Ukraina ekialdean operazio militarrari berriz ekin dio Kievek

Turtxinov presidenteak erasoaldiarekin berriz hastea erabaki du, Batkivstxinako ordezkari bat hilda agertu dela argudiatutaMoskuk Kievi exijitu dio operazioa berriz abiatzeko agindua bertan behera uzteko

Ukrainako soldadu bat Kieveko Borispil aireportua zaintzen, herenegun, Joe Biden AEBetako presidenteordea ailegatzekoa zelako. YUIY MAXIMOV / EFE.
mikel rodriguez
2014ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Donetsk iparraldeko Sloviansk hiritik gertu bi gorpu aurkitu zituzten atzo, «hil arte torturatuak», Oleksandr Turtxinov presidentearen arabera. Hildakoetako bat Donetsk eskualdean Batkivstxina (Aberria) alderdiaren ordezkaria zela erran du Turtxinovek. Horregatik, Ukraina ekialdean bertan behera utzitako «terrorismoaren aurkako operazioa» berriz hastea erabaki du presidenteak. «Donetsk eskualde osoa hartu duten terroristak oraingoan urrutiegi joan dira», adierazi du. Baina milizia errusiazaleei ez ezik, Errusiari berari egotzi dizkio bi hilketak, Turtxinoven arabera, Moskuren «erabateko babesarekin eta elkarlanarekin» gertatu baitira. Joe Biden AEBetako presidenteordearekin Kieven elkartu ondoren jakinarazi du erabaki hori.

Joan den ortzegunean Genevan Ukrainak, Errusiak, AEBek eta EB Europako Batasunak egindako akordioak ez du ondoriorik izan oraingoz, eta operazio militarra bertze atzerapauso bat litzateke. Kievek eta Moskuk elkarri egotzi diote akordioa ez errespetatzea, bakoitzak bere aldeko miliziei armak kentzeko deus egin ez dutela leporatuta. Talde errusiazaleek ere ez zuten Genevako akordioa onartu bertan ordezkaritzarik izan ez zutelako, eta eraikin ofizialak okupatzen eta hiriak eta errepideak patruilatzen segitu dute. Igandean tentsioa berriz areagotu zen, errusiazaleen kontrol postu baten aurkako erasoan hiru herritar hil zituztelako —atzo izanziren hileta jendetsuak, Sloviansken—. Kievek Genevako akordioaren aitzinetik ekialdean abiarazi zuen «terrorismoaren aurkako operazioak» eragin mugatua izan zuen; hala ere, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak exijitu dio berriz abiatzeko agindua bertan behera uzteko.

Hilik agertutako diputatua Vladimir Ribak dela adierazi du Turtxinovek. Presidentea bezala, Batkivstxinako kidea zen Ribak, Julia Timoxenko lehen ministro ohi eta presidentetzarako hautagaiaren alderdikoa. Donetskeko Horlivka hirian zinegotzia zen. Joan den asteburuan eman zuten haren desagertzearen berri. UNIAN agentziaren arabera, lekukoek jakinarazi zuten auto batean indarrez sartu zutela Ribak Horlivkan. Joan den ortzegunean, udaletxetik Donetskeko Herri Errepublikaren bandera kentzen saiatu zen zinegotzi nazionalista, eta istiluak sortu ziren horren ondorioz. Hilda agertutako bertze lagunaren daturik ez du eman Turtxinovek.

Arrautzak Timoxenkori

Donetsk eskualdearen eta Ukraina ekialdeko bertze zenbait eremuren kontrol eraginkorra galdu egin du Kieveko gobernuak. Kramatorsk hirian SBU Ukrainako Segurtasun Zerbitzuaren egoitza hartu zuten atzo Donetskeko Herri Errepublikako ekintzaileek, eta, Barne Ministerioaren arabera, egoitzaren arduradun nagusia atxiki zuten. Timoxenko bera, berriz, Donetsk eskualdeko gobernuaren egoitza husteko negoziazioetan parte hartzen saiatu zen atzo, baina jendetzak arrautzak jaurti zizkion eta irainka hartu zuten. Egoera nahasi horren erdian, ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko behatzaileek lortu zuten eraikina okupatzen ari diren ekintzaileekin hitz egitea. Elkarrizketak «baliagarriak» izan zirela adierazi zuen Mark Etherington behatzaileak. Horrez gain, Donetskeko alkatearekin eta Poliziako buruarekin ere elkartu ziren. «Eztabaidatu dugu baita ere elkarrizketaren eta tentsioa murrizteko beharra, eta indarkeria saihestekoa». ESLAri dagokio Genevan hitzartutakoa betetzen ari den behatzea.

Testuinguru horretan bukatu du Biden AEBetako presidenteordeak Ukrainara egindako bi eguneko bidaia. Turtxinov presidentearekin eta Arseni Jatseniuk lehen ministroarekin elkartu zen atzo. Bidenek erabateko babesa agertu dio Ukrainako Gobernuari, eta Errusiari leporatu dio gatazka eragitea. «Nahi duguna da Errusiak ez laguntzea herrialdearen ekialdean eraikin publikoez jabetzen den jende maskaradun eta uniformeduna». Baina babes adierazpenez gain, Bidenen bidaiak argi utzi du AEBek Ukrainako gatazkan daukaten parte hartze handia.

EBren eta Errusiaren arteko sokatira geopolitiko baten gisan hasi zen gatazka joan den urte bukaeran, baina otsaileko matxinadaz geroztik, Errusiaren aurkako sokaren aldean AEBak dira indar gehienez tiraka ari direnak. Bidenen bisitak bertze 50 milioi dolar (36,2 milioi euro) utziko ditu Kieveko agintarien esku, «erreforma politikoak eta ekonomikoak» egin ditzaten. Kopuru hori gehituko zaio joan den astean onartutako 1.000 milioi dolarreko kredituari (725 milioi euro).

Etxe Zuriaren dirua

Kopuru txikia Errusiak Ukrainari abenduan eskainitako 10.900 milioi euroren aldean, baina argi erakusten duena AEBak ahalegin betean ari direla Kievek ekialdera begiratzeari utzi eta mendebaldera lotu dadin. Victoria Nuland AEBen Europako Gaietarako idazkari laguntzaileak berak argitu du helburu hori nahi izan dutela Ukrainak independentzia lortuz geroztik (1991), 5.000 milioi dolarreko finantzaketarekin (3.625 milioi euro). «Diru hori erabili dugu babesteko Ukrainako herriak bere interesak ordezkatuko dituen gobernu indartsu eta demokratiko bat lortzeko helburua», adierazi dio CNN kateari.

Nulandek gauza bera aitortu zuen iazko abenduan, AEBak-Ukraina Fundazioak Washingtonen antolatutako jardunaldi batean. Abendu eta otsail artean Nuland hiru bider joan zen Kieveko Independentzia plazara Viktor Janukovitx presidentearen aurka matxinatu ziren manifestariei babesa agertzera, eta Internetera filtratutako elkarrizketa pribatu batean Etxe Zuriak Ukrainako oposizioko alderdiekin zeuzkan harremanak neurri batean agerian utzi zituen —«izorra dadila EB!» esaldi sonatua erran zuenekoan—. CNNk egindako elkarrizketan, ordea, ukatu egin du matxinada AEBek finantzatu zutela. «Bat-bateko mugimendu bat izan zen, gure ustez, deus ikustekorik ez duena Errusia Ukraina ekialdean egiten ari denarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.