Hamid Karzai Afganistango presidenteak 24 orduren buruan kolpe bat eman du mahai gainean. Qatarrera talibanekin negoziatzera ordezkaritza bat bidaliko zuela iragarri eta ez zuela paratuko «aurretiko baldintzarik» adierazi ondoren, elkarrizketetan ez duela parte hartuko erran du «atzerriko indarrek» prozesuaren zuzendaritza Afganistango Gobernuari utzi ezean. Eta, presio egiteko, bertan behera utzi ditu AEBekin segurtasunerako akordio bat egiteko negoziazioak. Washingtonen «ekintzen eta adierazpenen artean dagoen aldea» aipatu du Afganistango presidenteak arrazoitzat.
Talibanek ez dute Afganistango Gobernua onartzen —«txotxongilo» deitu izan diote Karzairi—, eta elkarrizketak zuzenean AEBekin egitea exijitu izan dute. Karzaik bere rola aldarrikatu nahi izan du adierazpen horrekin, eta AEBekiko independentzia islatu. «Bakearen Kontseilu Gorenak [Afganistango Gobernuaren ordezkariek] ez du Qatarreko elkarrizketetan parte hartuko talibanekin, prozesua afganiartu ezean», adierazi du. Barack Obama AEBetako presidentea Berlindik mintzatu da Karzairen adierazpenei buruz. Larritasuna kendu nahian, «desadostasunak» egotea espero zuela erran du. «Azkenean afganiarrak afganiarrekin solasean ikusiko ditugu, aitzinera nola egin eta indarkeria zikloa nola bukatu dezaketen eztabaidatzeko».
Etxe Zuriak herenegun jakinarazi zuen talibanekin zuzenean hasiko zituela elkarrizketak. Zehaztu zuen elkarrizketak «afganiarren artean» izanen direla, eta AEBek «soilik lagundu» eginen dutela. Hasteko, ordea, Dohan egitekoa den lehenbiziko bileranAEBetako ordezkariak eta talibanak bakarrik dira elkartzekoak, eta Afganistango iturrien arabera, Karzairi ez zioten ofizialki horren berririk eman.
24 orduren buruan erantzuna egokitu eta gogortu du Afganistango presidenteak. Hasiera batean, AEBen iragarpena erantzun positibotzat jo zuen, eta Qatarrera ordezkaritza bat bidaliko zuela iragarri. Hala ere, elkarrizketak lehenbailehen Afganistanera eramatea paratu zuen baldintzatzat. AEBek bezala, Karzaik talibanei exijitu zien konstituzioa errespetatzeko —Washingtonek enfasi berezia paratu zion, gainera, Al-Qaedarekiko loturak mozteari—, eta hauteskundeetan parte hartzeko «ongi etorriak» izanen zirela erran zien. Atzo, ordea, adierazi zuen matxinoek Dohan bulegoa ireki izana ere gaizki iruditu zaiola. «Erabat kontraerranean dago AEBek Afganistani emandako bermeekin». Karzairen bozeramaile Aimal Faizik erran duenez, bulegoaren izena ere ez zaie gustatu, talibanek Afganistango Emirerri Islamikoa deitu baitiote —agindu zutenean estatuari paratu zioten izena—. «Halako gauzarik ez da existitzen», erran du Faizik. Bulegoaren auzian, Afganistango Parlamentuak ere babesa eman dio Karzairi, baina Bakearen Kontseilu Goreneko kideek «pauso handia» izan dela erran dute «elkarrizketak bizkortzeko».
Segurtasuna, presiorako
Presio egiteko, Karzaik segurtasun akordiorako negoziazioak etetea erabaki du. 2014an nazioarteko tropak erretiratuko direla eta, Washingtonek eta Kabulek akordio bat lantzen hasi ziren, laguntza militarra bermatzeko; izan ere, zalantza handiak daude nazioarteko tropek alde egitean gobernua gai izanen ote litzatekeen bere kasa talibanei eusteko. Herenegundik, Afganistango Poliziaren eta armadaren esku daude herrialde osoko segurtasun eskumenak. Su-etenik, ordea, ez dago agendan. Herenegun arratsean, AEBetako lau soldadu hil zituzten Bagrameko basean, koheteen bidez egindako erasoan.
Karzaik ez du elkarrizketan parte hartuko, Afganistanek prozesua zuzendu ezean
Talibanekin zuzenean mintzatzea exijitu du presidenteak, eta AEBak kritikatu ditu negoziazioen zuzendaritza hartzeagatikKarzaik bertan behera utzi ditu AEBekin segurtasun akordioa egiteko negoziazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu