Aitzindari engaiatua

Antton Ezeiza zinema zuzendari eta gidoilaria zendu da bart, gaixotasun larri baten ondorioz, 76 urterekinEuskarazko zinemaren bultzatzaileetako bat izan zen 70eko eta 80ko hamarkadetan

Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Ama Lur sariarekin omendu zuen Ezeiza, 2003an. Irudian, saria jaso aurreko egunean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Antton Ezeiza zinemagile eta gidoilaria hil zen atzo (Donostia, 1935), gaixotasun larri baten ondorioz. Euskarazko zinemaren sustatzaile eta aitzindarietako bat izan zen, 70eko hamarkada amaieran eta 80ko hamarkada hasieran batik bat. Azken agurra bihar goizean emango diote, 10:15ean, Polloeko errausketa gelan, Donostian.

Gaztetatik erakarri zuen zinema munduak. 50eko hamarkadan zinekluben mugimenduan parte hartzen eman zituen lehen pausoak. Donostia inguruan lehenik, Madrilgo Zinema Eskolara joan zen arte. Han ezagutu zuen Elias Kerejeta zinemagilea, eta harekin hasi zen lehen film laburrak zuzentzen; A través de San Sebastián lana (1960) tarteko. «Desastre hutsa izan zen. Cannesen Urrezko Palma irabazi eta aberastu egingo ginela pentsatzen genuen, eta hurrengo egunean debekatu egin zuten». Hala gogoratu zituen hasiera hartan izandako gorabeherak BERRIAn 2003an. Kerejetak ekoitzitako lau lan zuzendu zituen Espainian, hamarkada hartan sortzen ari zen zinema berriaren barruan.1973an, baina, Mexikora alde egin zuen, arrazoi politikoak zirela medio. Han ere jardun zuen zinemaren inguruan lanean, eta Latinoamerikako askatasunerako mugimenduko kideekin izandako harremanek gehiago indartu zuten haren ikuspegi iraultzaile eta abertzalea. Mina, viento de libertad (1976) eta El complot mongol (1977) filmak zuzendu zituen Mexikon zela. Madril eta Mexiko arteko aro hura hala zuen gogoan 1987an Argia-n: «Etapa horren koherentzia filmaren ezaugarrietan dago: luzeak, fikziozkoak, akziozkoak...».

Mexikotik Donostiara

Behin amnistia emanda, Euskal Herrira itzuli zen 1977an, beste aro bat hastera. «Izugarrizko aldarrikapena egiten ari zen euskarazko zinemaren alde». Ezeiza ere gogotsu jarri zen lanean:Bertan Filmeak ekoizpen etxea sortu, eta Ikuska dokumental sorta (1978-1984) ekoitzi zuen, guztia euskaraz. «Nire 77ko analisian, nire burua ezindutzat jotzen nuen, euskara bezalako tresna baliotsua falta zaidalako, eta oinarriak sortuz joateko Ikuska proiektua sortu zen», zioen Ezeizak garai haiek gogoratuz. Koldo Izagirrek gidatuta, Juanba Berasategi eta Iñaki Eizmendirekin aritu zen lanean; bultzada izan zen euskarazko zinemarentzat: «Eskola praktikoa izan zen, borondate onarekin hogei lan egin zirelako euskaraz». Tartean ziren Xabier Elorriaga, Montxo Armendariz eta Imanol Uribe ere. Bilduma osoa Ezeizak ekoitzi zuen; zuzendu zituen lanen artean, berriz, Erreferenduma (1979), Artzainak (1982), Donibane Lohitzun (1983), Bertsolariak (1984) eta Ikuska-ren hogeigarren alea (1984) daude.

Euskaran eta ideologia abertzalean zuten oinarria lan horiek, ordea, garai hartako euskal zinemagintzaren barruan arrakasta izaten ari ziren bestelako filmekin lehiatu behar izan zuten. Eusko Jaurlaritzaren jarduna ez zitzaien lagungarria izan, Ezeizak BERRIAri azaldu zionez: «Ezinezkoa da kultura nazionala egitea proiektu nazionala ez baduzu. Nik uste nuen gobernu autonomiko batek lan hori egin behar zuela eta euskarazko filmak lagundu behar zituela. Baina irizpide administratiboak gailendu ziren kulturalak barik». Ezeizak, hala ere, 80ko hamarkadako hasierako urteetan ere tinko jarraitu zien bere ideia eta asmoei. Ikus-entzunezkoak alde batera utzi gabe,Reflexiones para un debate sobre el cine vasco (Euskal zinemaz eztabaida baterako hausnarketak) artikulua argitaratu zuen 1985ean, Lankide Aurrezkiaren Euskal Entziklopedian. Euskal zinema definitzeko funtsezko elementuak aztertu zituen; horretan, euskal zinemak «zinema euskalduna» izan behar zuela berretsi zuen. Lau urtera izan zuen bere ideiak film bihurtzeko aukera: Luis Goiak ekoitzitako Ke arteko egunak filma zuzendu zuen. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian parte hartu zuen euskarazko lehen filma izan zen, eta han Donostia Saria eskuratu zuen. «Nik uste dut jendeak bat egin zuela filmarekin, Euskal Herriari oso lotuta zegoelako».

Gaiak berak, ordea, hautsak harrotu zituen askoren artean, eta ideia abertzaleak zirela eta, politikoki epaitu zuten filma, zinemagintzatik begiratu beharrean. Film horretan, Mexikon urteak eman dituen euskaldun bat Donostiara itzultzen da. Oso bestelako mundu bat aurkitzen du, gaztaroan ezagutu zuen hartatik oso ezberdina, eta ez du lortzen gizarteratzea. Garai hartan baziren euskal gatazkak eragiten zuen oinazearen inguruko lanak, hala nola Javier Rebolloren Golfo de Vizcaya (1985),Ana Diezen Ander eta Yul (1988), Ernesto Telleriaren Eskorpion (1989) eta Juan Ortuosteren El mar es azul (1989).

Ibilbidearen saria

Gaia lantzeko moduak, ordea, ez zuen aurrekaririk. «Ez du ideologia zehatzik, baina bai saiatzen dela beste aldean dagoen jendeak sentitzen duena islatzen, barrikaden atzean dagoen jendeak. Ez badu bakeari deitzeko balio, balio dezala gutxienez sufritzea zein txarra den salatzeko», azaldu zuen Ezeizak filma Madrilen aurkeztu zutenean.1995ean Felicidades, Tovarich lan luzea zuzendu zuen,abertzaletasunaren inguruan ordura arte aldeztu zuen tesitik aparte.

Bere ibilbidean egindako lanak ere lortu zuen saririk. 1961ean Espainiako gidoigile elkartearen saria jaso zuen, eta1967an Cannesko Urrezko Palma lortzeko hautagaia izan zen, Último encuentro filmarekin. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiak Ama Lur saria eman zion 2003an, ibilbide osoko sari gisa. Urteetan lan egin zuen Zinemaldian, koordinatzaile eta filmen hautatzaile gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.