Gerra zibila hasiko den beldur

Nahiz eta Hego Sudango Gobernuak estatu kolpea azpiratu zuela erran, borrokak hedatu, eta hiri bat hartu dute matxinoekGobernuak ukatu egin du gatazka dinka eta nuer bi etnia nagusien artekoa dela

Gerra zibila hasiko den beldur.
mikel rodriguez
2013ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Independentzia lortu zuenetik bi urte eta erdi ere igaro ez direla, gerra zibila lehertzeko beldurra hedatu da Hego Sudanen. Joan den igandean hasi ziren borrokak, eta biharamunean Salva Kiir presidenteak erran zuen estatu-kolpe saio bat azpiratu zutela. Ordena berrezarri zela esan zuen, baina borrokakez dira amaitu, hildakoak ehunka dira jada, eta matxinoek atzo hiri bat hartzea lortu zuten, Juba hiriburutik 150 kilometrora. Hego Sudango barne egoerak nazioartean ez ditu lerroburu anitz bete bi urte hauetan, eta krisia zerk eragin ote duen da munduan hedatu den galdera nagusia.

Kiir presidentearen eta Riek Machar presidenteorde ohiaren arteko botere borroka azaleratu da gatazka lehertzeko eragile gisa. Estatu kolpe bat zuzentzea egotzi zion Kiirrek Macharri, baina Macharrek ukatu egin du hori. «Salvak tranpa bat paratu nahi izan dit», adierazi dio Erresuma Batuko BBC kateari. «Ihes egin behar izan dut. Jazarka ari zaizkit». Macharren bertsioaren arabera, lehenbiziko istiluak presidentetzako guardien artean hasi ziren, eta Kiirrek hori baliatu du presidenteordearen aldekoen aurka jotzeko. Nahiz eta Macharrek konspirazio baten buruzagi izan dela ukatu, Kiirrek egindako elkarrizketa eskaintzari erantzun dio. «Berak alde egitea negoziatu nahi badu, ados gaude. Alde egin behar du, jada ezin duelako gure herriaren batasuna mantendu».

Botere borrokaren azalpena bi buruzagien ibilbideak indartzen du. Biek 1983an, Sudanen aurkako gerraren hasieran, bat egin zuten SPLM Sudango Herria Askatzeko Mugimenduarekin. John Garang buruzagiaren albokoa izan zen Kiir, Garangen heriotzara arte (2005). Orduan, buruzagitza politikoa eta militarra hartu zituen. Macharrek, berriz, 1991n SPLM utzi eta bertze talde bat sortu zuen. SPLA Sudango Herria Askatzeko Armadarekin (SPLMren adar militarrarekin) gatazka batean murgildu zen bere erakundea, eta 1997an Sudango Gobernuarekin bakea sinatu eta Omar al-Baxir presidentearen aholkulari ere bihurtu zen. 2002an, baina, SPLMra itzuli zen, eta 2005ean Hego Sudango gobernu autonomoko presidenteorde izendatu zuten. Independentziaren ondoren ere kargua mantendu zuen, Kiirrek joan den uztailean kendu arte. Macharrek «diktadore» izatea egotzi zion Kiirri.

Botere borrokaren gibelean, ordea, gatazka etnikoa aipatu da arrazoitzat. Independentziaren aitzinetik eta gero ere etengabeak izan dira etnien arteko gatazkak, indar handiagoarekin edo txikiagoarekin, Afrikako herrialde anitzetan bezala. Kiir dinka etnia nagusikoa da, eta Machar, berriz, nuer bigarren etniakoa. Nabarmendu den bertze pertsona boteretsu bat ere nuer etniakoa da: Peter Gadet jenerala. Biak nuer etniakoak izanda ere, ez dago argi Machar eta Gadet elkar hartuta dauden —Macharrek berak matxinadan buruzagitza erreal bat duen ere ez dago argi—. 1990eko hamarkadan hala izan ziren, SPLMtik atera zirenean. Gadet 2006an itzuli zen SPLAra, baina ez da inoiz erabat integratu. Haren agindupean dauden soldaduek hartu dute Bor hiria, Jubatik 150 kilometrora, Informazio Ministerioak baieztatu duenez. Eta hiri horren historia beltzari lotuta ageri da Machar, 1991n nuerrek 2.000 dinka fusilatu baitzituzten Borren. SPLMk Macharri egotzi zion erantzukizuna, eta hark sarraskiagatik barkamena eskatu zuen duela bi urte.

Petrolioaren interesa

Hala ere, gobernuak ukatu egin du etnien arteko gatazka bat sortu dela. Michael Makuei Informazio ministroaren arabera, Macharren laguntzaile direlakoan atxilotu dituztenen artean bakarra da nuerra. Sudango Tamazuj irratiaren arabera ere, Macharrekin bat egin dute bi buruzagi dinka nabarmenek: Rebecca Nyandeng De Mabior presidentearen aholkulari eta Garang SPLMren sortzailearen alargunak eta Sudango Atzerri ministro ohi batek. UNMISS Nazio Batuen Erakundeak Hego Sudanen duen misioak, ordea, «indarkeria etnikoa» geldiarazteko eskatu die alde guztiei. UNMISSek 7.000 soldadu dauzka, baina ez duela esku hartuko jakinarazi du.

Hala ere, ziur nazioarteko potentziek ez diotela gatazkari ez ikusiarena eginen, Hego Sudanek Afrika ekialdeko petrolio hobi emankorrenetakoak baitauzka. Horregatik, Sudanek hurbiletik jarraitzen du hegoaldeko bizilagunaren gatazka. Al-Baxirren oposizioko Kontsentsu Nazionalerako Indarrak jakinarazi du Jubara ordezkaritza bat bidaliko duela bitartekaritza lanerako. Sudan banatu zenean, petrolio hobi handienak hegoaldean gelditu ziren, baina Hego Sudanek ez dauka kostarik, eta Sudandik itsasoratu behar du petrolioa. Bi herrialdeek elkarren beharra dute, beraz. Hego Sudango Unity estatuak dauzka putzu aberatsenak, eta borrokak jada hedatu dira harat. Txinako CNPC petrolio konpainia nazionalaren arabera, berak ustiatutako hobi batetik hurbil hamasei lagun hil ziren atzo borroketan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.