Rana Plaza eraikinaren hondakinak kentzen ari dira egunotan Bangladesheko hiriburuko larrialdi zerbitzuak. Asteak daramatzate burdinazko habeen eta hormigoi txintxorren artetik gorpuak ateratzen, eta atzo arte, bizirik egon zitezkeen pertsonak erreskatatzeko esperantzarik ezzuten boluntarioek. Ostiralean, alta, argi izpi fin batek zeharkatu zuen hondamendiaren iluntasuna. Aiene ahul bat besterik ez zen. Hondeamakina eta mailuen artean apenas aditu zitekeen murmurioa. «Salba nazazue, arren». Eraikinaren bigarren solairuko hormigoi bloke bat apurtzear ziren erreskate taldeak, hori entzun zutenean. «Oihu egin genuen, beti bezala, baina, oraingoan, norbaitek erantzun zigun. Emakume baten ahotsa zen», azaldu zuen boluntarioetako batek. Nola deitzen zen galdetu zioten. «Reshma», hark.
Zauri larririk ez zuela esan zien emakumeak, eta larrialdi zerbitzuetako kideak lanean hasi ziren, harengana iristeko. Prozesu mantsoa izan zen, Reshmari zauririk ez eragiteko makina astunak baztertu behar izan baitzituzten. Bidea ireki zutenean, ura eta galletak eman zizkioten. Harrituta zeuden erreskate taldekoak. «Burdinazko habe baten eta hormigoizko zutabe baten arteko hutsunean aurkitu dugu. Gezurra badirudi ere, ongi dago, pairatu duena kontuan izanda. Seguraski, eraikineko sua itzaltzeko ponpatu genuen ura edango zuen, eta horrek mantendu du bizirik», adierazi zuen suhiltzaileetako buru Ahmed Alik.
Ia 40 minutuko operazioaren ostean, emakumea ateratzea lortu zuten, han zeudenen txalo artean. Guztira, 408 ordu eman zituen hondakinen artean harrapaturik, ezbeharra gertatu zenetik hamazazpi egunera erreskatatu baitzuten. «Beharginen ahotsak entzuten nituen egunero. Nik zarata egiten nuen, baina inork ez zituen nire deiadarrak entzun. Hamabost egunez, eskura nituen jaki idorrez elikatu nintzen. Gero, eraikinean pilatutako ura edan nuen bakarrik», azaldu zion Reshmak Dhakako telebista kate bati. Hark, gutxienez, sufritutako guztia kontatzeko aukera dauka, istripuan hildako 1.027 lagunek ez bezala.
Datozen egunetan, hilotz gehiago aterako dituztela uste dute lanetako arduradunek. «Eraikina erortzen hasi zenean, langileek pentsatu zuten seguruago egongo zirela beheko solairuetan, eskaileren azpian. Orain, zementozko bloke bat mugitzen dugun bakoitzean, gorpu multzoa topatzen dugu behean», adierazi zuen atzo Siddiqul Alam armadako generalak.
Asko izan dira zaurituak ere. 2.437 pertsona, Bangladesheko osasun zerbitzuek argitaratutako azken datuen arabera. Horien artean, 1.000 izan ziren larri zaurituak. Besoak edo hankak moztu zizkieten dozenaka laguni, hondakin artetik atera ahal izateko.
Zapalkuntza ere, azalera
Lau ehungintza fabrika biltzen zituen Dhaka hiriburutik gertu zegoen Rana Plaza eraikinak. Bederatzi solairu zituen, eta 3.122 lagun ari ziren lanean apirilaren 24an, eraikina behera erori zenean. Emakumeak, gehienak.
New Wave Style, Ether Tex, Phantom eta Brac Bank ziren ehungintza enpresen izenak. Ezagunagoak dira, alta, fabrika horien bezero nagusiak: Benetton, Primark, Mango, Inditex, El Corte Ingles eta Disney, besteak beste. Istripuarekin zerikusirik izan ez dutela nabarmendu dute askok; beste batzuek laguntza eskaini diete kaltetutako langileei eta euren familiei, enpresaren izen ona gorde nahian. Bakan batzuek —Disney, kasu— Bangladeshetik alde egitea erabaki dute.
Izan ere, gorpuekin batera, ehungintza sektoreko langileen errealitate gordina ere azalera atera da hondakinen azpitik. Eta multinazionalen benetako aurpegia agerian utzi du horrek: lan baldintza negargarriak, haurren esplotazioa, itzalpeko esklabutza, agintarien ustelkeria eta abar.
Jeans pare batek edo alkandora batek dendan balio dutena baino gutxiago jasotzen dute Dhakako beharginek. Gutxieneko soldata munduko baxuena da han (29 euro hilean); hori dela eta, Txinan zituzten faktoriak itxi eta Bangladeshera mugitu ziren ehungintza sektoreko multinazional asko. Ordutik, esklabotza egoeran bizi dira langile gehienak: eskubiderik batere gabe, miseria gorrian eta lan baldintza kaskarretan, Rana Plaza eraikina behera erortzeak agerian utzi zuenez.
Bangladesheko ehungintzaren sektorea 15.000 milioi euroko negozioa da. Lau milioi lagun ari dira esparru horretan lanean, eta herrialdeko ekonomiaren oinarri nagusia da. Esportazioen %70 eta barne produktu gordinaren %17 ehungintzari zor dizkio Bangladeshek. Horregatik, oso zaila da sektorean erroturik dagoen ustelkeria erauztea.
Gobernuaren neurriak
Apirilaren 24ko ezbeharraren ostean, Bangladesheko Gobernuak ezin izan zuen ezikusi egin. Eraikinaren jabe Mohammed Sohel Rana enpresaburua atxilotu zuten, eta harekin batera, baita lau fabriken jabeak eta bi udal teknikari ere. Behin-behineko espetxealdia ezarri diete guztiei, ikerketa lanak amaitu bitartean, eta, horren ostean, axolagabekeriagatik eta langileak lan egitera behartzeagatik epaituko dituztela iragarri dute.
Horrez gainera, hemezortzi ehungintza fabrika ere itxi ditu gobernuak aste honetan (hamasei Dhakan, eta bi Chittagongen), ustez, horietan ez zirelako segurtasun baldintzak betetzen. Batzuk zabalik dira berriz ere, kontrolak egin ostean.
Argi izpi bat hondakinen artean
Bangladesheko fabrika eraikin bat erori eta hamazazpi egunera, bizirik atera dute emakume bat hondakinen artetikMila hildako eragin zituen istripuak agerian utzi du multinazionaletako lan zapalketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu