman dizkio dohaintzan Bilboko Arte Eder museoari. Horietako sei brontzezkoak dira, eta bat, altzairu herdoilgaitzezkoa, denak 1967 eta 2002. urteen artean egindakoak. Bizitza baterako espazioa I (1967), Katea 3 (1968), Hutsik gelditu den kartzela baterako proiektua (1969), Santimamiñe bat bis (Trenbideetako langilea) (1971), Achucarro, Alzola eta Hoffmeyer (2002), Churruca (2002), eta Bastida (2002). Dohaintza honen garrantzia nabarmendu du Javier Viar museoko zuzendariak. «Eduardo Txillida, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea aitzindari izan ziren euskal eskulturan, eta bigarren belaunaldi bat osatzen du Vicente Larreak, Remigio Mendiburu eta Rafael Ruiz Balerdirekin batera».

Eskultura multzoa museoko 32. aretoan dago ikusgai, museoko bilduman aurretik zeuden Larrearen beste lau piezarekin batera; Omenaldia Kirikiñori (1966), Anduia 2 (1967), Forma zentrokideak (1968), eta Dodekathlos (1997-1998). Guztira, Larrearen 11 eskultura daude museoan.

Eskultura eraikitzaile eta geometrikoekin izan zuen hastapenetatik abiatu eta elementu organikoen garapen librean oinarritutako estilora heldu arteko bidea egiten dute lanek. Azken eskultura horiek etengabeko lamina batez daude eraikita, itxura naturalekoa eta lodiera aldakorrekoa dena. Bertan, masak, itzalean dagoen hutsuneak eta ertzen marrazkiak hartzen dute parte.

Euskal arte abstraktuaren belaunaldiaren barnean dago Larrea. 1968an hasi zen abstrakzioarekin, izaera eraikitzaile geometriko, lerrozuzen edo bihurgunetsuko eskulturen bitartez. Baina lan horiek ez zuten iragarri etortzear zegoen obra. Denbora batez, forma geometriko eta organikoak uztartu ondoren, bigarrenen alde egin, eta apurka, forma konplexu eta itxiagoak gailendu ziren bere obran, barruan zutena guztiz ezkutatu arte.

Larrearen esanetan, «eskulturak norberaren bizitzaren ondorio dira». Erakusketak artistaren ibilbideari gainbegiratu bat egiten dio nolabait; izan ere, 45 urte baino gehiago dituzte ikusgai dauden artelanetako batzuek, Ebaristo Bustinza idazlearen omenez egindako Omenaldia Kirikiñori obrak, esaterako. Oraintsuagokoak diren eskulturen artean ezberdintasunak nabarmenak dira.

Artelanak, kalean bertan

Larreak adierazi du benetan gustatzen zaiona bere obrak aire librean egotea dela. Museoari dohaintzan emandako Achucarro, Alzola eta Hoffmeyer, Churruca eta Bastida lanak, burdinaz eta neurri handiagoan egindako izen bereko piezetarako brontzez egindako maketak dira. Tamaina handiko obrak Bilboko San Jose plazan daude, eta omenaldia egiten diete hiriaren definizio urbanistikoaren alde lan egin zuten ingeniari, hirigile eta arkitektoei. Kalean ikusgai dagoDodekathlos ere. Museoari 2003an emandako obraren dagokion bertsioa Bilboko Euskalduna jauregiaren aldamenean dago jarrita. Dodekatloiko hamabi probak egiten zituzten atleten eta, era berean, Euskalduna ontziolako langileen omenez egin zuen Larreak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.