Carlos Fuentes hil da, Latinoamerikako literatur berriaren bide-urratzailea

'Gringo viejo' eta 'La muerte de Artemio Cruz' dira literaturari utzitako bi lan ezagunenetakoak

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Carlos Fuentes idazle mexikarra hil da. Gaztelaniazko literaturak eman duen idazlerik oparoenetako bat; besteak beste, La muerte de Artemio Cruz eta Gringo viejo nobelen egilea. 83 urte zituela hil da, Mexikon. Azken egunak ondo igaro ditu, eta, Mexikoko Kultura Ministerioaren arabera, oraindik ez dago jakiterik zerk eragin duen Fuentesen heriotza.

Panaman jaio zen, 1928an, haren aita Rafael Fuentes diplomatikoa izanda, harekin mundu osoan barrena ibiltzeko aukera izan zuen. Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta literaturarako zaletasuna oso txikitatik errotua zuen. Diplomazia eta literatur lanak uztartu bazituen ere, literaturaren alde lerratu eta hainbat ikerketa egin zituen. Princetongo Unibertsitatean (AEBetan) literaturako katedraduna izan zen, eta gaztelaniazko eta literatura konparatiboari buruzko eskolak ere eman zituen. Baita Columbian, Harvarden eta Pennsylvanian ere.

Haren izena nazioartean ezagutzera eman zuen lana Terra Nostra izan zen, 1977an. Latinoamerikako literaturaren eta munduaren arteko zubi lana egin zuen, hango literatura modu berria nazioartean ezagun eginda.

Ikuspegi kritikoa

Bere herria eta zibilizazioa ikuspegi kritikotik aztertzeko ahalegina egin du bere literatur lanetan, munduarekiko ikuspegi kritiko batekin. Gogoetara bultzatzen ahalegintzen da collage, erreferentzia, analogia eta ziten bitartez.

Zinemazale amorratua zen, eta genero horretan ere ausartu zen. Las dos Elenas, Un alma pura, El gallo de oro eta Pedro Páramo filmeen gidoiak bereak dira, besteak beste.

Sari ugari jaso zituen bere ibilbide oparoan, bai bere herrian, bai nazioartean. Besteak beste, Asturiasko Printzea saria (1994) eta Cervantes saria (1987), Frantziako eta Brasilgo Letretako Akademiaren latinotasunaren sariak (1998) eta Cristobal Gabarron fundazioaren nazioarteko letren saria (2911) jaso zituen, beste askoren artean.

Gaztelaniazko literaturan utzi duen itzal luzearen isla dira haren lana goraipatuz izan diren erreakzio andana: Carme Riera, Luis Goytisolo eta Jose Manuel Blecuarenak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.