Topa egiten lehenak

Europako hauteskundeekin batera egin dira udal bozak Ingalaterran, eta UKIP alderdi populistak emaitza ikusgarriak lortu dituHerbehereetan, espero zena baino babes txikiagoa izan du PVV eskuin muturrekoak

Nigel Farage UKIPeko buruzagia, South Ockendon herriko taberna batean, bere alderdiaren emaitza bikainak ospatzen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Ion Orzaiz.
2014ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Garaipena ospatu du UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Alderdiak. Ez Europako bozetan lortutakoa —emaitza horiek ez baitira igande gauera arte argitaratuko—, Ingalaterrako udal bozetakoa baizik. Behin-behineko boto zenbaketaren arabera, Nigel Farageren alderdi populista eta xenofoboak ez du alkatetzarik lortu, baina irabazletzat jo du bere burua berdin-berdin, hiru arrazoi nagusirengatik: batetik, Erresuma Batuan gehien hazi den indar politikoa izan delako; bestetik, hazkunde hori gainontzeko alderdien lepotik izan delako; eta azkenik, udal bozetako emaitzak Europako hauteskundeen aurreikuspen gisa uler daitezkeelako.

UKIPek «lurrikara politikoa» eraginen zuela esan zuen Faragek kanpainan. Eta hala izan da: 2009an, hutsaren hurrengoa zen; atzo, 150 zinegotzi eskuratu zituen gutxienez. Garaipen horren eraginak, gainera, udalerriak gainditzen ditu, Erresuma Batuko sistema politiko osoa goitik behera irauli baitu.

Urte luzez, bi edo hiru alderdik txandakatu dute boterea. Hemendik aurrera, baina, lauren artean banatu beharko dute pastela, euroeszeptikoek berezko tokia hartu baitute Erresuma Batuko politikan, kontserbadoreen, laboristen eta liberal-demokraten kaltetan. «2015eko hauteskunde orokorretan kontuan hartu beharreko arerioa izanen garela erakutsi dugu. Westminsterko oilategian sartu berri den azeria da UKIP», esan zuen Faragek, atzo.

Errealitate berri horrek arrakala sakonak eragin ditu gainontzeko alderdien barruan. Laboristak izan dira udal hauteskundeetan boto gehien jaso dituztenak, eta 2010eko emaitzak hobetzea lortu dute, baina ez dute asmatu kontserbadoreen eta liberal-demokraten gainbehera baliatzen, eta ondorioz, aurreikuspenetatik urrun gelditu dira. Horrek kolokan jar dezake Ed Milibanden lidergoa, Erresuma Batuko hauteskunde orokorretarako urtebete falta dela. «Emaitzak ez dira guk espero genituenak», laburbildu du Ed Balls ordezkari laboristak, eta «gogorrago lan egiteko» deia egin die bere alderdikideei. Milibandek, berriz, ez du autokritikarik egin eta erdipurdiko emaitzen atzean «ekonomiaren egoera txarra» dagoela esan du.

Hala ere, gobernuan diren bi alderdiek jaso dute kolpe latzena: David Cameron lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak atzera egin du nabarmen, 2010eko udal bozetan lortutako alkatetzen herena galdu baitu. Nick Cleggen liberal-demokratek, berriz, behea jo dute barruti gehienetan, zinegotzien %40 galdu dituzte eta, hainbat udalerritan, mapa politikotik desagertzeko zorian izan dira. «Politikaren kontrako sentimendua gailendu da gaurko bozetan», ondorioztatu du Cleggek.

BBC telebista kateak egindako ikerketa baten arabera, Ingalaterrako udal bozetako emaitzak Erresuma Batuko eskualde guztietara proiektatuko balira, laboristek botoen %31 lortuko lituzkete, kontserbadoreek %29, UKIPek %17 eta liberal-demokratek %13. Hala ere, Europako legebiltzarrerako bozetan, are arrakasta handiagoa espero dute eskuin muturreko populistek: bozkalekuetan bertan egindako inkestek diotenez, UKIP izanen da lehen indar politikoa, laboristekin lehia estuan, eta egungo gobernu koalizioa atzean utzita.

Ikusteko dago, ordea, eskuin muturreko populisten goraldia Europako gainontzeko herrialdeetara hedatzen den. Erresuma Batuan bezala, atzo eman zuten botoa Herbehereetan ere, baina inkesten arabera, Geert Wildersen PVV alderdi euroeszeptiko eta xenofoboa aurreikuspenetatik urrun gelditu da. Oso urrun.

Europazaleak garaile

Europako hauteskundeen emaitza ofizialak igandean emanen dituzten arren, Ipsos ikerketa etxeak bozkalekuetan egindako inkestek garaipen garbia aurreikusten dute Herbehereetako alderdi europazaleentzat.

Ikerketaren arabera, zentro-eskuineko CDA Alderdi Kristau-Demokratak eta D66 alderdi demokrata-liberalak emaitza bertsuak izanen dituzte igande gaueko boto-zenbaketan: lau diputatu lortuko ditu alderdi bakoitzak. Horien atzetik geldituko litzateke Mark Rutte egungo lehen ministroaren VVD Alderdi Liberala, hiru hautetsirekin.

Geert Wildersen alderdi euroeszeptikoa, berriz, laugarren indar politikoa izanen litzateke, botopaperen %12,6ekin, eta eurodiputatu bat galduko luke —gaur egun, lau dauzka—. Aurreko asteetan egindako inkesta gehienek garaipena ematen zioten PVVri, baina zenbait analisten ustez, abstentzio handiak kalte egin die eskuin muturreko populistei, parte hartzea %37 izan baita, Ipsos etxearen arabera.

«Herbehereek Europaren aldeko apustu irmoa egin dute», aldarrikatu du D66 alderdiko buru Alexander Pechtoldek, datuak argitaratu eta berehala. Aldiz, PVVko buruek ez dute adierazpenik egin nahi izan.

Sinn Feinen goranzko joera

Irlandan ere atzo egin zituzten Europako legebiltzarrerako hauteskundeak, eta egunean bertan egindako inkestek bi faktore nabarmendu zituzten: batetik, irlandarrek Bruselarekiko adierazi duten interesik eza; bestetik, Sinn Fein alderdi errepublikanoaren goranzko joera nabarmena.

Adituen arabera, Fine Gael alderdi kontserbadoreak eta laboristek osaturiko gobernu koalizioak muturrekoa jasoko du igandeko boto zenbaketan. 2010ean EB Europako Batasunak ezarritako doikuntza neurriak eta murrizketak itsu-itsuan betetzeagatik jasotako zigorra izanen da.

Kontserbadoreen eta laboristen kontrako ibilbidea eginen du Sinn Fein alderdi independentistak. Hiru eurodiputatu lor ditzake hauteskunde hauetan —gaur egun, ez du ordezkaritzarik Irlandako Errepublikatik, eta diputatu bakarra du Ipar Irlandatik: Martina Anderson—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.