Joan zen astean Tolosan jasotako belarrondokoak mazela ederki berotu dio Baionari. Okzitanian 40-3 galdu ondoren, kritika ugari jaso du taldeak. Top 14a luzea eta gogorra izanen dela erran du Christian Lanta kirol zuzendariak. Gogortasun horretan, etxean izanen du hurrengo hitzordua, gaur, Perpinya Kataluniako taldearen aurka. Tolosakoa burutik kentzeko eta orain bi aste erakutsi zuen itxura ederrari berriz lotzeko aukera da gaurkoa. Argi gelditu da Baionak ez duela mailarik Top 14an punta-puntan egoteko. Clermont, Toulon eta Tolosa beste mundu batean daude. Haien gibeletik, ordea, oreka handia dago.
Talde guztiaren barkamen eskaera baino zerbait gehiago izanen da gaurkoa. Izan ere, Perpinya aurkari zuzena da Top 14ko bigarren txapelketa horren barnean: «Heineken Kopako postuetara hurbildu nahian elkarrekin borrokan gabiltza Stade Français, Perpinya, Miarritze eta gu. Denek dugu begien bistan atea, eta ate hori ireki nahi dugu guztiok», adierazi du, asteon, Guillaume Bernad hirugarren lerroak. Gaur itzuliko da zelaietara.
Liga inoiz baino estuagoa izango den itxura dauka Top 14ak. Fitxaketa onak egin dituzte talde guztiek; denek indartu dute jokalari multzoa. Multzo horretan dago Perpinya ere. Camille Lopez zuberotarra izan da fitxaketa nagusia. Mauleko gazteak maila bikaina eman zuen aurreko denboraldian, eta Frantziako selekzioko ateak ireki zizkioten ordainetan. Katalunian hazten segitu nahi du. Nicolas Durand, berriz, taldera itzuli da; orain urte batzuk taldeko izarra izan zen, Toulonen gutxi jokatu ondotik. Vahaamahina eta Taofifenua anaia gazteek ere grina berezia emanen diote Perpinyari.
Baionari dagokionez, Oyonnaxen aurkako irudia berreskuratzea da lehentasuna. Hiru aldaketa eginen dituzte entrenatzaileek: Senekalek Boutatyren lekua hartuko du; Marmouyet zigortuta dago, eta Haare ariko da haren ordez; uztartze erdian, berriz, Mike Philips ariko da. Top 14a, Galeseko selekzioa, lehoi britaniarrak... Sasoi luzea izan zuen aurreko denboraldian, baina gogotsu dago, «Heineken Kopa jokatzeko asmoz». Horretarako, ordea, Perpinyari irabazi beharko dio, gaur, Baionak.
BAIONA-PERPINYA
Baiona. Iginiz (kap.), Roumieu, Tialata; Senekal, Fa'aoso; Monribot, Fonua, Haare; Philips, Brett; O' Connor, Lovobalavu, Rokocoko, Bustos Moyano; Spedding.
Perpinya. S. Taofifenua, Terrain, Jgenti; R. Taofifenua, Vahaamahina; Guiry (kap.), Narraway, Strokosch; Durand, Lopez; Benvenutti, Mafy, Marty, Mjekevu; Hook.
Epailea. Sebastien Minery.
Lekua. Jean Dauger (17.000 ikusle).
Ordua. 20:30.
Barkamen eske etxean
Tolosaren aurka astindua jaso ondoren, Baionak beste itxura bat emanez irabazi nahi dio gaur Perpinyari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu